Hondamen natural
Artikulu edo pasarte honek eduki, gramatika, hiztegi edota ortografia akatsak ditu. Lagundu nahi baduzu, zuzendu ezazu. |
Hondamen[1] edo hondamendi[2] natural bat, energia handiko gertaera natural batek (hala nola uholde, sumendi erupzio, luizi, lurrikara edo ekaitz batek) eragiten duen kalte material eta pertsonal multzo larria da, une eta leku jakin batean jazotzen dena. Gertaera hauek planetaren dinamika naturalak sortzen ditu, baina gizakiak eragindako ekintza batzuek (deforestazioa, kutsadura eta abarrek) areago ditzakete.

Fenomeno naturalak (euria, lurrikarak, urakanak eta tsunamiak, besteak beste) hondamendi bihurtzen dira “normaltasun-muga” gainditzen dutenean, oro har parametro baten bidez neurtua dena. Fenomeno motaren arabera aldatzen da parametro hori, hala nola, momentu sismikoaren magnitudea, Richter eskala lurrikarentzat, Saffir-Simpson eskala urakanentzat, etab. Hondamendi baten ondorioak handitu egin daitezke lurralde antolakuntza txar baten ondorioz[3], edo segurtasun neurri, larrialdi plan eta alerta sistema faltagatik. Bestalde, azkenaldian zailagoa da zehazten hondamendi naturalen eta gizakiak eragindakoen edo areagotuen arteko desberdintasuna[4][5][6], faktore ugarik parte hartzen baitu hondamendien sorreran, horien artean arkitekturak[7] suak,[8][9] baliabideen kudeaketak[9][10] eta are klima aldaketak[11]. Gertaera kaltegarri bat ez da hondamendi mailara igoko, baldin-eta populazio zaurgarri batean gertatzen ez bada.
Hondamen meteorologikoakAldatu
ZikloiakAldatu
Zikloiak, ekaitz tropikalak, urakanak edo tifoiak itsaso tropikaletan sortzen diren ekaitz bortitzak dira. Itsasoetan sortu arren, maiz kostaldera jotzen dute eta bertan suntsiketa handiak eragiten dituzte.
TornadoakAldatu
Tornadoa zerutik lurrera doan eta bere baitan biratzen duen aire zurrunbiloa da. Tornado baten aireak 100-400 km/h abiadura izan dezake eta alderantzizko kono baten itxura du.
Tornado bat sortzeko hiru osagai beharrezkoak dira: aire-masa bero eta hezea, beste aire-masa hotz eta idorra eta goranzko haizea. Aipaturiko elementuak beharrezkoak badira ere, berez ez dituzte tornadoak sortzen, prozesua konplexuagoa baita. Tornadoaren indarra neurtzeko Fujita-Pearson eskala erabiltzen da. Antartidan izan ezik mundu osoan daude tornadoak baina leku batzuetan besteetan baino gehiago sortzen dira, Ameriketan esaterako.
TraganarruakAldatu
Itsasoan sorturiko haize zurrunbilo indartsuak dira traganarruak, kumuloninbo handien azpian sortuak. Ez dira tornadoak bezain arriskutsuak, baina itsasontziei kalteak eragin diezazkiekete.
SimunakAldatu
Simunak Sahara, Jordania, Siria, Palestina eta Arabian gertatzen diren fenomenoa dira. Hondar anitz daramaten haize bortitz, bero eta lehorrak dira, oso azkar garatzen direnak. Haizeak eta hondarrak dakartzan ohiko ondorio txarrez gain, gizaki eta animaliei kalte handia eragiten die, itolarria eta hipertemia eragiten baitu, besteak beste
LehorteakAldatu
Lehortea leku konkretu batean ura, lekuko landareen, gizakien eta animalien ur beharra asetzeko heltzen ez denean gertatzen da. Lehorteen eragile nagusia euri gabezia da. Hainbat hilabete edo zenbait urte ere iraun dezakete. Lehortea oso gogorra bada lurra pitzaduraz bete eta basamortuko klimaren antzeko baldintzak sortzen dira.
Lehorteek hainbat zorigaitz eragiten dituzte:
- Nekazaritzan landareak ur faltagatik hiltzen dira
- Basoetan zuhaitzak hil edo gaixotasunek jotzen dituzte
- Nekazaritzako hainbat abere hiltzen dira
- Gizakiaren eguneroko beharretarako ur falta
Hondamen geologikoakAldatu
Sumendi erupzioakAldatu
Sumendiak lurrazaletik mantura dauden irekidura batzuk dira. Irekidura horretatik ateratzen den magma hoztean sortzen diren mendiei deritzegu sumendiak. Sumendiak aztertzen duen zientziari bolkanologia deritzo. Sumendiak normalean bi edo hiru plaka tektoniko elkartzen diren lekuetan sortzen dira (failak askotan).
Sumendiak lehertzeak sortzen ditu hondamendi naturalak, inguruan giza populazioak direnean. Izan ere, historian zehar, hainbat sumendik gizakiari hondamendi erraldoiak eragin dizkio (Vesuvio Ponpeian, Krakatoa Indonesian…). Sumendiak bi jarduera mota dauzkate, hots, efusiboa eta leherkorra:
- Jarduera efusiboa: Laba basaltozkoa da, ez daude gas pilaketarik eta piroklasto oso gutxi. Horren ondorioz, laba ez da metatzen eta asko zabaltzen da.
- Jarduera leherkorra: Laba likatsua, gas pilaketa handiak eta piroklasto ugari. Horren ondorioz gas metaketa handiak egiten dira leherketa erraldoiak sortuz.
LurrikarakAldatu
Lurrikara lurzoruaren astinaldi edo mugimendu bortitzak dira, normalean jatorri tektoniko edo bolkanikoa dutenak. Sismologia deritzo lurrikarak aztertzen duen zientziari.
Lurrikarak normalki plaka tektonikoen talken ondorioz sortzen dira, baina sumendien erupzioen ondorioz ere sor litzakete. Lurrikaren sortze puntuari hipozentro deritzogu eta bere bertikalean dagoen lurrazaleko puntuari (eta, noski, kaltetua izango den lehen puntuari) epizentro. Lurrikarak sumendiak failetan gertatzen dira gehienetan. Failak bi plaka tektonikoen artean sortzen diren zirrikitu erraldoiak dira. Lurrikarak hainbat hedatzeko modu daukate: P modua, S modua eta Love eta Rayleigh modua.
Lurrikarak, hainbat eskaletan neur daitezke: Richter eskala, momentuko magnitude eskala eta MSK eskala. Historia osoan zehar hainbat bider itzelezko lurrikarak egon dira milaka eta milaka pertsonei etxerik eta askori bizirik gabe uztean.
Luizi eta elur-jausiakAldatu
Luizi eta elur-jausiak goitik beherako higidurak dira, erorketak, batez ere elur, izotz, harkaitz, lur edo mendi-hegaleko landarediaren nahasketaz osatutako materialena. Elur-jausien arrisku handiena neguan izaten da, kilometroak egin ditzakete, eta mendi-mazelaren erabateko suntsipena eragin, parean aurkitzen duen guztia txikituz. Luiziak lurrikarek, sumendi erupzioek edo inguruko eremuaren ezegonkortasunak eragin ditzakete. Lokatz- edo lohi-luiziak luizi mota berezi bat dira, euri-jasen ondorioz lurrean sartzen den urak eragiten dituenak, lurra aldatuz eta irristatzea eraginez. Lurrikara, tsunami edo iraupen luzeko euriteen ondoren gertatzen dira lur-jausiak.
