Kakalardo eremita
Kakalardo eremita (Osmoderma eremita) Cetoniidae familiako kakalardo saproxilikoa da, zientziarako Giovanni Antonio Scopolik 1763an deskribatu zuena.[1]
Kakalardo eremita | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Coleoptera |
Familia | Cetoniidae |
Leinua | Osmodermatini |
Generoa | Osmoderma |
Espeziea | Osmoderma eremita Scopoli, 1763 |
Deskribapena
aldatuKakalardo handia da (25-30 mm luze, 14-19 mm zabal). Bizkarralde ilegabea, gaztain kolore ilunekoa, ia beltza, distira berdekara edo gorri ilunekin. Pronotoak luzetarako bi gandor ditu, erdiko ildoa mugatzen dutenak. Dimorfismo sexuala dute: emeak arrak baino obalatuagoak dira, ez hain ganbilak; horrezaz gainera, pronotoko ildoa estutuagoa dute.[2][3]
Bizilekua
aldatuBaso hostoerorkor (pagadi, harizti, gaztainadi...) zaharretan bizi da. Larbak zuhaitz zaharren zulo handietan garatzen dira.[2]
Banaketa
aldatuIberiar penintsularen iparraldetik Eskandinavia eta Errusiaraino banaturik dago, Euskal Herrian barne. Hala ere, herrialde guztietan populazioak txikiak eta bakanak dira.[2][4] Izan ere, sakabanatzeko oso ahalmen mugatua dute, helduek ez baitituzte 200 metro baino gehiagoko hegaldiak egiten; hortaz, elkarrengandik gertu dauden zulo egokiak behar dituzte. Horiek horrela, populazio bakoitza zulo egokiak dituzten zuhaitz gutxiko masekin loturik egon ohi da.[3]
Kontserbazioa
aldatuIUCNren Zerrenda Gorrian ia galzoriko espezietzat hartua da.[4] Bere bizilekuen galera dela-eta, Europar Batasuneko Habitaten zuzentarauak arriskuan dauden animalien zerrendan kokatu du. Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan ere sartua da, kaltebera kategorian.[5]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Osmoderma eremita (Scopoli, 1763). eu-nomen.eu (Noiz kontsultatua: 2019-11-3).
- ↑ a b c Osmoderma eremita (Scopoli, 1763). miteco.gob.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-3).
- ↑ a b Osmoderma eremita. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Eusko Jaurlaritza, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-3).
- ↑ a b Nieto, A.; Mannerkoski, I.; Putchkov, A.; Tykarski, P.; Mason, F.; Dodelin, B. eta Tezcan, S.. Osmoderma eremita. The IUCN Red List of Threatened Species 2010: e.T15632A105873655, iucnredlist.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-3).
- ↑ Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .