Jose Manuel Pagoaga

euskaltzalea eta euskal militante abertzale historikoa

Jose Manuel Pagoaga Gallastegi, Peixoto (Arrasate, 1944ko maiatzaren 1a), etakide ohi historikoa da, aspaldi politika aktibotik erretiratua. Hamazortzi urte zituela, 1962an ETAn sartu zen Arrasateko beste gazte batzuekin batera. 1979an, Espainiako Trantsizio aldian ETAren zuzendaritzako kide zela, Espainiako zerbitzu sekretuek bonba atentatu sorta bat egin zuten haren kontra: Argala hilik atera zen 1978ko abenduan, eta Peixoto larri zaurituta 1979ko urtarrilean. Harrezkero, utzi egin zuen ETAko militantzia.

Jose Manuel Pagoaga

Bizitza
JaiotzaArrasate1944ko maiatzaren 1a (80 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Izengoitia(k)Peixoto

Aranguren baserrian hazi zen, Arrasateko Musakola auzoan, eta bederatzi urterekin eskolatik atera eta amari baserri lanean laguntzen hasi zen. Hala ere, hamalau urterekin bere burua eskolaratu zuen, eskola profesionalean ere arituz, maisutza lortzeraino. 1962an, ETAn sartu zen, hamazortzi zituela.[1] Une horretan, bere esanetan, kartzelan zegoen jendearentzat dirua biltzen zuten, esku-paperak banatzen, pintaketak egiten… "Kontuz ibili behar zen. Gero hasi ginen ikurrinak jartzen, eta hori pauso handi bat zen".[1]

Jose Luis Zumalderen ETAko Talde Autonomoarekin bat egin zuen (Grupo Autonomo), Los Cabras deituraz ezagunagoa, eta herrixka bat militarki okupatzera heldu ziren.[2] 1966an, ETAren zatiketa izan zen V. biltzarrean, eta berak auzi nazionala lehenetsi zuen taldearekin bat egin zuen, langileen auzia lehenesten zutenek ez bezala (ETA VI). 1968an, atxilotu egin zuten, eta, aske geratu zenean, misiolari joan zen Ekuadorrera, 1971 arte.[3]

Gerora, itzuli eta ETA (m)-n sartu zen. Eustakio Mendizabal Txikiarekin buruz buru aritu zen ekintza eta erasotan; 1973ko apirilean, Aberri Eguna prestatzen ari zirela, Txikia hil zuten Algortan.[2] Ipar Euskal Herrian finkatu zen. Gertutik ezagutu zituen Txomin Iturbe, Txabi Etxebarrieta, Jose Miguel Beñarain Argala, baita Telesforo Monzon, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes, Jose Luis Elkoro eta Santi Brouard Txibertako elkarrizketen testuinguruan.[3]

Hargatik, giroa gaiztotu egin zen, eta larri zauriturik atera zen 1979ko urtarrilaren 13an egin zioten atentatuan, Espainiako zerbitzu sekretuek antolatua, Argala atentatuz hil eta hilabete erdira eta etakideen kontrako beste hainbat atentaturen erdian.[4] Ondorioz, ikusmen gehiena galdu zuen, eta eskua oso kaltetua geratu zitzaion. Hurrengo urteetan, utzi egin zuen ETAko militantzia, atentatuko zaurietatik pixkanaka suspertzen ari zela. Marika Tanborit du emazte, eta seme bat du (1979ko datuak).[2] Baigorrin du etxea.[5] Euskal kultura eta hizkuntzarekin konpromiso sendoa agertzea izan du bereizgarri.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Esnaola, Enekoitz. ««Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra; zalantza izpirik ez»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  2. a b c (Gaztelaniaz) País, El. (1979-01-13). «De misionero a "cajero" de ETA» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  3. a b Esnaola, Enekoitz. ««Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra; zalantza izpirik ez»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  4. Galtzaundi (Dokumentuak). Berria.
  5. Txintxurreta, Maddi. (2021-04-06). ««Optimista naiz ikusten dudalako herri-gogoa sendotu eta zabaldu egin dela»» www.kazeta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).

Kanpo estekak

aldatu