Lapphyttan edo Lapphyttejarn Suediako aztarnategi arkeologikoa da. 1970-80 hamarkadetan egindako indusketetan, Europan ezagutzen den labe garai zaharrena aurkitu zen bertan.[1]

Lapphyttan
Lapphyttaneko labe garaiaren aztarnak
Datuak
Estatu burujabe Suedia
Suediaren banaketa administratiboaVästmanlandeko konderria
Suediako udalerriaNorberg udalerria
Koordenatuak60°04′33″N 16°04′15″E / 60.0757°N 16.070767°E / 60.0757; 16.070767
Map
Historia
KulturaErdi Aro
Indusketa
Indusketa datak1978-1983
Bisitagarriabai

Aztarnategia (Lapphyttan zaharra) aldatu

 
Osemund batzuk.

Lapphyttan izeneko lekua Karberg parrokian dago, Norberg udalerrian, (Suedia). 1978-83 artean eginiko indusketetan konplexu metalurgiko oso baten aztarnak aurkitu ziren: labe garaia, egur-ikatza eta burdin-mea gordetzeko biltegiak, mea kiskaltzeko zuloak, etxebizitza bat ukuiluarekin eta zortzi fintze-labe. Labe garaiaren hauspoak gurpil hidrauliko baten bidez mugitzen ziren. Trintxera aztarnak eta zepa metak ere aurkitu dira. C14 probek konplexuaren zati zaharrenak 1150 ingurukoak direla erakutsi dute, eta besteak 1200-1300 artekoak; honen arabera, Lapphyttan gaur arte Europan ezagutzen den labe garai zaharrena da.

Indusketetan 1-2 zm diametroko arrabio bolak aurkitu dira, beti labe garaien edo fintze-labeen inguruan; baita labe garaitik ateratzen den salda gogortuzko ildo bat ere; gainera, findutako burdinazko 70 bat lingote aurkitu dira, fosforodunak, 200-300 g ingurukoak. Pieza hauek osemund bezala ezagutzen dira, eta XIII. mendean Europa osora saltzen ziren.[2]

Testuinguru historikoa aldatu

Europan burdina haizeoletan antzinatik ekoizten bazen ere, burdina gozo tipokoa zen. Txinan arrabioa k. a. III mendean ekoizten hasi bazen ere (Zhou dinastiaren amaieran), teknologia hau ez zen Europara XII. mendera arte ailegatu. Teoria batzuen arabera, txinatar > persiar > bikingo konexioaren bidez etorri zen, baina teoria honek ez du argitzen bikingoen eta Lapphyttanen artean dagoen tarte kronologikoa.[3]

Erdi Aroan, Lapphyttaneko burdinola 8 jaberen partzuergoa izan zen, Magnus Eriksson Suediako erregeak altzairu-ekoizpena arautzeko 1354ean emandako araudiak agindu bezala.

Alemaniako Märkischer Kreis eta Suabiako Jura eskualdeetan ere XIII. mendeko labe garaiak identifikatu dira.[4]

Museoa (Lapphyttan Berria) aldatu

Gaur egunean Lapphyttango aztarnategia Bergslagen-eko Ekomuseoaren parte da. Bertan, Olsbenning izeneko herrixkan, Nya Lapphyttan ("Lapphyttan Berria") izeneko labe berria eraiki da, antzinakoaren eredua jarraituz. Konplexuari "2013ko Ondare Industrialan Saria" eman zitzaion, indusketa arkeologikoekin batera Erdi Aroko metalurgia azaltzeko eginiko birsorkuntza lanarengatik.[5]

Olsbenning aldatu

 
Olsbenning herrixkaren hego-ekialdea. Lapphyttan argazkiaren eskuin alderago kokatzen da, herrixkaren iparraldean.