Hondamen hidrologikoakAldatu
UholdeakAldatu
Uholdea urak normalean okupatzen ez duen eremu bat hartzen duenean gertatzen da, erreka eta ibaiek gainezka egiten dutenean, itsas-mailaren ezohiko igoeragatik edo tsunamiengatik. Ibai-uholdea periodikoki leku batzuetan gertatzen den uholdea da. Uholde hauen sorketa gertatzeko hainbat era daude:
- Euriaren ondorioz
- Ibai baten gorabeheren ondorioz
- Tsunami edo itsasikara batengatik
Aurre-historian hainbat eta hainbat uholde izugarri gertatu dira desglaziazioarengatik, eta gainera oraindik ere uholde erraldoiak eta ezin txarragoak gertatu dira (1959 Uruguai, 1972 New York…)
TsunamiakAldatu
Tsunamiak itsasoan sortzen diren olatu erraldoiak dira. Tsunamiak jatorri ugari dauzkate; itsasikara, itsaspeko sumendiak, luiziak… Baina tsunamien % 90 baino gehiago itsasikaren ondorioz dira.[12]
Itsasikarak itsaspeko plaka ozeanikoa bortizki igotzen edo jaisten direnean sortzen dira, plaka tektonikoen talka dela eta, gainean duen ur masa desplazatzen du. Grabitatearen eraginez, ur masa handi honek oreka bilatzen du eta alboetara hedatzen da. Tsunamiak orokorrean, plaka ozeaniko bat plaka kontinental baten azpian irristatzen denean, subdukzio izeneko prozesuan sortzen dira. Historian zehar tsunamiek milaka herri eta hiri hondatu eta txikitu dituzte (San Frantzisko, Tumaco, Mesina…)
BestelakoakAldatu
SuteakAldatu
Kontrolik gabe hedatzen den suak dira suteak. Kalte material handiak eragin ditzakete, bai bizitokietan baina baita nekazal inguruan ere, hondamen ekologikoaz gain.
IzurriteakAldatu
Izurriteak ohi baino arinago hedatzen diren gaixotasun kutsakorrak dira. Gizakiei eragiten dietenak eta animali zein landareei eragiten dietenak bereiz daitezke. Lehenak zuzenki gaixotzen ditu gizakiak, heriotzak eraginez, baina bigarrena ere hondamenditzat har daiteke, gosete handiak sor baititzake.[13]
KalteakAldatu
Nazio Batuen babespean nazioarteko elkarlanerako gune bat eratzea izan da 1990-2000 hamarraldiaren asmoa, hala nazio aberatsek pobreekin batera jardun dezaten hondamen naturalak ezagutzeko, aurreikusteko, eta haien kalteak murrizteko. Izan ere, Lur guztian 340.000 milioi dolarreko galerak eta hiru milioi eta erdi hildakotik gora eragin zituzten hondamen naturalek 1965 eta 1992 bitartean. 1990eko hamarraldiaren lehenengo lau urteetan bakarrik eguratseko gertaera ez ohikoek eragindako kalteekin batera etorri diren galera ekonomikoak 195.000 milioi dolarrekoak izan ziren, eta, beraz, Munduko Produktu Gordinaren %0,25 galdu zen, batez beste, urtean, eta 190.000 pertsona hil edo desagertu.
Hondamen naturalen arazoa are kezkagarriagoa da, baldin-eta kontuan hartzen bada eguratseko gertaera ez ohikoek behin eta berriro hondatzen dituztela herri eta lurralde jakin batzuk, eta horren ondorioz herrialde horiek ekonomia lur jota daukatela, bizi maila ezin hobeturik. Horrez gainera, garabidean diren herrialdeak edo artean garatu gabeak dira kalte gehien izaten dituztenak, eta horrela, hondamenak are handiagoak izaten dira.
