Janari transgeniko

Janari transgenikoak ingeniaritza genetikoaren bidez genetikoki eraldatutako organismo (landare edo animalia) batetik datozenak dira. Hots, beste espezie bateko geneak hartu dituzten landare edo animalietatik datozen janariak dira transgenikoak [1]. Egun, gehien ekoizten direnak landare transgenikoak dira: artoa, garagarra eta soja, batez ere.

Aran transgenikoa.

Aspalditik saiatu da gizakia uztak hobetzen eta jateko landare hobeak eta sendoagoak lortzen. Ingeniaritza genetikoa agertu aurretik (XX. mendearen hondarrean) landareen hobekuntza hautespen artifiziala eta zuzendutako gurutzaketen bidez lortzen zen. XX. mendearen hasieran, genetikaren ezagupenek produktibitate handiko mutanteak lortzea ahalbidetu zuen, landare-haziak X izpiekin tratatuz. 1983an lehenengo landare transgenikoa lortu zen, eta 1994an janari hauen merkaturatzea onartu zen estreinakoz [2].

Gaur egun, genetikoki eraldatutako animalia- edo landare-jatorriko elikagaiek supermerkatuetako apalak betetzen dituzte, ingeniaritza genetikoa elikagaien industriarako funtsezko tresna bihurtu baita mundu osoan. Munduan kontsumitzen diren elikagaien %70 inguruk jatorri transgenikoko osagairen bat dute[3].

Aldaketa genetikoak elikagaiak ekoizteko orduan eskaintzen dituen abantailak asko eta oso nabarmenak dira, baina praktika horiek ingurumenean eta pertsonen, animalien eta landareen osasunean ere eragin kaltegarriak izan ditzakete [3].

Ingeniaritza genetikoa janari transgenikoak lortzekoAldatu

Biologia molekularraren garapen bizkorrarekin eta laborategietan burututako saiakuntza luze eta garestien ondoren, ingeniari genetikoek bioteknologiarekin lortutako emaitza berdinak lortu dituzte, baina modu azkarrago, eraginkorrago eta espezifikoagoan. Horrela, beste organismo bateko material genetikoa (geneak) landare batean sartzea lortu zuten. Lehen fase batean, landareen ingeniaritza genetikoa, batez ere, herbizida eta pestizidekiko erresistentzia adierazten zuten espezieak sortzera bideratu zen, eta, horri esker, landareari kalterik egin gabe, sastrakak edo beste organismo batzuk modu selektiboan ezabatu ahal izan ziren. Bigarren fase batean, ingeniaritza genetikoa erabiltzen hasi ziren, uzten kalitatea hobetzeko eta kontsumitzailearentzako onurak lortzeko. Elikagai transgenikoak bilakaera teknologikoaren emaitza berrienak dira, nahiz eta horien ezagutza hasiberria eta osatugabea izan[4].

Ingeniaritza genetikoak aukera ematen du organismo batetik DNAren intereseko sekuentzia isolatzeko eta beste organismo batean hedatzeko, gene horrek kodetutako produktuaren kantitate mugagabeak lortuz. Termino sinpleetan, metodologia hau DNA zati bat hartzean datza, normalean murrizketa-entzimen bidez lortzen dena. Erabiltzen den bektoreak erreplikazioa eta hautaketa ahalbidetzen dituzten sekuentziak ditu. Azken horiek, batzuetan, antibiotiko espezifikoei erresistentzia ematen dieten geneak dira. Gero, lortutako DNA birkonbinatzailea mikroorganismo batean sartzen da, antibiotikoarekiko duen erresistentziagatik landu eta hautatzen dena. Haztean, intereseko genea adierazi eta aldatu nahi den landarean sartzen da, eta produktu transgenikoa lortzen da. Teknika hau medikuntzaren arloan asko erabili da, eta aurrerapen terapeutiko garrantzitsuak garatzea ahalbidetu du, hala nola intsulina birkonbinatzailea sortzea [5].

Janari transgenikoen kasuan, izaki bizidun batean (animalia, landarea, bakterioa edo birusa) proteina bat kodetzen duen gene bat bilatzen da; hala nola, fruituen heltzean edo biderkatze birikoaren edo ezaugarri estruktural edo organoleptiko baten konposatu inhibitzaile baten ekoizpenean esku hartzen duen entzima bat, mantenugai baten kantitatea edo herbizidekiko tolerantzia handitzeko asmoz. Gene hori hobetu edo aldatu nahi den elikagaiaren material genetikoan sartzen da. Horrela, lortu nahi diren azken ezaugarriak lortzen dira, eta ez da beharrezkoa aurretik egiten ziren uztak eta animaliak hautatzeko eta gurutzatzeko prozesu moteletatik igarotzea.

Transgenikoen onurakAldatu

Batez ere landareekin aplikatu dira ingeniaritza genetikoaren ezagupenak, kanpoko geneak sartuz landareen ezaugarriak hobetzeko. Landare naturalen aldean transgenikoek onura ugari eskaintzen diote kontsumitzaileari zein nekazariari [6][4]:

  • Herbizidekiko tolerantzia eta errendimendu handiagoa
  • Makro eta mikronutrienteen sintesia altuagoa
  • Laborantza-azaleren lehorteekiko, alkalinitatearekiko edo gazitasunarekiko tolerantzia handiagoa
  • Ahalmen fotosintetiko handiagoa
  • Lurrari mantenugaiak gehitzea
  • Elikagaiaren zapore, kolore eta egitura hobeagoak
  • Elikagaien iraupen eta kontserbazio optimoagoak
  • Tenperatura altuekiko erresistentzia handiagoa

Orokorrean, janari transgenikoen onurak ondorengo eran laburtu daitezke[3]:

  1. Ezaugarri jakin batzuk dituzten elikagaiak garatzeko aukera ematen dute, eta, neurri batean, baliabide naturalen bidez ekoitzitako elikagaiak baino hobeagoak dira. Izan ere, gaixotasunekiko, izurriteekiko, intsektuekiko eta pestizidekiko, sendagaiekiko eta abarrekiko erresistentzia handiagoa duten landareak eta animaliak garatu daitezke.
  2. Elikagaien ekoizpenaren produktibitate- eta efizientzia-mailak handitzen dira: hazkunde-denbora laburtzen dute, ekoizpena handitzen dute eta baliabideen optimizazioa ahalbidetzen dute.
  3. Osasunerako onuragarriagoak diren elikagaiak sor daitezke, modu naturalean dituzten bitaminen edo bestelako nutrienteen maila handituz, baita nutriente berriak gehituz ere. Medikamentuak ekoizteko ere erabiltzen dira transgenikoak, adibidez, txerto batzuk edo giza-intsulinaren sintesia bakterioen bidez, intsulinarentzat kodetzen duten giza-geneak bakterioengan txertatuz.

Janari transgenikoen desabantailakAldatu

Elikagaien aldaketa genetikoaren ondoriozko desabantaila nagusiak gaur egun gizakien osasunerako izan ditzakeen ondorio kaltegarriei buruz dagoen ezjakintasunarekin lotuta daude. Oraindik goiz da epe luzean transgenikoen kontsumoak ekar ditzakeen ondorioak ezagutzeko, baina zenbait azterketa medikok gaixotasunen, alergien, intolerantzien eta bestelako gaitzen garapenarekin lotzen dituzte [4].

