Malagako Erdigune Historikoa

Malagako Erdigune Historikoa Andaluziako hiriburuetako bat den Málagako Centro barrutiko auzo bat da, baita Interes Kulturaleko Ondare izendatutako multzo historiko-artistiko bat ere.

Malagako Erdigune Historikoa
Centro Histórico de Málaga
hirigune historikoa
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
ProbintziaMálagako probintzia
UdalerriaMálaga
Jatorrizko izenaCentro Histórico de Málaga
Geografia
Koordenatuak36°43′15″N 4°25′16″W / 36.72077°N 4.42104°W / 36.72077; -4.42104
Map
Demografia

Erdigune Historikoa auzoak hiriaren alde zaharra hartzen da, gutxi gora-behera, antzina nazariar harresi defentsiboen inguruaren barnean geratzen zen zatia. Malagako udalaren auzo mugaketaren arabera, iparraldean Carretería, Álamos eta Mundo Nuevo kaleek eta Plaza de la Mercedek, La Goleta, San Felipe Neri, La Merced eta La Victoria auzoetatik banatzen dute, mendebaldean Guadalmedina ibaiak, Perchel Norte eta Polígono Alamedatik banatzen dutena, hegoaldean Alameda Principal eta Cervantesen Etorbideak, Ensanche Herediagandik banatzen dutena, eta, ekialdean, Gibralfaro mendiarekin muga egiten du. 48,28 hektareako azalera du gutxi gora-behera, bertan, orubeak barne, 1319 eraikin daudelarik.

Interes Kulturaleko Ondare izendatutako eremua askoz handiagoa da, eta Erdigune Historikoa auzoaz gain Ensanche Centro, La Goleta, San Felipe Neri, Lagunillas, La Merced eta La Victoria auzoak ia osorik eta El Molinillo, Capuchinos, El Ejido, Cristo de la Epidemia eta Campos Elíseos auzoen zati bat hartzen ditu, Gibralfaro mendiaren zatirik handienaz gain.

Hiri eboluzioa aldatu

Feniziar eta erromatar aztarnak aldatu

 
Malagako erromatar antzokia, Augusto enperadorearen garaian eraikia.

Musulmanak finkatu aurreko hiri egitura ez da askorik ezagutzen. Alabaina, bai aurkitu dira feniziar eta erromatar zibilizazioen aztarnak. Malaka feniziar kolonia izan zenaz eraikin batzuen sotopean, hain zuzen ere Malagako Picasso Museoaren azpian, harresi defentsiboaren zenbait zati geratzen dira. Indusketetan lortutako datuen arabera, feniziar finkapena Gibralfaro mendiaren magaletik Císter kalea eta Ibn Gabirolen Lorategietaraino eta hegoaldetik itsasoraino iristen zela ezagutzen da, garai hartan egungo Unibertsitateko Errektoretzaren eraikineraino iristen zena.

Erromatar garaiko aztarnen artean erromatar antzokia nabarmentzen da, alcazabaren ondoan dagoena. Honen hedadura feniziar hiriarena baino askoz handiagoa izan zela ezagutzen da, I. mendean El Ejidoko muinoa eta Ollerías kalearen inguruan buztingintza industria baten existentzia ezagutzen bait da.

Nazariar hiria aldatu

Nazariar hiriaren morfologia medinak, Gibralfaroko gazteluak eta errabalek osatutako hiri ereduaren islamiar ideiari dagokio. Garai honetako harresitutako perimetroak gaur egungo Erdigune Historikoa inguratzen zuen. Harresitutako eremu hau kanpoalderantz honako ate hauen bidez irekitzen zen: Granadakoa (Bab al- Funtanalla), San Buenaventura edo Antequerakoa (Bab al-Jawja), Iluna, La Cabakoa, Zazpi Arkuduna, Esparteríakoa (Bab al-Faray), Baluarte de la Nave eta Itsasokoa (Bab al-Bahr), zirkulazio bide nagusiekin lotuz. Hirigune osoa ortuz eta zuhaiztiz eta errabalen batez inguratua zegoen.

Medinaren erdiko ardatzak alkazaba Ate Berriarekin elkartzen zuen, Lau Kaleen Plaza (gaur egun Konstituzio Plaza), zokoa eta meskita lotuz. Hiria erdiko ardatz honekiko zeharkako trazatuetan eratzen da.

Hiri kristaua aldatu

 
Strachan kalea, non jatetxe ugari dagoen.

Errege-erregina Katolikoek hiria 1487an konkistatu ondoren, elizak eta komentuak ugaltzen hasi ziren harresiaren barneko eremuan, San Joan, Santu Martirien eta Jakuerenak kasu.

XVIII. mendetik aurrera, pixkana-pixkana harresia botatzen hasten da. Garai honetan eraikitzen dira Alameda Principal, Palacio de la Aduana, Gotzainaren Jauregia eta Herrialdearen Lagunen Elkarte Ekonomikoen eraikina.

Hiri burgesa aldatu

XIX. mendean erdigune historikoaren hazkuntza demografiko bat eta eraldaketa morfologiko eta tipologiko nabarmen bat gertatzen da, Alameda burgesiaren bizileku bezala eraberritu zenean. Garai honetako eraikin ugari eta alde zaharraren ardatz nagusia kontserbatzen dira, Larios kalea, José María de la Sanchak proiketatu zuena. Kalea inguratzen duten eraikinen diseinua Eduardo Strachan Viana-Cárdenasena da, hirian Chicagoko eskolako estiloa sartu zuena, baina Georges Eugène Haussmannen bulebarren europar kutsuarekin.

Egungo egoera aldatu

1996an, Malagako Erdigune Historikoa uzte egoeran zegoen, segurtasun eta marginaltasun arazo larriekin eta geroz eta txikiagoa zen biztanleriarekin. Urte horretatik aurrera inguruaren berrabiltze eta zaharberritze prozesu bat hasi zen, etxebizitzak berrabiltzeko laguntzekin, txertatze sozial eta ekonomikoko programekin, kaleen peatonalizazioarekin eta kanalizazioen eta ur, elektraindar, saneamendu, lorategigune etab...en oinarrizko zerbitzuen hobetze proiektuekin.

Kanpo estekak aldatu