Hotan Hiria

Hotan» orritik birbideratua)

Hotan Hiria (uigurreraz: خوتەن شەھىرى‎; txinera sinplifikatuz: 和田市) Xinjiangeko basamortuko oasi-hiria da, Txinako Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan dagoena. 2010ko erroldaren arabera 322.000 biztanle ditu. Khotan erresuma budista sortu zuen I. mendean eta Zetaren Bidearen hegoaldeko adarrean pausaleku garrantzitsua izan zen.

Hotan Hiria
oasia
Administrazioa
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Eskualde autonomoXinjiang
PrefekturaHotan prefektura
Izen ofiziala和田市
خوتەن شەھىرى
Posta kodea839000
HerriburuaNurbagh Subdistrict (en) Itzuli
Geografia
Koordenatuak37°06′04″N 79°55′58″E / 37.1012°N 79.9327°E / 37.1012; 79.9327
Map
Azalera466.489 km²
Altuera1.382 m
Demografia
Biztanleria322.300 (2010)
Dentsitatea690,91 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia903
Ordu eremuaUTC+08:00
Matrikula新R
hts.gov.cn

Izenak aldatu

Sanskritoz idatzitako agiri zaharrenetan Godana izena zuen eta "behien lurraldea" esan nahi du. Txinatarrek Gu-dana esan baina Yu-t'ien idazten zuten. Denboran zehar izena aldatuz joan zen Khotan bihurtu arte. VII. mendean Xuanzang monjeak sanskritora itzuli zuen eta Kustana izena eman zion.

Tibetarrek hasierako izena mantendu zuten, Go-sthana ("behien lurraldea")[1].

Geografia aldatu

Kokapena aldatu

Taklamakan basamortuaren hego-mendebaldeko ertzean kokaturik dago. Kunlun mendien iparraldeko hegalean dagoenez neguan toki epela da. Bi ibai handik elikatzen dute Hotan hiriko oasia, Karakash ibaiak eta Jade Zuriaren ibaiak[2].

Klima aldatu

      Datu klimatikoak (Hotan (1971−2000))      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 0.8 5.9 14.8 23.5 27.6 31.0 32.4 31.4 27.2 20.2 11.1 2.6 19.0
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) −9.0 −4.4 3.0 10.2 14.6 17.7 19.3 18.3 13.5 6.0 −0.9 −7.1 6.8
Pilatutako prezipitazioa (mm) 1.6 2.0 1.3 1.5 6.6 8.2 5.7 4.9 1.8 1.3 0.1 1.5 36.5
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 2.0 1.7 0.7 1.1 1.9 2.6 2.9 1.8 0.8 0.3 0.3 1.2 17.3
Eguzki orduak 167.8 163.9 185.8 208.3 234.5 253.2 242.5 231.2 240.0 260.5 221.1 178.2 2587
Hezetasuna (%) 54 46 35 29 35 38 43 45 44 43 45 55 42.7
Iturria: China Meteorological Administration [3]

Historia aldatu

 
Khotan erresumako txanponak.

India eta Tibetetik Erdialdeko Asiara doan antzinako bidearen eta Zetaren Bidearen arteko bidegurutzean kokaturik dagoen hiria denez antzinatik markatal produktuen, teknologia garapenen, filosofien eta erlijioen transmisio handia izan da Hotanen.

Tokarioak bizi ziren bertan duela 2.000 urte. Tarim momien arteko asko eremu honetan aurkitu dira. Hotan hiritik ekialdera dagoen Sampul herrian 23 kilometro luze eta kilometro bat zabal den hilerri eremu itzela aurkitu da. Indusketek K.a. 300-100 urtekoak direla erakutsi dute eta hauetan feltro, artile, zeta eta kotoizko ehun zatiak aurkitu dira. 56 momiaren ikerketa antropologiko eta genetikoek kaukasoar arrazakoak zirela ondorioztatu dute[4].

