Ijitoen Sarekada Handia

Ijitoen Sarekada Handia (gaztelaniaz: Gran Redada de Gitanos), edo ijitoen atxilotze orokorra (prisión general de gitanos) Espainiako monarkiak antolatu eta zilegitu zuen sarealdia izan zen, Erresuma osoko ijitoen atxilotzea eta kontzentrazio-esparruetan kartzelatzea helburua zuena. Fernando VI.a Espainiakoa erregeak sarekada agindu eta Ensenadako markesak antolatu zuen eta 1749ko uztailaren 30ean aldi berean egin zuten Espainian zehar.[1]

Ensenadako markesa, sarekada antolatu zuen ministroa.
Fernando VI.a Espainiakoa, sarekada onartu zuen erregea.

1695eko Karlos II.aren errege-agindu baten bitartez, ijitoak herri batzuetara mugatu ziren.[2] 1717an emandako beste errege-agindu batek 75 herri eta auzo batzuetara mugatu zituen ijitoak, eskualde jakin batean bildurik ez izateko.

Antolaketa

aldatu

Sarekadaren planak sekretuz egin zuten. Gaspar Vázquez Tablada, Oviedoko gotzaina eta Gaztelako Biltzarrerako buruak lehenengo planak proposatu zituen. Francisco Rávago erregearen aitor-entzulea eta aita jesuitak planak babestu eta sarekadaren moralitatea indartu zuen honakoa adieraziz:

« Biltzarrerako buruak Jainkoari higuingarria eta gizakiari kaltegarri den arraza gaizto hau deserrotzeko proposaturiko bideak primerakoak iruditzen zaizkit. Erregeak Jaungoikoari, Gure Jaunari, opari handia egingo lioke jende honetaz libratuz. »


Plana ijitoen kokalekuetara gudarosteak bidaltzea zen, instrukzio zigilatuekin, komandanteek bakarrik aurretik ezagutzen zituztenak. Kokalekuak setiatu eta gizonezko ijito heldu guztiak Itsas Armadako armategietan, meategietan, espetxeetan edo lantegietan bortxazko lan bidaltzeko asmoa zuten. Emakumeak eta umeak, berriz, ehungintzara bidali behar zituzten. Bidaiatzeko gaixoegiak zeudenak militarren begiratzepean geratuko dira, errekuperatu edota "kristau heriotza" izan arte. Operazioa finantzatzeko ijitoen etxeak eta ondasunak konfiskatuko dituzte.[1]

Sarekadaren efizientzia kokalekuz kokaleku aldatu zen: Sevillan hiriko ateak itxi ondoren, ijitoak ez zirenak ere beldurtu ziren. Elizetan aterpe ez izateko ediktu bereziak eman zituzten. Gainera, askotan zaila bilakatu zen nor zen ijitoa eta nor ez zehaztea eta gehiegikeriak izan ziren. Adibidez, ijitoak ez zirenekin ezkonduta zeuden ijitoak errespetatu zituzten. Ijito nomadak, jada gutxi zirenak, atxilotzeko zailenak izan ziren. Edonola ere, ia 9.000-12.000 ijito atxilotu zituzten baina atxilotutako guztiak kartzelatzeko planek porrot egin zuten.

Ondorioak

aldatu

Beste herritar taldek protestatu ondoren, jatorrizko aginduak aldatu eta zenbait ijito aske utzi zituzten, komandanteen harridurarako. Epeka-epeka, kartzelatzeak noizbehinkako bilakatu ziren eta 1763an, oraindik bortxazko lanak egiten ari ziren ijitoak askatu ziren (hala ere, beste bi urte ere eman zituzten lanean).

Sarekada Handia espainiar koroak herrialdea 'garbitzeko' egin zuen azken saiakera izan zen, 1492an juduak eta 1609an moriskoak egotzi eta gero.

Bibliografia

aldatu
  • (Gaztelaniaz) Antonio Gómez Alfaro, La Gran Redada de Gitanos, Ed. presencia gitana, Madril, 1993. ISBN 84-87347-09-6
  • (Gaztelaniaz) Teresa San Román. La diferencia inquietante, (esp. págs. 38 a 43) Ed. Siglo XXI. Madril, 1997. ISBN 84-323-0951-6
  • (Gaztelaniaz) Angus Fraser, Los gitanos, (esp. pág. 170 y sig.), Ed. Ariel, Bartzelona, 2005, ISBN 84-344-6780-1.
  • (Ingelesez) Becky Taylor, Another Darkness Another Dawn Londres. 2014.ISBN 978-1-78023-257-7

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Taylor, Becky. (2014). Another Darkness Another Dawn. Londres: Reaktion Books Ltd.:, 105 or. ISBN 978-1-78023-257-7..
  2. (Ingelesez) Gómez Alfaro, Antonio. (PDF) The Great "Gypsy" Round-up in Spain. , 4 or..

Kanpo estekak

aldatu