Iñaki Larramendi

euskal militante abertzalea eta enpresaburua

Iñaki Larramendi Lertxundi (Donostia, 1929 - Donostia, 2022ko irailaren 30a) euskal aktibista izan zen, Ekin taldearen eta ETAren sortzaileetako bat.[1][2][3]

Iñaki Larramendi
Bizitza
JaiotzaDonostia, 1929
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia2022ko irailaren 30a (92/93 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakaktibista eta enpresaburua
KidetzaEkin
Euskadi Ta Askatasuna

Bizitza

aldatu

Gerra bukatu eta handik hamar urtera hasi ziren militatzen Larramendi eta gerora ETA sortuko zuten haiek. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k kontatua dauka 1947an hasi zela bera Eusko Ikasle Alkartasuna (EIA) ikasle taldearekin harremanetan. Herbehereetan zuen egoitza, eta "Ikasle" izeneko aldizkari bat banatzen zuten Bizkaian, eta "Erne" izeneko beste bat Gipuzkoan. Harekin bateratsu zen Larramendi ere. 1950ean atxilotu zituzten Larramendi bera, Txillardegi —lehengusua zuen—, Iñaki Gantzarain eta Jose Maria Benito del Valle; EIA desegin zuten poliziek.[4]

Handik urte pare batera, 1952an, orduan elkartutako gazte haiek berriro elkartzen hasi ziren, beren kasa. Euskara ikasten, autore existentzialistak ikertzen eta euskal foru lege tradizionalak ikertzen hasi ziren. Autoformazio talde horrek Ekin izena hartu zuen 1953an; barne mailan erabiltzen zuten buletinaren izena zen berez. Larramendi bera 1953an sartu zen taldera.[4]

Ekinen Donostiako adarrean, Larramendi, Rafa Albisu eta Txillardegi elkartzen ziren. Bilbokoan zeuden Benito del Valle, Alfonso Irigoien, Gantzarain eta Julen Madariaga. 1954an, taldea zabaldu, eta jendea biltzen hasi ziren. EGIko militante ugari eurenganatu zituzten lehen urteetan, baina tirabirak ere hasi ziren, handik gutxira iritsiko zen hausturaren aurrekari zirenak. Harremanak onbideratzeko azken ahaleginetako batean parte hartu zuen Larramendik berak, Baionan.[4]

Amaitzetik urrun, abiatzen eta egituratzen ari zen Larramendik eta haren belaunaldikideek sortutako mugimendua. 1958an, ETAren eratze batzarra egin zuten Deban, eta han zen donostiarra. Artean ekintza armaturik egin gabea zen erakundea, baina, mugarria izan zen Jose Antonio Agirre lehendakari ohiaren heriotza, 1960an.[4]

Handik gutxira iritsi ziren ETAren lehen sabotaje ekintzak. 1961ean, soldadu ohi frankistaz betetako tren bat erreitik ateratzeko saioa egin zuen ETAk Donostian. Ekintza ez zen espero moduan atera, eta bere bidean jarraitu zuen trenak. Hala ere, sarekada handi bat izan zen, eta ETAko kide ia guztiak atxilotu zituzten; tartean, Larramendi. Torturatu ere egin zuten.[4] Soriako espetxera sartu zuten Larramendi, 10 urteko zigorrarekin, baina 1964an atera zen, baldintzapeko askatasunean.[1]

Behin kanpoan, ez zuen ETAn jarraitu, baina bai herrigintzari eta euskalgintzari lotuta; batik bat, ikastolen mugimenduan. Eta konpromiso hori ordaindu zuen. 1968an berriro atxilotu zuten, ETAk Melitón Manzanas hil eta gutxira. Ávilako San Bartolomé de Pinares herri txiki batera bidali zuten, eta han bizi behar izan zuen aldi batez. Egunero kuartel batera joan behar izaten zuen, sinatzera.[4]

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu