Ixodes ricinus Ixodidae familiako akain espeziea da, Europan banaturik dagoena. Parasitoa da, ostalarien odoletik elikatzen dena. Lyme gaitzaren eta akainek garraiatutako entzefalitisaren bektorea da.

Ixodes ricinus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaArachnida
OrdenaIxodida
FamiliaIxodidae
GeneroaIxodes
Espeziea Ixodes ricinus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Deskribapena aldatu

Gorputz oboidea edo udare-formakoa dute, marroi gorrizta; puzten denean, emearen sabelaldea gris argia izaten da. Ar helduak 2,5-3 mm luze dira, eta emeak 3-4 mm luze, odola xurgatu aurretik, beti ere. Ez dute begirik, eta aho-piezak eraldaturik daude odolaz elikatu ahal izateko: zentzumen-palpoak, kelizeroak (lurrazala ebakitzeko) eta hipostoma (odola xurgatzen duen xiringa). Gorputzean, prosoma eta opistosoma baturik daude. Ezkutu izeneko kitinazko estalkiak arren gorputz osoa babesten du; emeen gorputza, berriz, ez du erabat estaltzen. "Ezproi"-ez hornitutako lau hanka pare dauzkate (larbek hiru pare).[1]

Bizilekua aldatu

Hezetasun erlatibo altua atxikitzen duten sastrakadi itxietara egokiturik dago, eguzkiaren izpi zuzenen kontra babesturik. Bai basoetan, bai zuhaitzik gabeko eremuetan bizi daiteke, mikroklima egokia sortzen duen landaredia baldin bada (iratze arrunta, txilarrrak, ote zuria...).[2]

Banaketa aldatu

Europan, Portugaldik Errusia eta Eskandinaviaraino, Iparraldeko Afrikan eta Ekialde Hurbilean banaturik dago.[3] Euskal Herriko akain espezierik ugarienetako bat da.[2]

Bizi zikloa aldatu

 
Ixodes ricinus emea hantua odola xurgatu ondoan.

Ixodes ricinusek hiru garapen-fase ditu: larba, ninfa eta helduaroa. Fase horietako bakoitzean ostalari baten odola xurgatu behar du. Akain eme helduak arrautzak landareetan erruten ditu eta, baldintza atmosferikoak egokiak direnean, 1 mm baino txikiagoko hiru hanka-pare dituzten larbak jaiotzen dira. Larbak, orokorki, hiruzpalau egunetan elikatzen dira basapizti txikiengandik eta, gero, lurrera jaisten dira, non azalberritutako ninfa bihurtzen diren.[2]

Hauek apur bat handiagoak dira (2 mm), lau hanka-pare dituzte eta basapizti txiki, etxe-abere edo gizakiarengandik elikatu ohi dira. Beterik daudenean, lurrera erori eta azalberritu egiten dira. Era horretan heldu bihurturik (ar edo eme), animalia handi bati edota gizakiari lotuko dira. Akain emeek bospasei egunetan segitzen dute elikatzen eta, arrek ernaldu ondoren, landaredian erori eta arrautzak erruten hasten dira.[2]

Eritasunen transmisioa aldatu

Azienden eta gizakiaren gaixotasun ugari transmititu ditzake Ixodes ricinus-ek, besteak beste babesiosia (Babesia divergens, B. bovis eta B. ovis protozooek eragindakoa), Lyme gaitza (Borrelia burgdorferi), anaplasmosia (Anaplasma phagocytophilum), akainek garraiatutako entzefalitisa eta Q sukarra (Coxiella burnetii).[4][5]

Lyme gaitzari dagokionez, Borrelia burgdorferi bakterioa lakasten garapenaren fase guztietan ager daiteke. Gordailua (zenbait herrialdetan oreinak eta basasaguak hartzen dira gordailutzat), hau da, infekzioaren eramaile pasibo baten odola irenstean larbak infektatzea askotan gertatzen da. Gizakiari ninfek eta helduek kutsa diezaiokete eritasuna ahalbide handiagoz.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. Walker, Mark. The biology and ecology of the Sheep Tick (Ixodes ricinus). Antenna 2018: 42 (2), academia.edu (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  2. a b c d e Anda, Pedro; Barral, Marta; García-Moncó, J. Carlos eta Garcia-Pérez, Ana. Lymeko gaixotasuna. Kaparrek kutsaturiko infekzio-gaixotasuna. Elhuyar aldizkaria, 130. zenbakia, 1998/04/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  3. Ixodes ricinus - Factsheet for experts. ecdc.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  4. Sprong, H., Tijsse-Klasen, E., Langelaar, M., De Bruin, A., Fonville, M., Gassner, F., Takken, W., Van Wieren, S., Nijhof, A., Jongejan, F., Maassen, C.B., Scholte, E.J., Hovius, J.W., Emil Hovius, K., Spitalská, E., Van Duynhoven, Y.T.. Prevalence of Coxiella burnetii in ticks after a large outbreak of Q fever. Zoonoses Public Health. 2012 Feb;59(1):69-75, ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  5. Rodríguez Arranz, C.. Enfermedades transmitidas por garrapatas en pediatría. aepap.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).

Kanpo estekak aldatu