  • Alergiak eragin ditzakete [7]. Geneek, organismo batetik bestera janari transgenikoa lortzeko transferitzen direnak, populazioaren talde batentzat alergikoak izan daitezkeen proteina batzuk kodetzen dituzte. Pionner Hi-Bred International konpainian ikusi zuten animalien hazkundea optimizatu zitekeela aminoazido azufratuetan aberatsa zen dieta batekin, eta horregatik ezaugarri hori izango zuen soia transgeniko bat diseinatu zuten, Brasilgo intxaur gene bat sartuz. Beste ikerketa batean ikusi zuten intxaur-estraktuari alergia ziotenak positiboak zirela soia transgenikoaren estratuarekin egindako test batean[8]. Horregatik, produktua merkatura iritsi baino lehen kendu behar izan zuten. Giza kontsumorako erabiltzen den soia beste helburu batzuetarako erabiltzen denarekin bereizteko oso zaila da. Soiaren proteina maiz erabiltzen da haurrentzako esnekietan eta haragiaren ordezkoetan, besteak beste. Estatu Batuetako Food and Drug Administration erakundeak prozedura zorrotzak eskatzen ditu produktu transgenikoen potentzial alergikoa ebaluatzeko, merkaturatzea baimendu aurretik, eta industriari produktu horiek tradizionalak bezain seguruak diren ebaluatzeko aukera ematen dio.
  • Gene arrotzen txertaketak landare edo organismo batean, genetikoki eraldatutako organismoa sortzeko, ezusteko produktu metabolikoen agerpena eragin lezake, kontsumitzeko orduan toxikoak izan litezkeenak. Hala ere, nabarmentzekoa da, toxinak janari tradizionaletan ere egon daitezkeela. Janari transgenikoan toxinen kontzentrazioa genetikoki aldatu gabeko janarian baino altuagoa bada, ezingo litzateke janari transgenikoa merkaturatu. Aipatzekoa da ere, genetikoki aldatu gabeko elikagaiarekin alderatuta, toxina kontzentrazioa baxuagoko edo toxinarik gabeko elikagai transgenikoak garatu direla ere[9].
  • Antibiotikoekiko erresistentzia zabal dezaketelako, DNA arrotzaren txertaketa landareetan antibiotikoekiko erresistentzia adierazten duten markadoreak erabiliz egiten baita [10].

Orain arte laborantza transgenikoa erabili duten herrialdeetan (AEB, Brasil, Txina...) ez da agertu osasunerako kaltegarria den efektu nabarmenik [11] [12] . Honetaz gain, nekazari eta laborariek pestizida eta herbizida gutxiago erabiltzen dituzte haien soroetan, landare transgenikoak erresistenteak baitira izurriteekiko; ondorioz, soroak eta landak gutxiago kutsatzen dira produktu horiekin. Hala ere, zientzialariek zuhurtzia eskatzen dute eta produktu transgeniko berriek merkaturatu aurretik kontrol zorrotzak gainditu ditzatela beti.

Hortaz aparte, transgenikoen kontsumoak pertsonen osasunean eragin ditzakeen ondorio kaltegarriez gain, ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketela ondorioztatu da. Izan ere, animalia eta landare espezie batzuk genetikoki eraldatzean, hauek abantaila batzuk izan ditzakete jatorrizko espezieekiko, organismo naturalen desplazamendua eta iraungipena eraginez [3].

Nola identifikatu janari transgeniko bat?Aldatu

Laborategi genetiko bat izan ezean, elikagai transgeniko bat identifikatzeko modu bakarra etiketen bidez da. Horregatik, funtsezkoa da arlo honetan arduradunak diren administrazioaren sailak firme agertzea elikagaien ekoizleei ezartzen zaizkien etiketei buruzko arauak arautzeko eta betearazteko orduan. Europar Batasunaren kasuan, transgenikoak %0,9 baino gehiago dituzten elikagai guztiek adierazi behar dituzte beraien etiketetan.

Horrelako informazioak kontsumitzaileen artean sor dezakeen eragozpenaren aurrean, enpresek beren produktuen jatorri transgenikoari buruzko informazio hori ahalik eta diskretuen ager dadin saiatzen dira. Horrela, produktu bat osatzen duten osagaietakoren batekin batera «aldatu» hitza agertzen bada, indarrean dagoen araudia betetzen da. Kasurik onenean, genetikoki eraldatutako elikagaia irakurri ahal izango dugu.

Edonola ere, jaten ditugun elikagaien jatorriari buruz ahalik eta informazio onena izaten saiatu behar dugu, egokienak iruditzen zaizkigun kontsumo-erabakiak hartzeko aukera izan dezagun.

EztabaidaAldatu

 
Kolore laranjaz janari transgenikoen %95a ekoizten duten herrialdeak (2005ean). Marra laranjak: janari transgenikoen beste ekoizle txikiagoak

Mundu osoan ematen da jaki transgenikoen eztabaida eta hainbat herrialdetan praktika honen kontra sortu dira hainbat talde [13] . Ekologistak dira praktika honen kontra dauden aktibista gehienak, baina hainbat zientzialarik ere zuhurtzia eskatu dute elikagai transgenikoak merkaturatze eta kontsumitzeko orduan, haien balizko ondorio kaltegarrien aurrean. Kontrako taldeen eskaera garrantzitsuena elikagai transgenikoek etiketa berezia eraman dezatela izaten da, kontsumitzaileak janari hauek bereizi ahal izateko. Transgenikoen aurka daudenek osasun-arrazoiak, ingurugiro-arrazoiak eta arrazoi etikoak ere argudiatzen dituzte haien jarrerari eusteko. Kontrako taldeen indarra handia da Europan, baina ahulagoa da Ameriketako Estatu Batuetan (janari hauen ekoizle nagusia).