Khotan erresuma budista aldatu

 
Budaren hormirudia, Dandan Oilik aztarnategian aurkiturikoa.

K.o. 56 urtean Khotan erresuma sortu zen. Munduko aurreneko estatu budistetako bat izan zen eta bidegurutze batean kokaturik zegoenez India eta Txinara erlijioa zabaltzeko bidea izan zen. Hiriburua gaur egungo Hotan hiriaren mendebaldean zegoen. Saka hizkuntza hitzegiten zuten, ekialdeko iraniar hizkuntzetako bat. 630 urtean Xuanzang monjeak ehun tenplo budista deskribatu zituen eta X. menderako baziren 400. Khotan erresuma inependentea izan zen historian zehar, baina tarteka txinatarren kontrolpean izatea egokitu zitzaion.

K.o. I. mendeko txanponek Kharosthi hizkuntzan eta txinatarrezko idazkiak erakusten dituzte. Garai horretan hasi zen bere botere eremua zabaltzen Yarkand eta Kashgar aldera iritsi arte[5]. Merkatal bideak ireki zituen eta hiria nabarmen haunditzen hasi zen. 73. urtean Guangde erregeak Khotan erresuma Han dinastiaren menpe ezarri behar izan zuen. Han liburuak dioenez 32.000 etxalde zituen eta 83.000 biztanle, hauetatik 30.000 armak hartzeko gai ziren[6]. Inguruko hiri handiena zen. Han dinastia 220 urtean amaitu zen eta Khotanek askatasuna berreskuratu zuen.

VII. mendean Tang dinastiak eskuratu zuen Txinako inperioa eta zabalkunde garai bat abiatu zuen. Mendebalderanzko bidean Tarim arroa konkistatu zuen eta 640 urtean Khotan erresuma hiria hartu zuen. Eskualde guztia kontrolatzeko lau gotorleku ezarri zituen, hauetako bat Khotanen. Tibet inperioko tropek txinatar gotorlekuak erasotu zituzten eta 665 urtean Khotan eskuratu zuten[7]. Hurrengo mendeetan inperio bien arteko borroken kokalekua izan zen eta sarritan aldatu zen berriz menperatua zian zen. eskuz, 851 urtean independentzia lortu zuen arte.

Khotan musulmana aldatu

IX. mendean Erdialdeko Asian turkiar jatorria zuten Karluk, Yaghma, Txigil eta beste hainbat leinuk Kara-Khanid Khanerria eratu zuten. Satuq Bughra Khanak Kashgar eskuratu zuen eta erresuma musulmanaren hiriburu bihurtu zuen. 970 urtean Khotan erresuma budista erasotu zuten baina khotandarrek aurre egin zieten[8]. 1006an berriz erasotu zuten eta garaile atera zirenez hiria eskuratu zuten[9]. 1165 artean hainbat alditan lortu zuen independentzia eta beste hainbatetan izan zen konkistatua. XIII. mendean Marco Polo merkatari veneziarra hirian izan zen eta ordurako khotandarrak musulmanak ziren. Honako hau idatzi zuen:

Khotan zeharkatzeak zortzi eguneko bidaia eskatzen du eta Kublai Khan mongolaren menpeko lurraldea da. Biztanleek Mahomari errezatzen diote. Hiri eta herri ugari ditu, eta hiri ikusgarriena hiriburua da, probintziaren izen bera daramana. Bizitzarako baliabideekin guztiz hornituta dago. Kotoia erruz hazten da. Mahastiak, granjak eta baratzak ugari ditu. Jendea merkataritzatik eta industriatik bizi da eta ez dira gerrazaleak[10].

Qing dinastia aldatu

XIX. mendean Qing dinastia zen nagusi Txinako inperioan. Enperadorearen aurkako Dungan matxinadan (1862–77) asko sufritu zuen, bai eta Yaqub Beg jeneralak Kashgaria erresuma sortu zuenean ere[2]. Qing inperioa 1912 urtean amaitu zen eta Errepublika sortu zen.

