Maite Gorrotxategi

Erraketista profesionala

Maite Gorrotxategi Potente (Sestao, Bizkaia, 1926ko urriaren 22a) profesional mailan eta aurrelari gisa jokatutako erraketista, Ermua izenarekin kantxaratu zena.[1]

Maite Gorrotxategi
Bizitza
JaiotzaSestao1926ko urriaren 22a (97 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Pilota
 
Izengoitia(k)Ermua

Biografia

aldatu

Sestaoko Labe Garaietako behargina zuen aita, Lucio; ama Timotea gaixotueran, bi urte zituela Eibarrera ekarri zuten Maite, alabatzat hartuko zuten osaba-izeko batzuen etxera. Ez zuen galduko harremana jatorrizko familiarekin ez Sestaorekin, udaldiak bertan igaroz. 1936ko gerraren ondorioz, Eibarko etxea apurtu eta familia Ermura joan zen bizitzera.

Pilotari izandako lau urteetan estatuko hainbat frontoitan erraketan aritu zen. 1949an, Habanan jaiotako Ademar Herreríarekin ezkondu zen Sestaon eta bikotearen bi alabak Ermuko Kaltxango auzoko euren etxean jaio ziren.[2]

 
Erraketistak

Pilotari ibilbidea

aldatu

Eibarren, Untzaga plazan, Astelena frontoi ondoan bizi ziren; neskato zela gustuko zuen bertara joan eta partidak ikustea, eta handik kanpo “Al corro de las patatas” zein “Txingor gain” jolasetan aritzea lagunekin. Gerora, Ermuan bizi izaten zegoela, pilotan jokatzea erabaki zuen eta goizean goiz, lanera orduko, Astelena bertara joaten zen, ordu betez entrenatu eta trenez eginez itzulerako bidaia, tailarrera sasoiz ailegatzeko. Arratsaldean, erraketa hartu eta jokatzera joaten zen Izelaieta kaleko frontoira, Batzokia izan zena eta une horretan Entrenamendu lehen egunean, Ermutik zetorrela jakin zutenean, frontoirik frontoi eramango zuen izena jarri zioten: Ermua.[2]

Migel Gallastegi eskulariak erraketa egoki zelan hartu erakutsi zion eta bere lehendabiziko erraketa, bigarren eskukoa, beste erraketista bati erosi zion 8 pezetatan.

Katalunia eta Logroñon

aldatu

Urtebete zeramala entrenatzen, Kataluniatik enpresaburu bat etorri jokalari bila eta bost neska aukeratu zituen, tartean bera. Trenez egin zuten bidaia eta 1941ko irailaren 8an iritsi ziren Sabadellera, izen bereko frontoian jokatzeko asmoz. Trenean afaldu zuten lehen egun hartan eta luxuzko janaria atera zieten: oilaskoa.[2]

Lehen gauza sendagilearengana, osasunez zelan zegoen jakiteko. 15 urte bete aurretxoan eta oraindik hilekorik ez zuela jakitean, injekzio bat jarri zioten, prozesua azkartzeko. Esan ziotenez, pilotari fitxa egiteko emakume behar zuen izan. Arropa ere ailegatzeaz batera josi zioten, neurrira: papar-hegaldun soinekoa eta gerriko urdin eta gorriak. Zapatilla eta galtzerdiak, zuriak beti, enpresaren kontura ziren ere, ez ostera barruko arropak: beltzak erosten zituzten, gonaren mugimenduarekin gutxiago somatzen zirela-eta.[2]

 
2023an Durangon jasotako omenaldian
 
2023an Durangon jasotako omenaldia

Etxekoek ez zioten arazorik jarri Bartzelona aldera joateko asmoa aipatu zienean: entrenatzen ikusten zuten eta hara joatea bere onerako izango zela irizten zioten. Nieves Bereziartua eta Milagros Blasco eibartarrak pisukide izan zituen eta kantxan aurkari, baina batez ere lagun: partida denak nahi zuten irabazi, baina hura amaitutakoan elkar laguntzeko prest beti. Hasieran hotel baten hartu bazuten ostatu, gero etxe batera joan ziren eta bertako etxekoandrea kargutzen zen neskon jatordu eta garbitasunez, hileko 50 pezetaren truk.[1][2]

Hogeitamar eta berrogei arteko erraketista koadroetako partaide zela, Tortosan, Bartzelonako Sol y Sombran eta Logroñoko Jai Alai pilotalekuetan aritu zen Sabadellgo esperientziaren ostean, guztira lau urte emanez erraketari lotuta.