Ingeniaritza agronomoan doktoratua den, Lleidako Unibertsitateko irakaslea den eta 2018an "Transgenikoak, benetan dira seguruak eta beharrezkoak" izeneko liburua argitaratu zuen Jose Ramon Olarieta Alberdik, 2019 Leitzan eta Elizondon emandako hitzaldietan, transgenikoen azken helburua hazien merkatua kontrolatzea zela adierazi zuen [14]. Olarietaren hitzetan, alde batetik, "behin eta berriz diote ez dela frogatu transgenikoak osasunerako kaltegarriak direnik, baina benetan lotsagarria dena da produktuok merkaturatu aurretik osasunean duten eragina ez aztertu izana". Bestetik, transgenikoei ezetz esateko arrazoi oinarrizkoena, Olarietaren ustez, hauxe da: ezertarako ez ditugula behar. Munduko goseari aurre egiteko teknologia direla diotenei, zera erantzuten die: gosea ez dela arazo, arazo orokorrago baten sintoma bat baizik. Alegia, gosea ez dela existitzen munduko biztanleak asetzeko adina janaririk produzitzen ez delako, aberastasuna banatzen ez delako baizik. Zein da, orduan, transgenikoen alde egiteko arrazoia? Argi du Olarietak: “Haziak patentatuz, horien merkatua kontrolatzea da helburua”.

Beraz, gaur egun, janari transgenikoei buruzko eztabaida pil-pilean dagoen eztabaida da, non aldeko zein kontrako iritziak eta arrazoiak aurkitu daitezkeen.

ErreferentziakAldatu

  1. Transgenesia: bioteknologiaren azken asmakizuna Zientzia.eus (1999)
  2. James, Clive (1996) [http://www.isaaa.org/kc/Publications/pdfs/isaaabriefs/Briefs%201.pdf Global Review of the Field Testing and Commercialization of Transgenic Plants: 1986 to 1995] PDF
  3. a b c d (Gaztelaniaz) «¿Sabes cuáles son los alimentos transgénicos? Infografía 20 ejemplos» En Estado Crudo 2019-06-25 (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  4. a b c Reyes S., María Soledad; Rozowski N, Jaime. (2003-04). «ALIMENTOS TRANSGÉNICOS» Revista chilena de nutrición 30 (1): 21–26. doi:10.4067/S0717-75182003000100003. ISSN 0717-7518. (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  5. Zanlungo, Silvana. (1999). Medicina molecular: Presente y futuro. Rev. méd. Chile, v.127 n.8 or..
  6. La Biotecnología Verde Biotech Magazine (2007)
  7. Bennett D (May 7, 2006) Our allergies ourselves Boston.com
  8. (Ingelesez) Nordlee, Julie A.; Taylor, Steve L.; Townsend, Jeffrey A.; Thomas, Laurie A.; Bush, Robert K.. (1996-03-14). «Identification of a Brazil-Nut Allergen in Transgenic Soybeans» New England Journal of Medicine 334 (11): 688–692. doi:10.1056/NEJM199603143341103. ISSN 0028-4793. (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  9. Safety of Genetically Engineered Crops.. VIB Publication Flanders. Interuniversity Institute for Biotechnology., 27-135 or..
  10. Griffiths, J. F. A. et al. (2002). «Genética». McGraw-Hill Interamericana
  11. REPORT 2 OF THE COUNCIL ON SCIENCE AND PUBLIC HEALTH (A-12) American Medical Association (2012)
  12. United States Institute of Medicine and National Research Council (2004). Safety of Genetically Engineered Foods: Approaches to Assessing Unintended Health Effects Testu osoa
  13. Elikagai transgenikoak:Eztabaida mahai gainean Zientzia.eus (1999)
  14. «"Hazien merkatua kontrolatzea da transgenikoen azken helburua"» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu