Lola Iturbe
Lola Iturbe Arizcuren (Bartzelona, 1902ko abuztuaren 1a - Gijón, 1990eko urtarrilaren 5a) kataluniar anarkosindikalista eta feminista libertarioa izan zen.
Lola Iturbe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Dolores Iturbe Arizcuren |
Jaiotza | Bartzelona, 1902ko abuztuaren 1a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | Gijón, 1990eko urtarrilaren 5a (87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | anarkosindikalista, idazlea, Erresistentziaren kidea eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea |
Kidetza | Lanaren Konfederazio Nazionala Mujeres Libres |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Mujeres Libres |
Espainiako CNT - Confederación Nacional del Trabajo (Lanaren Konfederazio Nazionala) sindikatuko militantea izan zen eta Mujeres Libres (Emakume Askeak) erakunde libertarioaren sortzaileetako bat. Horrez gain, Espainiako 1936ko Iraultza Sozialean eta Frantziako nazien aurkako Barne Erresistentzian gogotsu parte hartu zuen.
Biografia
aldatuLehen urteak
aldatuAma, Micaela Iturbe, ezkongabea zen, horregatik, bere aitonak etxetik bidali zuen eta bere jaioterria, Elo (Nafarroa) utzi behar izan zuen. Micaela Bartzelonan bizitzen jarri zen, eta bertan jaio zen Lola. Haien egoera ekonomikoa oso larria zenez, amak alaba jaio berria Valentziako senar-emazte batzuekin utzi behar izan zuen. Laster Cerdára (Valentziako probintziako herria) bizitzera joan zen haiekin.[1]
Zazpi urteren ostean, Lolak beste ama bat zuela ez zekielarik, Micaela bere bila itzuli zen Cerdàra eta Bartzelonara eraman zuen bueltan. Han Posenti burges alargunaren eta haren alabaren etxean bizitzen jarri ziren. Alabak Micaela eta Lolaren etengabeko zaintza beharra zuen, asma arazoak zituelako, eta sukaldari ere aritu zen bertan. Bizitza berri honetara egokitzea ez zen erraza izan, herri txikian zuen askatasunetik hiriko bizitzaren murrizketetara igaro baitzen. Aurrerago, Posentiren negozioak porrot egin ondoren, Lolaren amak pentsio txiki bat ireki zuen Rossic kalean. Bederatzi urterekin hasi zen jostun lanetan, eta eskola utzi behar izan zuen.[1]
Pentsio hartan langile klaseko jendea ibiltzen zen, ideia berritzaileak zituztenak, garai hartako gizarte-testuinguruan hain ohikoa zen asaldura sozialaren berezko ezaugarri guztien eraginpean zeuden lagunak; pentsio hori eskola libertario moduko bat izan zen Lolarentzat. Han ezagutu zituen Lolak ideia berriak, bere garaiko errealitate sozialarekin harremanetan jarriz.[2]
Militantzia libertarioa
aldatuJuan Manenten eraginez, Lanaren Konfederazio Nazionalaren jantzigintza alorrean afiliatu zen. Mugimendu libertarioaren jardueretan parte hartu zuen berehala, eta bereziki presoei laguntzeaz arduratu zen.[1][2]
1919-1922 urteetan, Germen Taldeko emakume aktibo bakarra izan zen. Faustino Vidal ezagutu zuen, eta harekin bere alaba Aurora izan zuen 1923an. Vidal, baina, tuberkulosiak jota hil zen 1924an, eta Juan Manuel Molina Herrero, Juanel (1901-1984), militante libertarioarekin elkartu zen. Harekin bigarren umea, Helenio, izan zuen 1926 hasieran.[1] Urte berean, Juanelek erbestera joan behar izan zuen, eta, harekin batera, familia osoa Parisera joan zen. Azaroan Parisen ziren. Han lana lortu zuten, baina Juanelek bere militantzia arduretan segitu zuen eta espetxean eman beharko zituen tarte batzuk. Ondoren, Belgikan izan ziren. Han, Durruti, Ascaso eta beste batzuekin La Voz Libertaria (Ahots libertarioa) argitaratu zuten eta Defentsa Batzorde Anarkista osatu zuten.[2]
Lola Bartzelonara itzuli zen Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu ondoren, eta, Juanelekin, Tierra y Libertad egunkaria zuzendu zuen, Federazio Anarkista Iberiarraren hedabidea.[1] Hainbat mitinetan parte hartu zuen, inoiz Durruti eta Francisco Ascasorekin, baita 1933ko eta 1934ko matxinada libertarioetan ere.[2]
Mujeres Libres
aldatuKataluniako lehen feministek, hala nola, Teresa Claramuntek eta Soledad Gustavok, irekitako bideari jarraituz, Lola Iturbe, 1934an, Mujeres Libres (euskaraz: «Emakume Askeak») mugimendu feminista libertarioaren sortzaileetako bat izan zen.[1]
Mujeres Libres aldizkarian administratzaile ardura hartu zuen, eta Kiralina ezizenarekin hainbat artikulu idatzi zituen. Casal de la Dona Treballadoraren (Emakume Langilearen Etxea) sorreran parte hartu zuen eta baita Mujeres Libres erakundeak prostituzioa utzi nahi zuten emakumeei laguntza emateko helburuaz bultzaturiko Liberatorioen proiektuan ere.[1]
1936ko Espainiako Gerra
aldatu1936ko uztailean, kolpe frankistaren garaian, Solidaridad Obrera (euskaraz: «Langileen Elkartasuna») Kataluniako CNTren egunkari enblematikoaren erredakzioan parte hartu zuen.