Hotan modernoa aldatu

Hiriko jauntxoek autodeterminazio mugimenduak abiatu zituzten eta hainbatek Khotango emir izendatu zuten beren burua garai hartan. 1937an matxinada islamdarra abiatu zuen Sheng Shicai gerrako jauntxoak baina Kuomintang-ek (Txinako nazionalistak) garaitu zuten.

1949an komunistek gerra zibila irabazi zuten eta Txinako Herri Errepublika sortu zen. 1984 urtean Hotan Konderritik banatua izan zen Hotan Hiria.

2009ko Ürümqiko istilu etnikoak gertatu zirenean Hotanen ere istilu larriak izan ziren. Hurrengo urteetan ere istilu berriak izan dira.

Demografia aldatu

1998 urteko erroldaren arabera Hotango populazioaren %83a uigurrek osatzen dute eta %17 baino ez dira Han txinatarrak[11].

Ekonomia aldatu

 
Nefrita jadea, "ahari gantza".

Historikoki nefrita jade ekoizlea izan da. Ibai nagusiaren izena "Jade zuria" da, izan ere jalkin alubialetan ugari agertzen baita. Duen kolore argiagatik "ahari gantza" ezizena eman izan zaio[2].

Ehungintza ere jarduera garrantzitsua izan da, uigurren jantzi tradizionalak eta alfonbrak ere egin izan dira[12], eta batez ere zetaren industria izan da garrantzitsua[13].

Garraioa aldatu

Ondasun nabarmenak aldatu

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) India and China: Interactions through Buddhism and Diplomacy: A Collection of Essays by Professor Prabodh Chandra Bagchi. Anthem Press 2011-10-01 ISBN 9780857288219. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  2. a b c Bonavia, Judy. (2004). The Silk Road: Xi'an to Kashgar. Revised by Christopher Baumer. Odyssey Publications, 306-319 or. ISBN 962-217-741-7..
  3. .
  4. Mallory, J. P. eta Mair, Victor H.. (2000). The Tarim Mummies: Ancient China and the Mystery of the Earliest Peoples from the West. Thames & Hudson. London., 132, 155-156 or. ISBN 0-500-05101-1..
  5. (Ingelesez) Yarshater, Ehsan. (1983). The Cambridge History of Iran. Cambridge University Press ISBN 9780521200929. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  6. Hill, John E.. (2009). Through the Jade Gate to Rome: A Study of the Silk Routes during the Later Han Dynasty, 1st to 2nd Centuries CE. Charleston, South Carolina: BookSurge ISBN 978-1-4392-2134-1..
  7. (Ingelesez) Beckwith, Christopher I.. (2009-03-16). Empires of the Silk Road: A History of Central Eurasia from the Bronze Age to the Present. Princeton University Press ISBN 9781400829941. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  8. (Ingelesez) Boda, Sharon La. (1994). International Dictionary of Historic Places: Asia and Oceania. Taylor & Francis ISBN 9781884964046. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  9. (Ingelesez) Millward, James A.. (2007). Eurasian Crossroads: A History of Xinjiang. Columbia University Press ISBN 9780231139243. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  10. (Ingelesez) Wood, Frances. (2002). The Silk Road: Two Thousand Years in the Heart of Asia. University of California Press ISBN 9780520243408. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  11. Stanley W. Toops. (2004). "The Demography of Xinjiang". In S. Frederick Starr (ed.). Xinjiang: China's Muslim Borderland. Routledge., 256–257 or. ISBN 978-0765613189..
  12. (Ingelesez) «Khotan rug» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  13. Hill, John E.. (2015). "Appendix A: Introduction of Silk Cultivation to Khotan." Vol. II, pp. 1-2. .
  14. Boulnois, Luce; Mayhew, Bradley; Sheng, Angela Yu-Yun. (2005). Silk Road : monks, warriors & merchants on the Silk Road. Odyssey Publications (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).

Kanpo estekak aldatu