Leviafan (2014ko filma)
- Artikulu hau 2014ko filmari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Leviathan (argipena)».
Leviafan (errusieraz: Левиафан, Leviafan) 2014. urteko film dramatiko[1][2] errusiarra da, Andrei Zviagintsevek zuzendua, eta berak Oleg Neginekin batera idatzia. Protagonista nagusiak dira Aleksei Serebriakov, Elena Liadova, eta Vladimir Vdovitxenkov.
Argumentua Aldatu
Errusiako iparraldeko herri galdu batean kokatzen da akzioa, Vladimir Putinen aginte urteetan, Ozeano Artikoaren kostaldean. Des-industrializazioaren ondoren biztanleriak erdi abandonaturikoa bertan geratu ziren arrantzaleek apaltasunez aurrera daramaten bizitza erakusten du filmak, eliteetako politikariek nahi dutena egiten duten bitartean[3].
Alkatearen jokaldi zikin baten ondorioz, Kolia etxea galtzekotan dago. Alkateak etxea eta lursailekin geratu nahi du. Koliari, ondasunak galtzeko arriskuan egoteaz gain, familian ere krisia sortzen zaio. Giro etsigarri horretan, denek vodka barra-barra hartzen dute.
Sinbolismoa Aldatu
Boterearen gehiegikerien gaineko hausnarketa proposatzen du filmak, eta bizi dugun zibilizazio ustelaren kritika izugarria egiten du. Diru eta botere goseak eta mozkortasunak erdoildutako Errusiaren erretratu zorrotza ageri da Zviagintseven gidoian.
Hobbes filosofoak askatasunaren eta Estatuaren gaineko Leviathan obra klasikoa idatzi zuen non Estatu indartsu baten sinbolo den munstroa, eta horrekin lotura du izenburuak. Era berean, istorioak Bibliako Joben liburuaren Leviatanaren mitoaren aipamen zuzena egiten du[3].
Sariak Aldatu
Cannesko 2014ko zinema jaialdian gidoi onenaren saria jaso zuen, eta Urrezko Globoetan "atzerriko hizkuntza" ataleko film onenaren sariak irabazi arren, banaketa arazoak izan zituen filmak Errusian. Filma ingelesez egin ez den film onenari eskaintzen zaion Oscar sarirako ere aurkeztu zen.[3]