Kritika Berria

Kritika Berria[1], Kritizismo Berria edo New Criticism delakoa literatura kritika anglosaxoi edo ingelesezkoaren korronte nagusia izan zen 20. mendean, batez ere 1920tik 1960ra bitartean. Bereziki close reading ("irakurketa arretatsua") delakoan oinarritzen da.

Jatorria eta izenaAldatu

XIX. mende amaieran oraindik literatur kritika marxismo eta positibismozko era desberdinetan deliberatzen den artean, XX. mendearen hasieran, hiru literatur kritika joera nagusi desberdin sortu ziren: formalismo errusiarra, estilistika eta Kritika Berria. Hiruen hedapen geografikoa eta azterketa teknikak desberdinak badizen ere, beren xedea bera zen: errealitatetik berezirik bizi den literatur idazlanaren deskribapen formalista zientifiko eta autonomoa erdiestea[2]. Formalismoa, aipatu bezala, errusiarra izan bazen, estilistika nagusiki mundu germanikoan eta hizkuntza erromantzeetan garatu zen, eta Kritika Berria ingelesaren esparruan geratu zen.

New Criticism izena zenbait kritikari estatubatuarrek 1930etik 1950era hartutako bandera polemikoaren etiketa izan zen, batez ere, John Crowe Ransomek (1888-1974), 1941ean argitaratu zuen bere liburu batentzako izenburu gisa erabili zuenetik[1]. Kritikari zenbaiten artean kritika eskola eratu zuten ondoren, gero eta printzipio zurrunagoak ezarriko zituena, kideak mundu akademikoan finkatzen joan ziren heinean. Hala ere, AEBetan barik, Kritika Berriak lehenago botata zituen bere erroak Ingalaterran, Cambridgen, inork eskola izena eman ez bazion ere.

Ransomen izenaz gain, T.S. Eliotena ere funtsezkoa da korronte honetan Atlantikoren bi aldetako kritikari askok bera hartu baitzuten gidaritzat, kritika nola egin eredu gisa. Erromantizismoak eta ondorengo historiarekiko obsesioak ordu arte izandako xarma galdua zutenean, Eliotek azpimarratu zuen literatura ikastea, iraganekoa zein momentukoa, oraindik esanguratsua zela.

Cambrideko 'laboratorio' lanakAldatu

Ivor Armstrong Richards ere inportantea izan zen kritika teoria berrien bandera eskuetan hartu zuena eta bere bi obrak bereziki, The Principles of Literary Criticism (1924, Literatur kritikaren hatsapenak) eta Practical Criticism (Kritika praktikoa), eragin sakona izan zuten literaturaren irakaskuntzan. Richarden ideiak batik bat estetikaren eta psikologiaren arloan izan ziren orijinalak eta zera honetan datza bere ekarpenik esanguratsuena: literatur balioiritzien baliotasuna definitzen egindako ahalegina, eta irakurketa prozesua bera komunikazioaren teoriaren termino ia-zientifikoetan neurtzea. Horretarako laboratorioko esperimentuak egin zituen Cambridgeko bere ikasleekin. Aukeratutako poemekin laboratorioko ia isolamenduan egindako azterketak literaturak beharrezko zituen zenbait ezaugarritan jarrarazi zien enfasia.

William Empsonek, Richardsen ikasleetako batek, Seven Types of Ambiguity (1930, Zazpi anbiguitate mota) liburuan definitu zituen kritika berriaren termino nagusiak. Empson anbiguitate terminoetan saiatu zen aztertzen poesiaren esanahi malguaren zailtasuna eta hortik sortu ziren Kritika Berriak hain bereak dituen kontzeptu klabeak: anbiguitatearena, ironiarena eta tentsioarena, hots, hitzen arteko tentsioa, atezua, esanahiaren sortzean.

