Aqua-musikal

igeriketa balletak oinarri dituzten film musikalak

Aqua-musikala 1940ko eta 1950eko hamarkadetan Hollywood-eko zine industrian ekoitzi zen film azpigenero bat izan, musikalen kategoriakoa, non igeriketa sinkronizatuan oinarritutako uretako balet zenbakiak ikuskizunaren parte funtsezkoa ziren. Esther Williams igerilari eta aktorea izan zen nagusiki film haien izarra.

Aurrekariak

aldatu

Esther Williams protagonista izan zuten film hauetan koreografiak Busby Berkeleyk egiten zituen, baina ez zen bere berezitasun bakarra, musikaletarako lan asko egin zuen Hollywood-en, Judy Garland edo Carmen Miranda bezalako izarrekin adibidez.[1] Igerileri mordoa forma geometrikoetan konbinatzen lortzea, horixe izan zen Berkeleyren ekarpenetako bat. Hain zuzen ere, Footlight Parade filmean 1933an Berkeleyk sartutako eszena koreografiatu, dantzariek igerileku bateko txirrista fantastiko batzuetan egindako zenbaki bat, aurrekaria izan zen gerorako.[2]

1930eko hamarkadan beste aurrekari bat izan zen Kay Curtis izan zen, zeinak 24 emakumezko igerilari talde batekin (The Modern Mermaids, itsaslamia modernoak) Chicagoko Mundu Azokan igerilekuko ikuskizun bat antolatu zuen.[3]

Urrezko aroa

aldatu

Zinean ideia berreskuratu zuen MGM konpainiak 1944an Bathing Beauty ekoitziz 1944an. Uretako dantza eszeak ez ziren asko izan film horretan, baina publizitateak bainujantziz erakutsi zuen Esther Williams protagonista, eta horrek ospea eman zion.[4]

Hurrengo urteetako ekoizpenak konpainia berarenak izan ziren, betiere Williams zelarik izar, technicolor koloretsuan filmatuak, eta eskapismo intentzio batekin eginak. Generoko film esanguratsuak izan ziren Easy to Love, Texas Carnival, On an Island with You, Dangerous When Wet, Million Dollar Mermaid (ospetsuena agian eta Williamsen faboritoa), Neptune’s Daughter, eta Jupiter’s Darling. [5] [6]

1950eko hamarkadaren amaieran, generoak ez zuen eboluzionatu. Publikoak ez zuen jada bainujantziz apaindutako emakume dantzarien exotismoa apreziatzen, eta film hauek desagertu egin ziren. 2016an Coen anaien Hail, Caesar! komediak berreskuratu zuen uretako ballet ikusgarri bat,[2] eta igeriketa sinkronizatuaz egin dira filmak han hemenka; eta show retro bezala egiten dira ikuskizunak.[7]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) admin. (2016-05-03). «El mago de las coreografías hipnóticas» Sara Esteller (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  2. a b (Ingelesez) Crawford, Lillian. (2023-05-25). «The Little Mermaid & the Legacy of the Aquamusical» www.curzon.com (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  3. (Ingelesez) The Fair that brought Synchronized Swimming to the Masses | Playing Pasts. (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  4. (Ingelesez) Hutton, Belle. (2017-08-09). «Celebrating ‘Hollywood’s Mermaid’, a 1950s Aqua Musical Star» AnOther (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  5. Michaela. (2017-08-03). «Twelve Favorite Water Ballets from Esther Williams.» Love Letters to Old Hollywood (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  6. (Ingelesez) Sire, Adeline. (2013-08-14). «The Global Reach of Esther Williams' Glamorous 'Aqua-Musicals'» The World from PRX (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  7. (Ingelesez) «‘AQUAdance’ – An Original Wet & Wild Water Ballet by Voci Dance» Voci Dance AQUAdance 2016-05-15 (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).

Kanpo estekak

aldatu