Espainiako Gerra Zibilean hainbat ardura hartu zituen: kanpaina-ospitaleetan parte hartu zuen, Milizia Antifaxistako kidea izan zen, eta, kazetari gisa, Aragoiko frontean berriemaile ibili zen eta Tierra y Libertad (Lurra eta Askatasuna) aldizkari teorikoaren bozeramaile konfederala izan zen.[1][2]
1937ko maiatzean Bartzelonan izandako liskarren ondoren, CNTko zerbitzu juridikoetan sartu zen. Bertan, komunistek kartzelatutako CNTko eta POUMeko aktibisten askapenaren alde lan egin zuen.[1]
Frantziako erbestea
aldatu1939an, gerraren amaieran, La Retiradan, (euskaraz: «erretreta»), hau da, urtarrilean eta otsailean Kataluniatik Frantziara gertatu zen exodo errepublikanoa) Frantzian hartu zuen babesa. Han, Frantziako Barne Erresistentzian nazien aurka borrokatu zen, Juan Manuel Molina Mateo "Juanel" bikotekidearekin batera.[1]
Frantziaren Liberazioan, Lola eta bere bikotekidea Tolosa Okzitaniara joan ziren bizitzera. Han Juanelek bat egin zuen Espainia barruko borroka klandestinoarekin, baina 1946ko martxoan atxilotu zuten eta 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Lola Iturbek, 1952an Juanel askatu zuten arte, jostun gisa lan egin zuen.[1]
Erbestean ez zion utzi CNTko eta Mujeres Libres taldeko ekintzaile izateari. Garai hartan, Suceso Portales eta Sara Guillén izan ziren Mujeres Libres taldearen bultzatzaile nagusiak.
1978an, Franco hil ondoren, Espainiara itzuli zen[1] Tierra y Libertad aldizkariaren korrespontsal gisa, Juan Garcia Oliverrek sinaturiko nortasun-zedulaz baliatuta.
Obrak
aldatu- Mujeres heroicas (Emakume heroikoak), 1937.
- Nuestras luchadoras, (Gure emakume borrokalariak) Bartzelona, 1937.
- La Mujer en la lucha social y la guerra civil en España (Emakumea Espainiako gizarte-borrokan eta gerra zibilean), México, Editores Mexicanos Unidos, 1974, (OCLC 4743450), Madrid, La Malatesta !, 2012
Prentsa artikuluak
aldatu- Hainbat ekarpen zenbait hedabidetan: Mujeres Libres, Tierra y Libertad, Solidaridad Obrera, España Libre, La Hora De Mañana, Polemica, eta abar.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h i j k l Soriano Jiménez, Ignacio C.. «Dolores Iturbe Arizcuren | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Diccionario biográfico) (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ a b c d e Fontanillas Borrás, Antonia. 2006. Lola Iturbe y su época. Síntesis biográfica e histórica. In Torres Planells, Sonya eta Fontanillas Borrás, Antonia. 2006. Lola Iturbe Arizkuren. Vida e ideal de una luchadora anarquista. Virus editorial. Bartzelona. ISBN 84-96044-69-6. PMC 496571380. Noiz kontsultatua: 2021-05-20.
Bibliografia
aldatu- Martha A. Ackelsberg, Mujeres libres. El anarquismo y la lucha por la emancipación de las mujeres. Virus Editorial. 2017. ISBN: 9788492559794.
- Antonia Fontanillas, Sonya Torres, Lola Iturbe. Vida e ideal de una luchadora anarquista, Virus Editorial, Colección Acracia, Bartzelona, 2006, (ISBN 978-84-96044-69-2), (OCLC 470673900)
Filmografia
aldatu- Lisa Berger, Carol Mazer, De toda la vida, 55 minutu, 1986. Parte-hartzaileak: Dolores Prat, Lola Iturbe, Sara Guillén, Concha Pérez, Hortènsia Torres, Frederica Montseny, Maria Batet, Pepita Carpeña, Suceso Portales, Teresina Torroella eta Igualdad Ocaña.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Joseba Aurkenerena: Lola Iturbe Arizkuren, askatasunaren aldeko ekintzaile sutsua. [1]