Laster konturatu ziren, ordea, metodo berriarekin zenbait poeten obra (Eliotena, Rilkerena, Unamunorena edo Shakespearen sonetoak, adibidez) irabazian irteten baziren ere, beste batzuek, poema narratiboek eta dramatikoek oro har, galduan ateratzen zirela, barne lotura ezberdina dutelako hain zuzen, Derek Traversik bere An Approach to Shakespeare (Shakespearenera hurbilduz) obran garbi adierazi zuen bezala. Geroago, bidean ezinikusi eta ulertezintasun ugari utzita, F.R. Leavisek kultura orokorki aztertu ahal izateko kritika estiloa garatu zuen, non literaturaren azterketak teologiaren tokia hartuko zuen kritika ahalegin gorenen gisa; eta zenbait nobelagiletara jo zuen (Joseph Conrad, D.H. Lawrence...) bizi-arnasa eta bizi-moraltasuna gailentzen zirelako haiek bizitzaz zuten ikuspegian.

AEBak eta akademiaAldatu

Estatubaruarren lana izan zen Kritika Berri hori bete-beteko sistema teoriko gisa adieraztea. Estatu Batuetan Cleanth Brooksek (1906) eta Robert Penn Warrenek (1905) munduko unibertsitateetan irakurri eta erabili zen antologia argitaratu zuten, Understanding Poetry (1938, Nola ulertu olerkia) «pentsatuz poesiak irakastea merezi badu, poesia bezala merezi duela irakastea eta ez egia historiko, biografiko edo moralaren izenean« . Erabat eta zehatz saihesten dituzte ikuspegi historikoak eta testuaren beraren baitan jartzen dute arreta.

Beharbada Rene Well austriarrak eta William K. Wimsatt amerikarrak egin dute Kritika Berriaren defentsarik definitiboena, aldebatetik, «ezin dela idazlearen xedea edo intentzioa aintzakotzat hartu arte literatur artean arrakasta neurtzerakoan» azpimarratuz eta, bestetik, sailkapen kritikoa poemaren efekto psikologikoaren arabera egitea falazia hutsa» dela onartuz. «Testua dago bakarrik, testua hesterik ez».

Kritika Berriak arrakasta handia izan zuen ikasgeletan; ez zegoen idazleei buruzko informazio mordoa jaso eta ikasi beharrik, eraginak, mugimendu historikoak, generoak ... ez ziren guztiz garrantzizkoak kritika lanera makurtu baino lehen; testua denentzat zegoen irekita eta kritikari orok zeuzkan zabalik ate guztiak. "Nola funtzionatzen du literatur lanak?" galderari emandako erantzunak balekoak ziren, baina Kritika Berriak ez zion erantzun zehatz bat eman formulatzea zilegi zen bigarren galderari: "Zein da literaturaren balioa?". Inplizituki, ustezkotzat ematen zuen bere metodologiari hobekien makurtzen zitzaiona zela literaturarik hoberena, baldin eta, Leavisek egin zuen bezala, isilean zenbait inperatibo moral gehitzen ez bazitzaizkion "egiazko azterketaren" osagarri modura.

Kritika Berriari kritikaAldatu

Modernismoaren kasuan bezala, izenean arazo zuen Kritika Berriak, berri izateari utziko ziola halako batean. 1960ko hamarkadatik aurrera, hortaz, etiketak ez du erabilpen handirik izan. Hala ere, korronteari jarraitzen dioten kritikak irakurtzen dira oraindik 21. mendean Estatu Batuetako argitalpen pretigiotsuetan, "[XX.] mende hasierako gentleman ingeles batek idatziak diruditen artikuluak usu topatzen dira", dio Joseba Gabilondo kritikari euskaldunak.

Gabilondoren iritziz, Kritika Berriaren formalismo zurruna kultura anglosaxoiaren joera enpirista eta anti-teorikoen jarraipen literarioa da. Marko horretan nagusiki hizkuntzalaritzako eredu pobreak erabili dira kritikarako, eta horrek bere bilakaera eragotzi zuen azkenean[2].

Kritikari zenbaitAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. a b Lur Entziklopedia Tematikoa, Lur. (2011-07-13). «Literatur kritika» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  2. a b Gabilondo, Joseba. (2013-03-21). «“Literatur kritika eta teorika kritikoak: berauon historia eta arkeologia”. Anuario del Seminario Julio de Urquijo XXIV (1990): 21-51.» Anuario Del Seminario De Filologia Vasca Julio De Urquijo (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).

Kanpo estekakAldatu