Herri-salatari

Herri-salataria epaitegietan estatuaren izenean salatzeaz arduratzen den funtzionarioa da, akzio kriminala egikaritzean duena. Herri-salatariak gobernuaren izenean jarduten du, frogak aurkeztuz, gizartearen interesak aldeztuz eta legea ezartzea sustatuz. Herri-salatariari, Hegoaldean, fiskal[1] eta, Iparraldean, prokuradore[2] edo inperkadore[3] deitzen zaio.

Herri-salatariak epaiketa batean.

EspainianAldatu

 
Espainiako Fiskalek erabiltzen duten plaka.

Zuzenbide-izaeraAldatu

Espainian herri-salatariei fiskal (gaztelaniaz: fiscal) deitzen zaie, eta Justizia Administrazioarekin lankidetzan diharduen estatuaren organoa da. Fiskaltza gainerako aginteengandik beregaina da, eta legezkotasun-printzipioaren menpe bakarrik jarduten du. Ez dauka jurisdikzio-ahalmenik --hots, ez dauka epaitzeko eta epaitutakoa betearazteko ahalmenik--, eta, berebat, pertsonal kolaboratzailea da, alegia, ez dago epaile edo magistratuen menpe, ez organikoki, ez funtzionalki. Fiskalen zuzenbide-izaera Espainiako Konstituzioaren (EK) 124.2. artikuluak eta Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 2.1. artikuluak arautzen dute:

Fiskaltzak berezko organoen bitartez betetzen ditu bere eginkizunak, ekintza-batasunaren eta hierarkia-mendekotasunaren printzipioekin bat etorriz, eta, edozein kasutan, legezkotasun- eta inpartzialtasun-printzipioen menpe.[4]

Fiskaltzak berezko zuzenbide-izaera daukan konstituzio-garrantziko organoa da, eta funtzio-beregaintasunez Epai Agintea osatzen du, berezko organoen bitartez bere egitekoa betetzen du, jarduera-batasun eta menpekotasun hierarkikoaren printzipioen arabera eta, betiere, legezkotasun- eta inpartzialtasun-printzipioen menpe.[5]

Horiek horrela, eman dezake fiskalek epai-agintea osatzen dutela, baina ez da horrela. Izan ere, fiskalak ez daude Epai Agintearen Kontseilu Nagusiaren menpe, ezpada Justizia Ministerioaren menpe, eta, epaile eta magistratuek ez bezala, batasun-jarduera eta menpekotasun hierarkikoaren arabera jarduten du.

Ondorioz, arestian aipatu den legez, fiskalak aginte betearazleak gidatzen ditu, eta hori hainbat egitatetatik ondoriozta daiteke. Lehenik, Estatuko Fiskal Nagusia (EFN) Espainiako Gobernuak proposatzen du; bigarrenik, fiskaltza era hierarkiko eta piramidalean antolatuta dago, eta EFNk agindu eta jarraibide orokor edo zehatzak arteztu ditzake behekoengana[6]; hirugarrenik, Justizia Ministerioak, EFNren proposamenez, diziplina-zigorrak ezartzen dizkie fiskalei; eta, azkenik, Gobernuak EFNri eska diezaioke epaitegien aurrean herri-interesa babesteko dagozkion jarduketak sustatzea[7].

AntolaketaAldatu

Espainian Fiskaltzak zenbait organo barne hartzen du:[8]

  • Estatuko Fiskal Nagusia. Organo nagusia da, eta Erregeak izendatzen du gobernuaren proposamenez, Epai Agintearen Kontseilu Nagusia entzun ostean. EFN izen handiko legelarien artean aukeratuko da, hamabost urte baino gehiagoko lanbide-jarduera eduki dutenen artean.
  • Kontseilu Fiskala, Areto Fiskalen Batzarra eta Autonomia Erkidegoetako Fiskal Nagusien Batzarra
  • Auzitegi Goreneko Fiskaltza
  • Konstituzio Auzitegiko, Kontu Auzitegiko, Auzitegi Nazionaleko, Autonomia Erkidegoetako, Probintzietako eta Areako Fiskaltzak
  • Bereziak: Droga-trafikoari aurre egiteko Fiskaltza berezia, Ustelkeriari eta Krimen Antolatuari aurre egiteko Fiskaltza

