Kultura arkeologikoa toki batean eta garai batean mugatuta dauden objektu arkeologikoen multzoa da. Haien bidez desagertutako herri edo kultura baten nondik-norakoak ezagutu nahi dira.

Kultura arkeologiko bat ez da etnia bat, ez eta kultura (sentsu orokorra hartuta) bat. Besteak beste, La Tène kultura, Vilanova kultura, Unetice, Kutxatila-zelaien kultura..... kultura arkeologikoak dira; hau da, aurre-historiako kultura materialak.

Definizioa

aldatu

Kultura hitza erabiliz arkeologoek esan nahi dute leku eta toki desberdinetako tresneriak bereizten dituzten patroiek gizarte baten jokabide zabalagoa adierazi ahal dutela. Historiaurreko arkeologian, kulturak oinarrizko unitateak dira 1920ko hamarkadatik, batik bat Gordon Childe ikerlariari esker:[1]

Aztarna mota batzuk (ontziak, apaingarriak, lanabesak, ehorzketak, etxeak) batera aurkitzen ditugu beti. Elementu elkartu horien multzoari "kultura-taldea" edo "kultura" deituko diogu. Uste dugu multzo hori gaur egun "herri" deritzogunaren adierazpen materiala dela.

Kultura arkeologikoen erabilpenak erakusten du kultura materiala eta gizakiak hertsiki lotuta dauden ideia. Izan ere, Gordon Childen ikuspegia Marxen materialismo historikoak kutsatuta zegoen.

       
Kanpai-formako ontzien kulturako hilobietan ohikoak diren objektu-multzoa. Ezkerretik eskuinera: kanpai formako ontzia, Palmela puntak, mihidun sastakaia eta arkulariaren besokoa.

Hala ere, ondorengo arkeologoek ikusmolde hori zalantzan jarri dute, antzeko ondasunak izateak ez baitakar, berez, gizarte bera izatea, edo ondasun desberdinen erabilpenak ez baitu esan nahi gizarte desberdinak direla. Ezagutza arkeologikoak aurrera egin ahala, kultura arkeologikoaren definizioa lausotu da. Izan ere, kulturei ematen zaizkien izenak arbitrarioak izaten dira, eta ez dakarte kultura monolitikorik bere baitan.

Kultura arkeologikoa ikerketaren ardatza jarrita, lanabes edo teknika baten hedapenak kultura beraiekin eramaten zuen herri baten migrazioa zekarren. Horren aurrean, teknologia salerosketekin bidaiatzen zela proposatu da.

Kultura arkeologikoa definitzerakoan, aurkikuntza mota batzuek ezartzen zuten eredua. Hala ere, aztarnategi gutxi batzuk izaten dira horien irla garbia, aztarnategi gehienek, aztarna mota ugari izaten dutelako.

Nolanahi ere, kultura arkeologikoaren kontzeptua erabiltzen jarraitzen da, eta, hiru aroko sistemarekin gertatzen den bezala, eraginkorra da garaiak, eskualdeak eta jarduerak azkar ezagutzeko.

Arkeologia jakintzagaiko ohiturak

aldatu

Kultura arkeologikoak arkeologo batek edo talde batek une jakin batean definitu zuen hainbat aztarnategietako materialak eta gizakiek egindako egiturak konparatuz eta partekatzen dituzten ezaugarriak aurkituz.

Askotan, lehenengoz identifikatutako aztarnategi horietako toponimo baten izena eramaten dute, aztarnategi beraren izena edo gertu dagoen herriarena: Starčevo, Hallstat, La Tène, Villanova... kasu horretan, kultura arkeologiko horri izena eman dion aztarnategia aztarnategi eponimoa dela esaten da. Beste aktoan, bere zeramikaren ezaugarri batengatik: Lerrodun zeramikaren kultura (LBK), Kordoi-zeramika kultura edo bere hilobien formagatik: Tumuluen kultura.... Kultura arkeologikoa deskribatzerakoan, datu batzuk nahiko garrantzitsuak izan ohi dira, datu geografiko eta kronologikoez gain, hala nola: ikertzaile edo aurkitzaile nagusia, material-ezaugarriak, aztarnategi garrantzitsuak, ereduak direnak gerora aurkitu daitezkeen beste aztarnategi berriak edo materialak identifikatzeko).

Erreferentziak

aldatu
  1. Trigger, Bruce G. A history of archaeological thought. 235-248 orr.

Kanpo estekak

aldatu