Hizkuntza zaurgarri

erabilera galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza

Hizkuntza zaurgarri bat, desagertzeko arriskuan den hizkuntza bat edo galzorian den hizkuntza bat hiztunak galtzen ari den hizkuntza bat da, gertakizun jakin batengatik hiztunak hiltzen ari direlako (adibidez, genozidioa edo hondamendi naturalak) edo hiztunak beste hizkuntza bat erabiltzen hasi direlako.[1] Historian zehar hizkuntza asko desagertu dira, baina gaur egun azkarrago desagertzen hasi dira egungo garai historikoaren ezaugarri bereizgarriek eraginda: globalizazioa, migrazio masiboak, ordezkapen kulturala, inperialismoa, neokolonialismoa eta linguizidioa.[2]

Munduko hizkuntza zaurgarrien erdia baino gehiago zortzi herrialdetan hitz egiten dira (mapan gorriz adieraziak): India, Brasil, Mexiko, Australia, Indonesia, Nigeria, Papua Ginea Berria eta Kamerun. Herrialde horietan mundu osoan hizkuntza aniztasun handiena duten lurraldeak kokatzen dira (mapan urdinez adieraziak).

Hizkuntzak zaurgarritzen dituen fenomenoetako bat da hizkuntza-ordezkapena. Hizkuntza bat estatus sozial altuago batekin edo botere ekonomikoarekin lotzen denean, beste hizkuntza mintzatzeari utzi ohi zaio, lurralde edo herrialde baten jatorrizkoa bada ere. Fenomeno hau pairatzen duten lurraldeetan aniztasun linguistikoaren eta ondasun kulturalen galera azkarra izaten da. Munduan fenomeno hau orokortu egin denez, hizkuntzalari ugari ados datoz XXII. mendea hasi baino lehen munduko hizkuntzen %50-%90 artean zaurgarriak izango direla baieztatzean. Egun, hizkuntzalarien kontsentsua jarraituz, 6.000 eta 7.000 hizkuntza artean mintzatzen dira munduan. Alabaina, munduko hogei hizkuntza mintzatuenetako bat darabil munduko populazioaren erdiak eta munduko hizkuntza gehienek 10.000 hiztun baino gutxiago dituzte.[3]

Hizkuntza baten heriotzaren lehen pausoa zaurgarritasun potentziala da. Egoera honetan, hizkuntzak kanpo-presio sendoa jasaten du, baina zenbait hiztun komunitatek hizkuntza hurrengo belaunaldiei transmititzen jarraitzen dute. Bigarren pausoa zaurgarritasuna da. Egoera honetan hiztun gutxi ditu hizkuntzak eta haur gehienek ez dute ikasi hizkuntza. Hirugarren pausoa zaurgarritasun larria da. Egoera honetan hizkuntza ziur aski belaunaldi baten buruan galduko da. Laugarren pausoa hilzoria da eta azken pausoa desagerpena.

Munduan zehar badira hainbat proiektu helburutzat hizkuntza zaurgarriak biziberritzea edo haien desagerpena ekidin edo mantsotzea dutenak. Horretarako, hizkuntzaren irakaspena hezkuntzan txertatzea edo biziberritzea legezko neurrien bidez burutzea proposatu ohi da. Beste aditu batzuek onartu egiten dute munduko hizkuntza zaurgarri gehienak galdu egingo direla eta horiek dokumentatzen saiatzen dira, gutxienez haien arrastoa gera dadin.[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. «What Is an Endangered Language? | Linguistic Society of America» web.archive.org 2022-03-23 (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  2. (Ingelesez) «Native Tongue Title» professorzuckermann (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  3. a b (Ingelesez) Austin, Peter K.; Sallabank, Julia. (2011-03-24). The Cambridge Handbook of Endangered Languages. Cambridge University Press ISBN 978-1-139-50083-8. (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).