EginkizunakAldatu

Fiskalek mota biko eginkizunak dauzkate: orokorrak eta bereziak. Eginkizun orokorrak hauek dira: legezkotasuna, herritarren eskubideak eta herri-interes orokorra babestea. Eginkizun bereziak, berriz, delituetatik ondorioztatutako akzio kriminal eta zibilak egikaritzean dautza; zigor-prozesuan alderdi gisa esku hartzen du, eta prozesu zibiletan, adin txikikoak eta ezgaituak daudenean. Azkenean, fiskalek gizarte-interesa babestuko dute.[9][10][11]

Portaera-arauakAldatu

Espainian fiskalen antolakuntzazko portaera-arauak batasuna eta menpekotasuna dira[4][12]. Batasunak estatu osorako fiskaltza bakarra egoteak ekartzen du, EFNk zuzendua. Menpekotasunari dagokionez, jarduera-batasuna bermatzeko fiskaltza hierarkikoki antolatzen da; hau da, beheko organoek goikoen erabakien menpe jarduten dute. EFNk organo bakoitzaren fiskal-buruari agindu eta jarraibideak eman diezazkioke, hark ere bere menpekoei agintzeko.

Jarduerazko portaera-arauak legezkotasuna eta inpartzialtasuna dira[4][13]. Legezkotasunak fiskalek legearen menpe jardun behar dutela esan nahi du, EKren, legeen eta zuzenbide-antolamenduaren gainerako arauen arabera. Fiskalak dagozkion akzioak egikarituko ditu, eta behar den moduan egikaritu ez direnen aurka egin behar izango du. Bestalde, fiskalek inpartzialtasunez jardun beharra daukate; alegia, bere eginkizunak era objektiboan eta alderdikeria barik bete behar izango ditu.

LangileakAldatu

Karrera fiskala hierarkikoki antolatuta dagoen kidego bakarraz osatzen da, eta hiru kategoria ditu: Auzitegi Goreneko Aretoko Fiskalak --Auzitegi Goreneko magistratuen parekoak--, fiskalak --magistratuen parekoak-- eta abokatu-fiskalak --epaileen parekoak--[14]. Kategoriaz igotzeko irizpideak eskudunaren erabakia eta antzinatasuna dira. Batetik, erantzukizuneko karguak gobernuak erabakiko ditu (AGko fiskalak, JANen fiskal-buruak…). Bestetik, gainerakoak lehiaketaren bitartez zuzkituko dira, antzinatasunean oinarrituta.

Fiskaltzara sartzeko bide bakarra oposizio askeak dira. Horretarako, baldintzak honako hauek dira: Espainiako herritartasuna, adin-nagusitasuna, zuzenbidean graduduna izatea eta ezgaitasun-arrazoirik ez izatea[15].

Karrera fiskalaAldatu

Karrera fiskalak osatzen du hierarkikoki antolatuta dagoen kidego bakarra. Fiskalen hiru kategoria bereizten dira:

  1. Auzitegi Gorenaren Salako fiskalak. Auzitegi Gorenaren teniente fiskala hartuko da Salako presentetzat
  2. Fiskalak, magistratuen parekatuak
  3. Abokatu- fiskalak, epaileen parekatuak.

Karrera fiskala, karrera judizialarekin parekatzen da, hau da, ohore, kategoria eta ordainsariei dagokionez, karrera judizialeko kideekin parekatuta daude. [4]

Kategorien igoeraAldatu

Kategoria zehatza izateak Ministerio fiskalean goi mailako edo erantzukizuneko karguak izatea baldintzatzen du. igoera-sistemaren irizpideak bi dira: antzinatasuna eta eskumeneko erabakia.

