Lankide:Macha002/Proba orria


Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Data transmission» artikulutik itzulia izan da. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria.


Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Transmisión de datos» artikulutik itzulia izan da. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria.

Datu-transmisioa, transmisio digitala edo komunikazio digitala datuen transferentzia fisikoa (biten fluxu digitala) da,[1] puntutik punturako edo puntutik puntu anitzetarako komunikazio kanal baten bitartez gauzatzen dena. Kanal mota horien adibideak dira pare txirikordatua, zuntz optikoa, haririk gabeko komunikazioak eta datuen biltegiratze baliabideak. Datuen adierazpena seinale-elektromagnetikoen, tentsio elektrikoko seinaleen, uhin-radioelektrikoen, mikrouhinen edo seinale-infragorrien bidez egiten da.

Datu-transmisiorako osagaiak aldatu

 
Komunikazio-sistema baten eredu murriztua.

Datu-transmisioa gauzatzeko, komunikazio-sistema baten beharra dago. Komunikazio-sistema baten gutxieneko osagaiak informazio-iturria, transmisorea, transmisio-sistema, hargailua eta hartzailea dira.[2]

Osagaien funtzioak:

  • Informazio-iturriak transmititu nahi diren datuak sortzen ditu.
  • Transmisoreak informazioa kodifikatu eta eraldatzen du, jarraian seinale bihurtu eta transmisio-bidetik igortzeko.
  • Transmisio-sistema seinaleak igortzeko kanala da. Bertan, transmisoreak sortutako seinaleak aldaketak izan ditzake zarata eta distortsioaren ondorioz. Horregatik, hargailura heldutako seinaleak erroreak izan ditzake.
  • Hargailuak kanalaren bidez igorritako seinalea jaso eta eraldatzen du, informazioa hartzailearentzat ulerkorra izan dadin.
  • Hartzaileak informazio-iturriak transmititutako informazioa jasotzen du.

Transmisio mota desberdinen sailkapena aldatu

Datu-transmisioan bi modu agertzen dira: transmisio analogikoa eta transmisio digitala.[2]

Transmisio analogikoan seinale analogikoak erabiltzen dira. Seinale analogikoak jarraituak dira eta une bakoitzeko seinalearen balore posibleak infinituak dira.

Transmisio digitalean seinale digitalak erabiltzen dira. Seinale digitalak bat-batean aldatzen dira eta une bateko balore posibleak multzo finitu batean daude definituta.

Transmisio digital eta transmisio analogikoen konparazioa aldatu

  • Zirkuitu digitalek interferentzia gutxiago dituzte.
  • Seinale digitaletan zaratak eta distortsioak eragindako aldaketak konpondu daitezke.
  • Transmisio digitalean errore gutxiago daude.
  • Transmisio digitalean funtzio konplexuagoak inplementatu daitezke: multiplexazio teknika konplexuak (multiplexazio estatistikoa, adibidez).
  • Transmisio digitalak transmisio-bide beretik zerbitzu desberdinak bidaltzea ahalbidetzen du: ahotsa, datuak, irudiak...

Transmisio-sekuentzia aldatu

Transmisio-sekuentziaren arabera hiru transmisio mota definitzen dira: simplex, half-duplex eta full-duplex.[2]

  • Simplex: transmisioak norabide bakarra du denbora guztian.
  • Half-duplex: komunikazioa txandaka egiten da, eta transmisio-lerro berean bi norabidetan transmititzea (informazioa igorri eta jaso) ahalbidetzen du.
  • Full-duplex: komunikazioaren norabide bakoitzak lerro desberdinak erabiltzen ditu, aldi berean informazioa igortzea eta jasotzea ahalbidetuz.

Datuen transmisio-moduak aldatu

Terminalen arteko elkarrizketek bitak baliatzen dituzte. Bitak transmititzeko bi modu desberdintzen dira: serieko transmisioa eta paraleloko transmisioa.[2]

Telekomunikazioen arloan, serieko transmisioan bitak banaka bidaltzen dira kanal bakarretik. Bita jasotzen denean, informazio osoa berreraikitzen da. Distantzia luzeetan erabilitako modua da, kable bakarra erabiltzen denez baliabide aurrezpena baitakar.

Bestalde, paraleloko transmisioan datu bakoitzaren bitak batera igortzen dira. Transmisioa gauzatu ahal izateko, oinarrizko datuaren bit kopuruaren kanal kopuru bera behar da. Distantzia laburreko transmisioetan erabiltzen da, kostu handia daukalako eta kanalen arteko interakzio elektromagnetikoak distantzia luzeetan eragozpenak sor ditzakelako.

