Kolossiko gaztelua (grezieraz: Κάστρο του Κολοσσιού, Kástro tou Kolossioú) Zipre hegoaldeko Limasol hiritik gertu dagoen gaztelua da, 14 kilometro mendebaldera, izena ematen dion Kolossi herrian hain zuzen ere. Gurutzatuen gaztelu garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, azukre biltegi handiak baitzituen, garaiko Zipreko esportazio gai nagusia zena. Commandaria ardo gozoa ere bertan ekoiztua da.

Kolossiko gaztelua
Kokapena
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaLimasolgo barrutia
Community of Cyprus RepublicKolossi
Koordenatuak34°39′54″N 32°56′03″E / 34.665°N 32.9342°E / 34.665; 32.9342
Map
Altitudea47 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
Irekiera1210
JabeaOspitaleko Zaldunak
Arkitektura
EstiloaArte gotikoa

Historia aldatu

Hasierako gaztelua 1210 inguruan eraiki zuten militar frantsesek Hugo I.a Ziprekoak Ospitaleko Zaldunei Kolossi inguruko eskualdea eman ondoren[1]. Gaur egun ikusten den gaztelua haren gainean eraiki zuten Ospitaleko Zaldunek Louis de Magnac komandantearen agindu. Honen armarria gazteluaren horman ikusgai dago[2].

Gurutzatuen arteko lehiak sortu ziren XIV. mendean eta Tenplarioek hartu zuten Kolossiko gaztelua 1306an baina Gurutzatuen orden hau desegin ondoren Ospitaleroek berreskuratu zuten 1313an[3].

Hegoaldeko aurpegian ikusten den idazki baten arabera 1591. urtean konponketa lanak egin ziren Pasha Murat Zipreko gobernadorea zen garaian[3].

Arkitektura aldatu

Eraikin nagusia hiru solairutako dorre karratua da. Dorreak 21 metrotako altuera du eta aurpegi bakoitzak 15 metroko zabalera. Dorreari itsatsita 30 x 40 metrotako patio bat dago[4]. Gazteluaren ondoan XIV. mendeko azukre errota bat dago[5] eta iparraldean ur errota baten eta uraren dorrearen hondarrak ikusten dira[3].

Dorrera sartzeko zubi altxagarri bat dago. Antzina parapeto bat zegoen gainean, erasotzaileei olio irakina edo berun urtua jaurtitzeko. Sartu eta berehala bi gela handi ikusten dira. Bertan sutondo handi bat dago eta eta eskailera espiral bat goiko solairura igotzen dena, han ere bi gela handi daude. Azkenengo solairua komandantearen etxea zen[6].

Ekoizturiko produktuak aldatu

Gazteluaren inguruko lurraldean azukre-kanabera eta mahatsondoa landatu izan dira tradizionalki. Erdi Aroan azukrea izan zen Ziprek esportatu izan zuen gai garrantzitsuenetako bat. Kolossiko ardo gozoa ere famatua zen, Vin de Commanderie edo Commandaria izena zuena, Kolossiko komandantzia zela eta[7]. Rikardo I.a Ingalaterrakoa eta Berengela Nafarroakoa Limasolen ezkondu zirenean erregeak honako hau esan zuen Kolossiko ardoaren inguruan: "Erregeen ardoa eta ardoen erregea da". Comandaria munduko ardo izen zaharrenetakoa da gaur egun[6].

Gertu dagoen Limasolgo portua erabili izan zen Kolossiko azukrea eta ardoa esportatzeko, bai eta olibak eta kotoia ere[6].

Literaturan aldatu

Hainbat eleberritan agertzen da Kolossiko gaztelua:

  • La milicia de Dios (Eduardo García-Ontiveros Cerdeño)
  • Snow Wasted (Matthew Malekos)
  • The House of Noccolo (Dorothy Dunnett)
  • In Search of Sixpence (Michael Paraskos)
  • Lionheart (Stewart Binns)

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Edbury, Peter. (1994). The Kingdom of Cyprus and the Crusades 1191-1374. Cambridge: Cambridge University Press, 4, 66, 67 or..
  2. Cobham, Claude Delaval. (1908). Excerpta cypria;. Cambridge, University press (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  3. a b c «Department of Antiquities - Monuments» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  4. Spiteri, Stephen. (2001). Fortresses of the Knights. University of Michigan, 104 or. ISBN 978-99909-72-06-1..
  5. «Kolossi Medieval Castle» www.visitcyprus.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  6. a b c (Ingelesez) «Kolossi Castle, Limassol» Cyprus Island 2017-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  7. «Commandaria Wine | Revecca Winery» revecca.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).

Kanpo estekak aldatu