Eskumeneko erabakia eta antzinatasunaAldatu

Baldintza batzuk betetzen dituzten fiskalak lehenengo kategoriara igotzeko sistema, hautatze librea da.

Bigarren kategoriatik lehenengora igotzeko, gobernuak erabaki behar du, estatuaren fiskal nagusiaren txostena kontuan hartuz. Hala ere, proposamen hau egingo da gutxienez zerbitzuko hogei urte izan eta bigarren kategorian daudenen artean.

Hirugarren kategoriatik bigarrenera igotzeko, antzinatasuna bakarrik hartzen da kontuan.

Karrera fiskalean sartzea [16]Aldatu

Karrera fiskalean sartzea oposizio askearen bitartez egingo da, legeak eskatutako gaitasunaren baldintzan biltzen dituztenean.

Parte hartzeko eskatzen diren baldintzak honako hauek dira:

  • Espainiarra izatea
  • Adin nagusikoa
  • Zuzenbidean lizentziatuta edo doktoratua
  • Legeak aurreikusitako ezgaitasunen ziopean ez egotea.

Legeak aurreikusten dituen ezgaitasun-zioak hurrengoak dira:

  • Beharrezko gaitasun fisiko edo intelektuala ez izatea.
  • Doluzko delituagatik kondenatuak. Ezarritako zigorra sei hilabete baino gehiagokoa ez bada, hiru urte arteko gabetzearren zigorrarekin ordezka daiteke.
  • Birgaitu ez diren konkurtsopekoak.
  • Nazionalitate espainiarrak galtzea.

Ministerio fiskalaren kideek, bere lehen lantokiaren edukitza hartu baino lehen, zin egingo dute Konstituzio eta legeak zaindu eta zainarazteko eta Erregearekiko leialtasunarekin funtzio fiskalak fidelki betetzeko. Lantokiaren Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salaren aurrean egingo da zin.

Salako fiskalek, karguari zin egingo diote, karrera fiskalaren lehenengo kategoriara heltzean. Kasu honetan, Espainiako Fiskal Nagusia egongo da presidentearen ondoan.

Autonomia-erkidegoen fiskal nagusiak kargua zin egingo dute bere Fiskaltzek egoitza duten hirian.

Probintzia Fiskaltzen eta Saileko Fiskaltzen fiskalburuak kargua zin egingo dute bere Fiskaltzak egoitza duen tokian, autonomia-erkidegoaren fiskal nagusia buru den ekitaldi batean.

Bestelako fiskalak kargua zin egingo dute lantoki izango duten Fiskaltzaren fiskalburuaren aurrean.

Fiskal maila galtzea[17]Aldatu

Fiskalaren maila galtzen da honako arrazoi hauengatik:

  • Uko egitea.
  • Espainiako herritasuna galtzea.
  • Zerbitzutik banantzearen diziplina-zigorra.
  • Kargu publikoetarako gaitasun-gabetzearen zigor nagusia edo osagarria.
  • Ezgaitasun-zio baten pean erortzea.

Hauei gehitzen da borondatezko edo nahitaezko erretiroa.

Eskubideak eta betebeharrak[18]Aldatu

BetebeharrakAldatu

Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren V. atalean aldarrikatzen dira hurrengo betebeharrak:

  1. Karguari fideltasuna: Karguan fidelki aritzeko betebeharra izango dute, funtzio hauek eraginkorrez betetzean.
  2. Lantoki ofizialeko herri berean bizilekua izateko betebeharra: Lantoki ofiziala duten herrian bizi beharko dute, bakarrik nagusi hierarkikoek baimena ematen dietenean bertatik kanpora joan daitezke.
  3. Isiltasun betebeharra: Sekretua gordeko dute bere kargua dela eta ezagutzen dituzten erreserbatutako gaietan.

EskubideakAldatu

Karreraren sustapenaAldatu

Kideek bakarrik oldez ahal izango dute langunetik aldatu. Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoak aurreikusten ditu nahitaez aldatzeko zioak.

