Ireki menu nagusia

Laranjondoa (Citrus × sinensis) laranjak ekoizten dituen fruta-arbola da. Laranjondoa antzinatik landatzen den espezie hibridoa da, seguru asko arabisagar arbolaren (Citrus maxima) eta mandarinondoaren (Citrus reticulata) arteko nahastea. Zuhaitz loredun txikia da, 10 metro baino gutxiago hazten dena. Arrautza-formako hosto betiberde iraunkorrak ditu, 4 eta 10 cm artekoak, modu txandakatuan kokatuak eta ertz krenulatudunak. Bere fruitua den laranja hesperidio bat da, hau da, baia mota bat.

Laranjondo
OrangeBloss wb.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaSapindales
FamiliaRutaceae
LeinuaCitreae Citreae
GeneroaCitrus
Espeziea Citrus ×sinensis
Datu orokorrak
Iturria Laranja

Sailkapen tradizionaletan, laranjondoa Citrus generoko Citrus sinensis espezie gisa sailkatu izan da. Genero honetako beste partaide batzuk limoiondoa, limondoa eta laranjondo mingotsa dira. Berriki egindako ikerketa genetikoek erakutsi dutenez, fruta-arbola hauek guztiak, izatez, arabisagar arbolatik, mandarinondotik eta zidrondotik eratorritako barietate hibridoak dira. Hori dela eta, nomenklatura zientifiko zuzena Citrus x sinensis da. Izen zaharra, hibrido izaera adierazten ez duena, oraindik asko erabiltzen da. Laranjondoa, gainerako zitrikoak bezala, errutazeoen familiakoa da.

EzaugarriakAldatu

Hosto iraunkorreko zuhaitz txikia da laranjondoa; ez da 7 m-tik gora hazten. Adaburu biribildua du.

Zurtoina – AzalaAldatu

Zurtoinaren azala arrea da, eta arantzatsua batzuetan.

HostoakAldatu

Hosto zabalak, eliptikoak eta berde ilun distiratsuak ditu laranjondoak.

LoreakAldatu

Udaberrian loratzen da laranjondoa. Loreak zuriak eta usain gozokoak dira, eta multzo txikitan sortzen dira.

FruituakAldatu

Hesperidio motakoa da laranjondoaren fruitua ─laranja─; barrualdea mamitsua eta zukutsua da, eta oso aberatsa C bitaminan.

HabitataAldatu

Laranjondoa, jatorriz, Asiakoa da, eta XIII. mendean ekarri zuten Europara. Oso hedatua da Mediterraneo aldeko herrialde beroetan, eta Euskal Herriko kostaldeko herri batzuetan ere aurki daitezke laranjondoak apaingarri.

ErabileraAldatu

Laranja gozoaren arbola zitrikorik hedatuena da, eta fruituak, oso estimatuak. Espainian, Valentziako eta Murtziako laranjadiak bereziki ospetsuak dira eta Estatu Batuetan, Floridakoak.

Laranjondoaren loreak oso estimatuak dira tonikoak prestatzeko: “laranja-lorearen ura” antiespasmodikoa eta lasaigarria da, eta “Karmengo ura” (laranja-lorearen ura eta melisa), zorabioen kontrakoa.

Lurringintzan eta sukaldaritzan erabiltzen diren esentziak ere egiten dira laranjondoaren loreekin. Lorategietan, apaingarri gisa erabiltzen dira laranjondoak.

ErreferentziakAldatu

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laranjondo


Wikiztegian orri bat dago honi buruz: laranjondo .