Kireniako gaztelua (grezieraz: Κάστρο της Κερύνειας, Kástro tis Kerýneias; turkieraz: Girne Kalesi) Zipre iparraldeko Kirenia hirian dagoen gaztelua da. Hiriko itsas-portu garrantzitsua babesteko eraiki zen. XVI. mendean veneziarrek eraiki zuten eta barnean XII. mendeko kapera bat eta urperaturiko ontziaren museoa dauzka.

Kireniako gaztelua
Kokapena
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaKireniako barrutia
HiriaKirenia
Koordenatuak35°20′30″N 33°19′21″E / 35.3416°N 33.3224°E / 35.3416; 33.3224
Map
Altitudea4 m, itsas mailaren gainetik
Webgune ofiziala

Historia aldatu

Kirenia K.a. X. mendetik existitzen da[1] eta greziarren K.a. VII. mendeko aztarnak aurkitu dira. Dena dela erromatarren aroan bihurtu zen hiri.

Hasierako gaztelua aldatu

Azken ikerketek erakutsi dute bizantziarrek gaztelu bat altxatu zutela arabiarren erasoei aurre egiteko, K.o. VII. mendean[2], baina aurreneko aipamen historikoa 1191. urtekoa da, Rikardo I.a Ingalaterrakoak hirugarren gurutzadatik bueltan zetorrela konkistatu zuela esaten da Isaak Konmenus errege zipretarra garaituz[3].

Rikardo I.ak Tenpluko Ordenari saldu zion Zipre eta hauek Guy de Lusignanen eskutan utzi zuten. Lusignandarrak 1489 arte izan ziren Zipreko errege eta haien garaian Kireniako gaztelua eraikin txikia izatetik 1208 eta 1211ean handiagoa izatera pasa zen. John d'Ibelin izan zen handitu zuena eta dorre karratuak eta perra itxurakoak gehitu zizkion, sarrera berri bat egin, arkularientzat gezilehioak ezarri eta ziegak ere eraiki zituen[4]. Lusignandarren garaian Kireniako gazteluak hainbat setio jasan zituen. 1373ko Genovarren erasoan gaztelua oso kaltetua gelditu zen eta setiorik luzeena XV. mendean jasan zuen, lau urte iraun zuena eta barruan zeudenek saguak eta arratoiak jatera iritsi ziren.

Veneziarren gaztelua aldatu

 
Veneziarren gaztelua.

1489an veneziarrek Zipreren kontrola eskuratu zuten eta uharteko gazteluak gotortu eta modernizatzeari ekin zioten otomandarren mehatxuaren beldur. 1540an Kireniako gaztelua handitu zuten eta gaur egungo itxura eman zioten hainbat aldaketa eginez[1]. Hormak sendotu zituzten, kainoientzako lehioak ireki zitutzen, lurretik etor zitezkeen erasoei aurka egiteko ere hiru mailatan ezarri zituzten kainoiak eta artileria harresietara igotzeko maldak eraiki zituzten. Harresi berriek San Jurgi eliza bizantziarra (XI. XII. mendekoa) barnean hartu zuten[1].

1570. urtean Kireniak errenditzea erabaki zuen erresistentziarik gabe[2] eta otomandarrek ere hainbat aldaketa egin zituzten, XIX. mendean britainiarrek desegin zituztenak. Gazteluaren barnean Sadik Pasha almirante otomandarraren hilobia mantentzen da[2].

Britainiarrek poliziaren barrakoi gisa eta entrenamendu leku gisa erabili zuten.

XX. mendean aldatu

Kireniako antigualeko departamenduak bere gain hartu zuen gazteluaren ardura 1950ean baina EOKA istiluetan britainiarren esku egon zen. 1960. urtean berriz ere departamentuak eskuratu zuen eta 1963 eta 1967 artean Zipreko Guardia Nazionalaren egoitza izan zen.

1974. urtean turkiarrek uhartea inbaditu zutenean Girneko Antigualeko Departamentuaren eskutan gelditu zen gaztelua. Eraikinean zeuden gurutze guztiak kendu eta gela batean gorde zituen. Gaur egun gurutze garrantzitsuenak ikusgai daude Mikel Goiaingeruaren elizan.

Arkitektura aldatu

Sarrera ipar-mendebaldean dago eta malda bat jarraituz erdiko patiora iristen da. Bidean Sadik Pasha almirantearen hilobia dago. Patioa inguratuz guardien gelak, bizilekuak eta ikuiluak daude. Malda berrien bidez harresien gainaldera iristen da eta eskilarak igo ondoren Lusignandarren errege geletara eta kapera batetara iristen da.

Gazteluaren sotoan ziegak eta biltegiak daude. Biltegiotan polbora garbitua eta lehortua gordetzen zen[5].

Urperaturiko ontziaren museoa aldatu

 
Kireniako ontzia

K.a. IV. mendean Greziako merkatalontzi batek ekaitz handi bat jasan zuen eta Kireniako kaira iristear zela urperatu egin zen. 1965ean Andreas Kariolou urpekariak aurkitu zuen eta materialez beteta zegoela ikusi zen, tartean errota harriak (29 harri) eta Kos eta Rodaseko ardo anforak, 400 anforatik gora. Oso ongi kontserbatu diren 9.000 almendra ere jaso dira. Munduan dagoen errekuperatutako merkatalontzi eta kargamendu zaharrena da[6].

1969 eta 1974 artean Michael Katsev gidari zuen Pennsylvaniako Unibertsitateko talde batek ikertu zuen itsasontzia. Urperatu zen unean 80 urte zituen ontzia zela ondorioztatu zuten, 14 metroko luzera zuela eta Alepo pinuz egina zela.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Ingelesez) Paradise, Cyprus. «Kyrenia Castle, North Cyprus - North Cyprus Castles» www.cyprusparadise.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  2. a b c «Kyrenia Castle, North Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  3. «Kyrenia Castle» web.archive.org 2010-08-10 (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  4. (Ingelesez) «Kyrenia Castle in Cyprus - Northern Cyprus» castellinelmondo.altervista.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  5. (Ingelesez) Paradise, Cyprus. «Kyrenia Castle, North Cyprus - North Cyprus Castles» www.cyprusparadise.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
  6. «Kyrenia Shipwreck Museum, North Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).

Kanpo estekak aldatu