  1. Fiskalaren eskaera.
  2. Kategoriaren plaza.
  3. Legeak zehaztutako bateraezintasunean erortzea.
  4. Fiskalburuarekin disidentzia larriak edukitzea.
  5. Auzitegiarekin aurre-emate larriak izatea.

Estatutuaren 23. artikuluak gehitzen du Ministerio Fiskaleko kideak autoritate direla efektu guztietarako.

Baimenak eta lizentziakAldatu

Baimenak, lizentziak eta ordainsari-erregimenak dituzte.

Ordaintzeko eskubideaAldatu

Ordaintze-erregimena ordainsarietan parekatuta dago epaile eta magistratuekin. Aldi berean, legezko baldintzetan laguntza egokia eta Gizarte Segurantza izango dituzte.

Elkartzeko eskubideaAldatu

Espainiar Konstituzioak 127.1. artikuluan ezartzen du elkartzeko eskubidea. Era berean, legeak zehaztuko du horien elkartze profesionalaren sistema eta modalitatea.

Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 54. artikuluak[19] fiskalek elkarte profesionalak sortzeko duten eskubidea aintzatesten du, baina jarraian zerrendatzen diren arauak errespetatuz:

  1. Fiskalen Elkarteek gaitasun osoa izango dute pertsonalitate juridikoa eta haien helburuak betetzeko.
  2. Elkarte horien kideak karrera fiskalarenak baino ezin dira izan.
  3. Fiskalak askeak dira elkarte profesionaletan afiliatzeko edo ez.
  4. Elkarte profesionalak baliozko moduan sortuta geratuko dira erregistroan inskribatzen diren unetik; Justizia Ministerioak egingo du hori.
  5. Estatutuen beharrezko aipamenak: Elkartearen izena, konnotazio politikorik ez izatea, helburu espezifikoak, elkartearen antolaketa eta ordezkaritza, afiliazio-erregimena,baliabide ekonomikoak eta kuota- erregimena eta Elkartearen zuzendaritza-karguak hautatzeko era.
  6. Elkarteek legez kontrako edo estatutuen mugetatik kanpoko ekintzak egiten dituztenean, Estatuko Fiskal Nagusiak elkartea deusezta premiatu ahal izango du, adierazpenezko epaiketa arruntaren bitartez.
ImmunitateaAldatu

Ezin izango dira atxilotu nagusi hierarkikoaren baimenik gabe, bi kasutan izan ezik:

  1. Eskuduna den autoritate judizialaren agindua dagoenean.
  2. Delitu goriaren kasuan.

FrantzianAldatu

Zuzenbide-izaeraAldatu

Frantziako zuzenbidean, herri-salatariei prokuradore (frantsesez: procureur) deitzen zaie, eta epaitegien aurrean erkidegoaren interesak eta legeak ezartzea aldezten duen agintaritza da. Frantziako zuzenbide-antolamenduan salatariak magistratutzat hartzen dira, zuzenbide zibila daukaten herrialde gehienen antzera. Defentsa nahi auzi-jartzailea ordezkatzen dituzten ohiko abokatuak auzi-aretoko aulki arruntetan jesartzen dira; salataria, ostera, epaileek egiten duten legez, oholtza batean jesartzen dira, epaian esku hartu ez arren.

AntolaketaAldatu

Frantzian herri-salataritzak barne hartzen ditu Salatari Burua (Errepublikako Prokuradorea lehenengo auzialdiko epaitegietan eta Prokuradore Nagusia apelazio-auzitegietan eta Auzitegi Gorenean) eta bere ondoko eta laguntzaileak (abokatu orokorrak eta ordezkoak).