Hori gertatzen da, adibidez, Bangladeshen eta Indian, Ganges, Brahmaputra eta Indo ibaien uholdeek eta Indiako ozeanoko zikloiek kalte handiak eragiten baitituzte; zikloi tropikalek ere txikizio handia egiten dute Filipinetan eta Madagaskarren; Perun, berriz, «El Niño» esaten zaion gertaerak eragin handia du herrialde horretako arrantzan. Herrialde garatuetan ere galera handiak eragiten dituzte klimaren zenbait gertaerak, batez ere nekazaritzan, baina baita gainerako alorretan ere. Herrialde garatuei dagokienez, aipagarria da Estatu Batuetako erdialdeko lautadaren kasua (tornadoen eraginpean dago), kostaldearena (urakanek gogor jotzen dute bazter hartan) edo Mississippi ibaiaren arroa (uholde ugari izaten da); eta nabarmentzekoa da, orobat, Australiako erdialdeko lurraldeen kasua, lehorte handiak eta sute handiak izaten baitira han. Era berean, euri erauntsi gogorrek kalte handiak eragiten dituzte uda amaieran eta udazken hasieran Mediterraneo inguruan, eguratseko eta itsasoko gertaerek garai jakin batzuetan bat egiten dutenean.
Espainian eguratseko gertaera ez ohikoek Barne Produktu Gordinaren %0,15 eta 1 arteko galera ekonomikoak eragiten dituzte (nolako urte, halako galera), eta kalte horietatik gehienak (%60-75) nekazaritzan gertatzen dira.
1980ko hamarraldian, esaterako, hondamen natural asko izan ziren: Euskal Autonomia Erkidegoan aipagarriak izan ziren 1983ko abuztuko uholdeak, eta 1989ko lehortea, areago izan zena hidrologikoa eguratseko gorabeheren ondoriozkoa baino. Eta 1990eko hamarraldiari dagokionez, uholdeak izan ziren Donostian 1992ko ekainean eta Donostialdean 1997ko maiatzean. Dena dela, bereziki aipagarria izan zen 1996ko abuztuan Arás baserreka izan zen bat-bateko uholdea (Huescako Pirinioak), euri erauntsi batek eragina, 86 lagun hil baitziren gertaera haren ondorioz.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Hondamen Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-26)
- ↑ Hondamendi Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-03-26)
- ↑ Arrisku geologikoak. (Noiz kontsultatua: 2021-3-26).
- ↑ (Ingelesez) Why natural disasters aren't all that natural. 2020-11-26 (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ (Ingelesez) Beyond 'natural-disasters-are-not-natural': the work of state and nature after the 2010 earthquake in Chile. 2016-12-1 doi: ..
- ↑ (Ingelesez) There’s No Such Thing as a Natural Disaster. 2006-06-11 (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ (Ingelesez) Proceedings of the tenth world conference on earthquake engineering. ISBN 978-90-5410-060-7..
- ↑ (Ingelesez) Wildfire Causes and Evaluations (U.S. National Park Service). 2018-11-27.
- ↑ a b (Ingelesez) Humans cause 96% of wildfires that threaten homes in the U.S.. 2020-09-15 (Noiz kontsultatua: 2020-12-29).
- ↑ (Ingelesez) China's great famine: 40 years later. , 1619–1621 or. doi: . PMID 10600969..
- ↑ (Ingelesez) McGuire, Bill. (2012). Waking the Giant: How a changing climate triggers earthquakes, tsunamis, and volcanoes. ISBN 978-0-19-959226-5..[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Zientzia, Elhuyar. (2008-12-01). «2004ko tsunamia azken sei mendeetako handiena izan zen» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).
- ↑ Aitziber, Agirre Ruiz de Arkaute. (2019-01-09). «Intsektuen izurriteak kontrolatzeko teknika berria, CRISPR bidez» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).
Ikus, gaineraAldatu
Kanpo estekakAldatu
- "World Bank's Hazard Risk Management". World Bank. Archived from the original on 2010-04-09. Retrieved 2007-06-30.
- "Billion-dollar Weather and Climate Disasters". NCDC.
- "Global Disaster Alert and Coordination System". European Commission and United Nations website initiative.
- "Natural Disaster and Extreme Weather. Searchable Information Center". Ebrary.