Muay thai borrokaldi amateurra.

Muay Thai (thailandieraz: มวยไทย, Muai Thai, mūaj.tʰāj ahoskatua) edo thailandiar boxeoa, ostikadak eta ukabilkadak ematea onartzen duen kontaktu kirola da. Thailandian sortua, bertan ikur nazionala delarik[1], Indotxinako beste boxeoen antzekoa da, Kanbodiako Prodal, Malaysiako Tomoy, Myanmarreko Lethwei edo Laosko Muay Lao bezalakoa.

Muay Boran borroka-arte tradizionalean oinarritua da, eta nazioartean ospetsu bilakatu zen disziplina honetako borrokalariek beste borroka-arte maisuak menderatu zituztenean.[2]

Bere ezaugarririk garrantzitsuena ukondokaden eta belaunkaden erabilera da, honek beste borroka metodoetatik bereizten du eta gainera borroka estilokiko oso eraginkorra izatea dakar.

Muturreko kirol moduan sailkatzen da askotan, jardueraren gogortasuna dela eta. Aipatzekoa da Thailandian oso ospetsua dela, batez ere kirol apustuetan mugitzen dituen diru kopuru izugarriengatik. Hala eta guztiz ere, kirol hau mundu mailan famatu bihurtzeko arrazoia MMAan izandako erabilera izan da.

TerminologiaAldatu

Muay hitzak "borroka" esan nahi du thailandieraz, eta thai hitzak "thailandiar" esan nahi du ("pertsona libre" moduan ere itzuli izan da). Gainera, arte martzial bat denez hainbat mugimendurentzat terminologia berezia du:

  • Nak muay: muay thai praktikatzen duen pertsona
  • Nak muay farang: muay tahi praktikatzen duen pertsona atzerritarra
  • Kru Muay: muay thai trebatzailea
  • Wai Kru: agur tradizionala

HistoriaAldatu

Muturreko kirol honen jatorria Muay Boran izeneko arte martziala da, antzina thailandiar soldaduek ikasten zutena. Muay Thai-tik ezberdintzen duten ezaugarri nagusiak honakoak dira: kolpeak esku irekiarekin, dislokazioak eta eraisketen erabilera. Gainera, ez zen eskularru edo bestelako babesgarririk erabiltzen, nahiz eta, Muay Boran-a Muay Thai-a baino arriskutsuagoa izan. Gaur egun kirol hau debekatuta dago hainbat herrialdeetan, hala nola, AEBko hainbat eskualdeetan.

Muay Thaik izandako aldaketarik garrantzitsuena 1945an izan zen. Urte honetan aitzina erabiltzen ez ziren eskularruen derrigorrezko erabilera ezarri zen.

Historian zehar Muay Thai-a aldatuz joan da Thailandiako biztanleriaren borroka estilo garrantzitsuen bihurtuz. Bere garapena kirol moduan XX. Mendean hasi zen; mutilen kirol klaseetan irakasten baitzen. Europan ezagun egin zen I. Mundu Gerlan, thailandiar armada Frantziara joan zenean. Jeneral thailandiarrak soldaduen arteko borroka bat antolatu zuen eta frantses guztiak liluratuta geratu egin ziren. Geroztik, Muay Thai-a oso azkar hedatu zen Europan eta Ipar Amerikan.

Geroago, mende beraren amaieran kirol honen modernizazioak une gorena jo zuen bi gertakarirengatik. Alde batetik, 1993ean International Federation of Muaythai Amateur, edo IFMA sortu zen, eta bestetik, urte berean UFC sortu zen MMA konpainiarekin, non borroka estilo ikusienetakoa den. Maila handiko hainbat borrokalarik Muay Thai erabiltzen dute haien borrokaldietan, Jose Aldok, WEC txapeldunak adibidez Jose Aldo.

Bestalde, etorkizunera begira 2024 an Muay Thai-a kirol olinpiko izatea espero da. Izan ere, 135 federazio nazional eta 400.000 kirolari federatu dituen kirola da.

Ezaugarriak eta teknikakAldatu

Muay Thai kuadrilatero batean praktikatzen da, boxeoan erabiltzen denaren antzekoa da eta honetan bezala, bi izkina, sokak eta olana daude. Gaur egun, eskularruak, aho babeslea, iztondoko babeslea, hesgailuak eskuentzat eta praka motzak dira derrigorrezkoak. Gainera, zenbait kategoriatan tibiako babeslea ere erabiltzen da. Beste alde batetik, Muay Thai-aren tradizioari eutsiz, zenbait zinginarri erabiltzen dira:

  • Mongkhon: buruan eramaten den zinginarria
  • Prajead: besoetan eramaten den zinginarria
  • Pong Malai: lepoan eramaten den zinginarria

Tekniken artean, lehen esan bezala, ukabilkadak, ukondokadak, belaunkadak, ostikoak eta garondotik heltzea dira onartuta dauden kolpe motak.

Seguritate edo osasun aldetik, borroka lehiakide batek odol asko duen zauria baldin badu gelditzen da soilik. Kasu horretan borrokalariaren taldeko medikuak ez badio hemorragia berehala gelditzen bere arerioa izango da irabazle.

Wai Kru

Wai Kru deritzona kirol honen agur tradizionala da, eta borroka hasi baino lehen egiten da. Mugimendu honek maisuari eskainiriko guda dantza irudikatzen du. Dantza edo erritual hau borrokalariaren arbasoei eta maisuari eskerrak eta errespetua adierazteko egiten da.

Kuadrilateroan bi borrokalariak sartzen direnean, erlojuaren orratzen kontrako norabidean ibiltzen dira eta izkina bakoitzean beren eskuak elkartu eta burua makurtzen dute Budharen izenean.

ErreferentziakAldatu

  1. Colman, David. (2005-1-9). «It's Hand-to-Hand for a Keeper of Faces» New York Times.
  2. www.horizonmuaythai.com. (2007). The History of Muay Thai Boxing. .

Kanpo estekakAldatu