Olsbenning Lapphyttan baino 1,7 km hegoalderago dagoen mendi herrixka da, eta bertan ere metalurgia aktibitateak Erdi Arotik dokumentatuak daude. XVII. mendean burdinola bi martxan zeuden herrian, eta labe garaiak ere egon ziren: azkena 1832an berreraiki zen, eta 1876 arte egon zen martxan.[6] Hortaz gain, herriaren ekonomia baserrietan eta zerrategi batean oinarritu zen. Aintzinako bizimodu hau berreskuratzeko, 1998an Bergsmansbyn Olsbenning (Olsbenning Mendi Herrixka) inguruan ekomuseoa sortu zen; 2000tik aurrera, Nya Lapphyttanekin bateratu zena.

Labe berria aldatu

 
Nya Lapphyttaneko labe garai birsortua.

Nya Lapphyttan ("Lapphyttan Berria") aztarnategiko labe garai zaharraren birsorkuntza da, Olsbenningen kokatua dagoena. 1990ean eraiki zen, eta 1994an iziotu zein estreinakoz; hurrengo saiakerak 1996, 1998 eta 2002an egin zituzten, baina ez zuten arrabioa ekoizterik lortu.[6]

Nya Lapphyttanen konplexu osoa birsortu da: labeak, forjak, biltegiak, etxebizitza... Lapphyttan Erdi Aroan nolakoa zen irudikatuz. Biltegian laborategi bat dago, eta urtero entseguak egiten dira aste bat edo biz, Järnet på Lapphyttan elkartearen eskutik.[7] 2012ko udazkeneko kanpainan labe garaitik arrabio urtua ateratzea lortu zuten. Jernkontorets berghistoriska kommitté-ak ("Jernkontoreteko mendien historiako komiteak") entsegu guzti hauek jarraitu ditu, eta hainbat argitalpen egin dituzte, Suediako metalurgiaren historiari buruzko beste ikerketekin batera.[8]

Gunea oso aktiboa da: 2014an sute arriskuak zirela eta entsegurik egin ez bazituzten ere,[9] 2015 urtean ekoizpen errekorra hautsi zuten: 30 kg.[10] 2016ean gurpil hidrauliko berria egin zuten, Emmanuel Swedenborgek XVIII. mendean eginiko deskribapen bat jarraituz.[11]

Argazki galeria aldatu

Gamla Lapphyttan (Lapphyttan zaharra)

Nya Lapphyttan (Lapphyttan Berria)

Erreferentziak aldatu

  1. Modin, Helfrid, 1916-. (1985 ;). Lapphyttejärn : en metallografisk undersökning och guide = Iron from Lapphyttan : a metallographic investigation and guide with archaeological comments. Riksantikvarieämbetet ISBN 9197025461. PMC 186134603. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  2. Williams, Alan (Alan R.). (2012). The sword and the crucible : a history of the metallurgy of European swords up to the 16th century. Brill ISBN 9789004227835. PMC 779740287. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  3. Wagner, Donald B.. (1993). Iron and steel in ancient China. E.J. Brill ISBN 9004096329. PMC 26095785. (Noiz kontsultatua: 2019-08-01).
  4. (Ingelesez) Magnussons, Gert, ed. (1995). The importance of ironmaking: technical innovation and social change : papers presented at the Norberg Conference on May 8-13, 1995. Jernkontorets Berghistsoriska Utskott PMC 469387034. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  5. «Svenska Industriminnesföreningen» www.sim.se (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  6. a b Celsing, Dag, 1960-. Framtidshyttan - dolda strukturer och lokala processer.. PMC 936530266. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  7. «Medeltida hyttdrift av nutida hyttdrängar» http://www.jarnetpalapphyttan.se (Noiz kontsultatua: 2019ko uztailaren 31a).
  8. Sancte Örjens Gille. Med hammare och fackla : årsbok. PMC 470221898. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  9. «Medeltida järnframställning 2015» jarnforsok2015.jarnetpalapphyttan.se (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  10. «Föreningen Järnet på Lapphyttan» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  11. (Suedieraz) «Nya Lapphyttan får nytt vattenhjul» fagersta-posten.se 2016-06-12 (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).

Kanpo estekak aldatu