Sinkronismoa aldatu

Bi terminalen arteko komunikazioa egokia izan dadin, beharrezkoa da biek oinarri-denbora berdina izatea. Sinkronismoa hiru mailatan egin behar da: bit-sinkronismoa, karaktere-sinkronismoa (edo bloke-sinkronismoa) eta mezu-sinkronismoa.[2]

  • Bit-sinkronismoa: biten hasiera eta amaiera zehaztu behar da.
  • Bloke-sinkronismoa: informazio-bloke baten lehenengo bita zein den zehaztu behar da.
  • Mezu-sinkronismoa: funtzio desberdinetako oinarrizko karaktere multzoa definitu behar da: informazioa bidaltzeko, erroreak detektatzeko...

Sinkronismo sinkronoa aldatu

Sinkronismo sinkronoan igorle eta hartzaileek erloju seinale berbera erabiltzen dute. Igorleak, informazioaz gain, erloju seinale bat bidali behar du sinkronizazioa ahalbidetzeko. Bi aukera daude erloju seinalea bidaltzeko:

Sinkronismo asinkronoa aldatu

Sinkronismo asinkronoan igorle eta hartzaileek maiztasun bereko erloju independenteak baliatzen dituzte. Sinkronizazio prozesua garatzeko informazioaren barne doazen bit bereziak erabiltzen dira: hasiera-bita, amaiera-bita eta parekotasun-bitak.[3]

  • Hasiera-bitak eta amaiera-bitak informazioaren hasiera eta amaiera mugak zehazteko balio dute.
  • Parekotasun-bitek akatsak antzemateko balio dute.

Konexio-mota aldatu

Bi konexio-mota nagusi daude: puntutik punturako transmisioa eta puntutik puntu anitzetarako transmisioa.[2]

Puntutik punturako transmisioa aldatu

Puntutik punturako konfigurazioan, transmititzen den informazioak jatorri eta helburu bakarrak ditu. Bi terminalen arteko zirkuitua beti dago prest informazioa bidali eta jasotzeko.

Puntutik puntu anitzetarako transmisioa aldatu

Puntutik puntu anitzetarako konfigurazioan zirkuitu bakoitzak beste zirkuitu askorekin komunikatu behar da. Kanala partekatu egiten denez, beharrezkoa da protokolo bat informazioa noiz eta nola bidaltzen den zehazteko, eta informazioa jasotzeko behar den itxaron denbora definitzeko.

Protokolo arkitektura aldatu

 
OSI ereduaren eskema.

Datu-transmisioaren esparruan, protokolo arkitektura deskribatzeko OSI Erreferentzia Eredua[2][4][5] jarraitu ohi da:

Maila fisikoarentzako interfaze estandarrak aldatu

Prozesatzeko unitate zentrala (CPU) eta kanpoko elementuen arteko informazio trukaketa periferikoen bidez egiten da. Periferikoak sarrerakoak (sagua, teklatua), irteerakoak (monitorea, inprimagailua) edo sarrera-irteerakoak (diskoak) izan daitezke.[2]

Periferikoen eta CPUaren arteko informazio trukaketa egiteko bi portu nagusi daude, serie-portua eta paralelo-portua.

 
RS-232 konektorea.

Serie komunikaziorako interfazeak aldatu

CPUak paralelo formatuan lan egiten duenez, beharrezkoa da serieko transmisioa ahalbidetzeko interfazea.

Interfaze ezagunenak:

Komunikazio paralelorako interfazeak aldatu

Interfaze ezagunenak:

Erreferentziak aldatu

  1. A. P. Clark, "Principles of Digital Data Transmission", Published by Wiley, 1983.
  2. a b c d e f g h https://ocw.ehu.eus/file.php/59/Ikasteko_materiala/Gaia5_-_Kontzeptu_orokorrak.pdf Jon Legarreta eta Mikel Alberdi, UPV/EHUko OpenCourseWare (OCW) proiektua, Industria Informatika ikasgaiaren materiala, 2012/05.
  3. (Ingelesez) «What is Asynchronous Transmission? - Definition from Techopedia» Techopedia.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).
  4. https://ocw.ehu.eus/file.php/150/telekomunikazio_sare_eta_zerbitzuak/apunteak/1-datu-sareak.pdf Maider Huarte Arrayago, UPV/EHUko OpenCourseWare (OCW) proiektua, Telekomunikazio Ingeniaritza ikasketetako irakasgaiaren materiala, 2009/03.
  5. «Wayback Machine» web.archive.org 2005-03-09 (Noiz kontsultatua: 2019-11-24).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo loturak aldatu

[1]OCW - Telekomunikazio sare eta zerbitzuak

[2]Data Transmission – Parallel vs Serial

[3]OCW - Data Communication Networks