EginkizunakAldatu

Herri-salatariek nagusiki zigor-arloan jarduten dute, polizia-ikerketa hasten denetik, egotzia epaitzen denera arte. Herri-salatariak atariko ikerketei ekin ohi die, eta, beharrezkoa izanez gero, epai-ikerketa formala zuzentzeko instrukziozko epaile bati esleitzea eskatzen du. Ikerketa epaile batek zuzentzen duenean, herri-salatariak ikuskaritzan jarduten du, eta epaileak eta segurtasun-indarrak aztertzen ari diren delituen irismena mugatzen du. Horretaz gain, defentsako abokatuak egin dezakeen bezala, herri-salatariak ikerketa osagarri bat eska dezake. Zigor-prozesuan salatariak epaiketan auzia epaimahaiaren aurrean aurkezteko ardura daukate. Herri-salatariek epairako gidalerroak iradokitzen dituzte, baina epaia epaimahaiaren esku geratzen da. Halaber, administrazio-eginkizun batzuk dauzkate.

Laburbilduz, herri-salatariak herri-ordena asaldatzen duten delituen aurka akzioa egikari dezake, eta auziari ekin. Herri-salataria polizia-zaintzari dagozkion neurriak kontrolatzen ditu, eta zigor-auziari buruz erabakitzen du (largespena, ikerketarako igorpena edo epaimahai bat osatzeko igorpena, zenbait kasutan lege bat ezeztatzeko helegitea, zigor-bitartekaritza, zigorrak osatzea edo errua aitortu aurreko agerpena).

Herri-salataritzaren akzioa arlo zibileko epaitegien aurrean lantzean-lantzean egikaritzen da, eta auzi-mota jakin batzuetara baino ez da bideratzen (egoera zibila, herritartasuna, hezkuntza-laguntza, eta abar).

Zentzu hertsian, ez dago herri-salataririk administrazio-arloko epaitegietan, finantza-arlokoetan izan eze. Azken horretan, ez dago izatez herri-salataritzarik, halakoetan estatuaren ordezkariak ez direlako epai-magistraturaren kide; beraz, parekotasuna betetzen duten eginkizunean datza.

Portaera-arauakAldatu

Frantziako herri-salataritza hiru portaera-arautan oinarritzen da: hierarkia, zatiezintasuna eta erantzukizunik eza.

Frantzian herri-salatariek zatiezintasunaren arabera jardun behar dute; horrek esan nahi du salataritzako kide bakoitzak hura osorik ordezkatzen duela, eta, beraz, edozein kideren ekintzek salataritza osoa nahasten dute. Berebat, kideok elkarren artean truka daitezke; epaiketa batean, esaterako, salataritzako magistratuek elkar ordeztu dezakete prozesua geldiarazi barik.

Erantzukizunik ezari dagokiola, salataritzako magistratuak bere okerren erantzule baino ez dira; ezin zaizkio prozesuaren kostak hari egotzi, auzi-jartzaileei egiten zaien moduan epaiketa galtzean. Ezin daiteke auzipetua izan entzunaldi batean esandakoagatik lesioak edo izen ona lohitzea leporatuta.

ErreferentziakAldatu

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  2. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  3. «inperkadore - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  4. a b c d «142.2. art.» Espainiako Konstituzioa. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 28 or.. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":0" defined multiple times with different content
  5. (Gaztelaniaz) «2.1. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  6. (Gaztelaniaz) «25. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  7. (Gaztelaniaz) «8.1. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  8. (Gaztelaniaz) «12. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  9. «124.1. art.» Espainiako Konstituzioa. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 28 or..
  10. «541. art.» Botere Judizialaren Lege Organikoa. in: Legeak Leyes. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 535 or..
  11. (Gaztelaniaz) «1., 3. eta 4. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  12. (Gaztelaniaz) «22. eta 25. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  13. (Gaztelaniaz) «6. eta 7. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  14. (Gaztelaniaz) «34. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  15. (Gaztelaniaz) «42-45. art.» «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  16. Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoa 44.art. .
  17. Ministerio Fiskalaren Estatuto Organiko 46.art. .
  18. (Gaztelaniaz) Montero Aroca, Juan. Derecho Jurisdiccional I. Tiranch lo blanch, 173 or. ISBN 9788491199816..
  19. «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-1982-837» www.boe.es Noiz kontsultatua: 2019-03-14.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu