Mikel Martinez de Murgia
Mikel Martinez de Murgia Mendizabal, jaiotzako izen-deiturez Juan Miguel Martínez de Murguía Mendizabal[1] (Bilbo, Bizkaia, 1945eko azaroaren 5a - Lekeitio, Bizkaia, 1972ko irailaren 2a), Murgi, Mikelon eta El Rubio ezizenez ezaguna, etakidea izan zen.[2] Bera eta Benito Mujika Zumeta Guardia Zibilak hil zituen Lekeition, 1972an. Bi etakideak etxebizitza batean zeuden, Dendari kaleko 36.ean; eta, goizeko ordu txikietan, 200 bat guardia zibilek inguratu zituzten. Benito frankotiratzaile batek hil zuen; eta Mikel, aldiz, ate alboan laguntza eskatzen ari zela, tiroz josi zuten: hogei tiro baino gehiago jaso zituen gerriaren inguruan, guztiak atzealdetik.[3][4] 26 urte zituen.[oh 1][5][6][7] Tiroketa handia izan zen, eta iturri batzuen arabera guztira 40 tiro baino gehiago jaso zituen Mikelek.
Mikel Martinez de Murgia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1945eko azaroaren 5a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Lekeitio, 1972ko irailaren 2a (26 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Jarduerak | |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna |
Izengoitia(k) | Murgi, Mikelon eta El Rubio |
Bizitza
aldatuOso gaztetik hasi behar izan zuen lanean, aurrena baserrian eta gero Ezkerraldeko lantegietan; garai hartatik zetorkion langile klasearen partaide izatearen kontzientzia argia. Portugaleteko Nautikan ikasi zuen, eta Sopuertako Cotarros kalean bizi izan zen. Hiru urte zeramatzan sasian, eta sarritan ibili zen Ipar Euskal Herrian.
Ibilbide politikoa EGIn hasi zuen, baina gazte erakunde hura alboan utzita EGI Batasunean sartu zen. Geroago ETA V.aren langile adarrera sartu zen.
Poliziaren arabera, Derioko Banco Guipuzcoanoko lapurretan parte hartu zuen.
Heriotza
aldatu1972ko irailaren 2a izan zen azken eguna Martinez de Murgia eta Benito Mujika etakideentzat, diktadura frankistaren azken garaian. Lekeitioko Dendari kaleko 36.eko etxebizitza batean aurkitu zituzten Guardia Zibileko kideek. Guardia zibilek etxea inguratu zuten, Benito leihora atera zen eta tiro hilgarri bat eman zioten eztarrian. Mikelek negoziazio bat egin nahi izan zuen ikusleen aurrean jartzeko, jende asko bildu baitzen. Une horretan anbulantzia bat eskatu zuen bere lagunarentzat, oraindik arnasa hartzen baitzuen. «Atea irekiko dizuet, baina badakit hil egingo nauzuela», esan zuen Martinez de Murgiak. Atea irekitzean, hantxe exekutatu zuten.[8]
Hilketaren uneko kontakizun ofiziala eta 50 urte geroagoko aitortza ofiziala
aldatuHilketaren kontakizun ofiziala Bizkaiko Gobernu Zibilaren bulegoetan idatzi zen, eta egun horretan bertan iritsi zen erregimeneko hedabideetara. Txosten horren arabera, ETAko kideek «liskarra» izan zuten guardia zibilekin. Hala ere, inguruan zeudenek adierazi zuten bi etakideek ez zituztela armak erabili.[8]
«Gertakari horren inguruan zabaldutako bertsio ofizialak liskarraren teoria defendatzen zuen. Gertakarietan izan ziren herritarrek eta gorpuei egindako azterketa medikoaren emaitzek, aitzitik, teoria hori gezurtatzen zuten», nabarmendu du Estatu terrorismoaren biktimentzat justizia eskatzen duen Egiari Zor Fundazioak.[8]
«Hiltzaileen kontakizuna 50 urtez mantendu da», adierazi zuen Mikel Martinez de Murgiaren arrebak, 2022. urtean. Izan ere, diktaduraren amaierak ez zuen inolako ikerketarik ekarri auzitegietatik, Murgiren eta Xenkiren heriotzak inork ikusi ez zuen guardia zibilekiko ustezko tiroketan gertatu zirela mantendu baitzen. «Inoiz ezin izan dugu kasuaren dokumentazioa eskuratu», adierazi zuen Mikelen arrebak.[8]
Izan ere, kontakizun ofizialaren aldaketa 2022an heldu zen. «Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko» legearen babesean Eusko Jaurlaritzak sortutako Balorazio Batzordeak ebazpen bat eman zuen, Mujika eta Martinez de Murgia «exekuzio arbitrarioaren biktima» gisa aitortzeko. Hildako gazteen senideek bultzatu zuten prozedura, Egiari Zor Fundazioaren laguntzarekin.[8]
Iruditegia
aldatu-
Mikelek Lekeitioko neska laguna zuen, eta neskaren sendiak ipini zuen oroitarria Mikel erail eta gutxira.
-
Lekeition hil eta gutxira, Mikel de Murgiaren neska lagunaren senideek bere oroitarria ipini zuten sendiko panteoian, herriko hilerrian. Atzean, neska lagunaren sendiaren panteoia.
Oharrak
aldatu- ↑ iturri batzueten 1945eko urtarrilaren 5ean jaio zela agertu zen eta ondorioz okerra bada ere leku askotan zabaldu zen, 27 urte zituela erail zutenean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ https://books.google.es/books?id=KPzNDQAAQBAJ&pg=PT952&lpg=PT952&dq=miguel+Martinez+de+Murguia+1972&source=bl&ots=3uzsuLyxMA&sig=ACfU3U3n6v1wG4HIyeFoAU4d8--yEX3vCQ&hl=es&sa=X&ved=2ahUKEwiA_6eLv6X5AhUT-BoKHZjMBW4Q6AF6BAgYEAM#v=onepage&q=miguel%20Martinez%20de%20Murguia%201972&f=false
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/en/martinez-de-murguia-mikel/ar-92960/
- ↑ https://www.facebook.com/164340556916217/posts/2350071925009725/
- ↑ https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20100913/220230/es/Dia/de/gansos/
- ↑ https://barakaldotarrak.blogspot.com/2016/09/
- ↑ https://www.lahaine.org/est_espanol.php/las-victimas-invisibles-terrorismo-de-1
- ↑ https://josemariblog.blogspot.com/2014/08/listado-de-gudaris-muertos-de.html
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Albin, Danilo. (2022-09-01). «El Estado garantizó la impunidad de los guardias civiles franquistas que ejecutaron a dos jóvenes en Lekeitio» Público (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).