Gogoratzen zuenez pilotariek ezin zuten harmailetara gerturatu eta debekatuta zuten ere Ambigúra, pilotalekuko tabernara sartzea; hori zaintzeko frontoiak emakume bat izendatuta zuen, kantxera deitzen ziotena.[1] Erraketa jokoaren arrimura hainbat kargu eta lanbide sortu ziren: besteak beste, enpresaburua, intendentea, entrenatzailea, kantxako epailea, erizaina, frontoiko langileria... eta erraketisten artean estima handitan zuten pilota batzeaz arduratzen zen neskatoa, euren argotean La Titas, pilotitak otzara baten sartzen zituena. [2]

Pilotaren sakean nabarmendu zen Maite, bere esanetan “oinaztargia bezalakoa” zuelako. Aurrelaria izanik, atzelariak beldurtzen zituen bere indarrar.[1] Erraketistok bere ustez erantzunkizun handia zuten eta oso adi egon behar ziren jokoan ez jaisteko, ze zeozer moteltzen bazitzaien-edo, goizetan entrenatzera joan behar izaten ziren. Begi asko izaten zituzten euren jokoari begira, interes asko mugitzen ziren bertan eta etekin gehien etara behar zitzaien.<

Jokoan ondo zeundenean, partiduak irabazteaz gain, kinielak jokatzen zituzten eta neskoi hori interesatzen zitzaien, hilaren amaieran soldataren gehigarria zelako beraientzat. Partidak bikoteka jokatzen zituzten modura, coloradak urdinen kontra, kinieletarako buruz-burukoa izaten zen.

Apustulariek sarritan, esker onez, bonboiak bidaltzen zizkieten, anonimoki. Akatsen bat egin ezkero, ostera, "¡Al pueblo!", "¡Al pueblo!", “Herrira!”, “Herrira!” zen harmailetako deiadar ohikoena.[2]

Agurra

aldatu

Kirolaren Ordezkaritza Nazionalak profesional mailan jokatu ahal izateko ezinbesteko zituzten lizentziak ez berritzea erabaki zuen: erraketisten frontoiak apurka-apurka ixten joatea izan zen neurriaren ondorioetako bat eta pilotarietako batzuk Ameriketara alde zuten bezala, beste asko bertan geratu edo jaioterriara itzuli ziren . Maite Gorrotxategik Mexikora joateko proposamena izan zuen, baina ez zuen aurrera egin, itsasontziz hilabete osoz bidaiatu beharrak atzera bota zuen.[1]

 
2003an Ermuan jasotako oroigarria

Omenaldiak

aldatu
  • 2003ko abenduaren 26an Ermuan ospatutako IV. Pilota Egunean omendua izan zen herriko beste erraketistekin batera. Oroigarri bat eman zioten eta bertan irakurri daiteke: “MAITE GORROTXATEGI, jaso ezazu Ermuar danon esker ona, raketista munduan egin duzun ibilbide luze eta emankorragaitik”.
  • 2023ko urtarrilaren 29an Durangoko Udalak omendu egin zuen bertako Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan erraketista ibilbidea aitortuz.[3]Durangoko frontoia lepo beteta, publikoaren txalo zaparrada jaso zuen. Erraketista saioan egindako lana aitortu zioten. Eskua harro altxatuta agurtu zituen ikus-entzuleak, kantxak sekula utzi ez balitu legez. Zoragarria izan zela adierazi zuen Maitek eta ondorengoa gehitu zuen:

Emakumeak ezin ginen protagonistak izan, kontrakoa baino. Alde horretatik, erraketistak aitzindariak izan ginen.[4]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e «Maite Gorrotxategi, erraketisten garaiko azken lekukoetako bat» durangon.com 2021-04-08 (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
  2. a b c d e f g Elkartea, Euskal Birusa. (2020-03-23). «Drogetenitturri, 287 zenbakia (2020ko martxoa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-02-12).
  3. «Maite Gorrotxategi eta Txaber Zabala omendu dituzte Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-31).
  4. «“Emakumeak ezin ginen protagonistak izan,kontrakoa baino. Alde horretatik, erraketistak aitzindariak izan ginen" - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).

Kanpo estekak

aldatu