Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris) hirundinidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan, hegoaldeko Asian eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[1].

Haitz-enara
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaHirundinidae
GeneroaPtyonoprogne
Espeziea Ptyonoprogne rupestris
Scopoli, 1769
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa2,08 g (pisua jaiotzean)
20 g (helduen pisua)
Zabalera0,32 m
Kumaldiaren tamaina3,2
Errute denbora15 egun

Txori honen Araozko (Oñati) izena Sandali-txorixa da, Sandaliko kobazuloan asko ikusten zirelako eta habiak ere egiten zituztelako bertan.

Lumaje arrea, hego luze eta zorrotzak, isats karratua eta moko eta hanka laburrak ditu. Hegan harrapatzen dituen intsektuak jaten ditu. Habia haitz eta labarretan egiten du; gutxitan eraikuntzetan. Kolonia txikiak osatzen ditu eta migratzailea da. Euskal Herrian, kumeak hazteko leku egokietan nahiko ohikoa da.[2]

Deskribapena aldatu

15 cm-ko neurria du. Ezaugarri bereizgarriei ondo erreparatu behar zaie enara arrunta eta enara azpizuria ahaideengatik bereizteko. Hegan enara arruntaren antza du, baina tonu arreak, zerrenda ilunik gabeak bularrean eta isats karratu bereizgarriarekin. Enara azpizurietatik bereizten da azpialdeko zati argiek kolore ketu-zikin samarra dutelako, bularrean argiagoa. Goialdetik begiratzeko aukera badugu, kolore arre-grisaxkakoak direla ikusiko dugu, hegoak ilunagoak dituztela. Buztana arre iluna du, eta erdiko lumak forma obalatuko orban zuri bat dute, enara arruntek dutenaren antzekoa. Familia honetan denak daukaten bezalako mokoa du, motza eta zabala, intsektuak hegan harrapatzeko egokia. Gazteak helduen oso antzekoak dira, baina sabela gorritxoagoa dute marra lauso batzuekin.

Biologia eta ohiturak aldatu

Taldekoiak dira, baina ez dira talde handietan biltzen, baizik kume-taldeak bikote urriz osatuta daude eta denak batera ehizatzen dute. Hazkuntza-garaian portaera nahiko zakarra erakusten dute, baita oldarkorra ere, gogait eragiten bazaie. Bere ahaide hurbilak bezala, hegazti migratzailea da, baina bere hazkuntza-eremuarekiko atxikimendu handiena erakusten duen espeziea da, Afrikatik iristen den otsailaren amaieratik migrazio-prestaketak hasten diren urriaren amaierara arte egongo da bertan, eta batzuk gure lurraldean geratzen dira negua pasatzen, sarri bidaiatzen du migrazioetan, beste espezie batzuetako enarekin batera, baina Iberia iparraldeko haitz-enara askok ez dute itsasartea igarotzen, Mediterraneo aldeko Levante, Katalunia eta Andaluziako kostalde babestuetan eta barnealdeko eremu sakabanatuetan geratzen dira negua igarotzen. Azpimarratzekoa da Gibraltarko Haitzean negualdia pasatzen geratzen den populazio garrantzitsua.

Jarrera urdurikoa da eta talde txikietan labarretan egiten du hegan, hegaldi arin bat eginez, zirkuluetan igoerak eta jaitsierak paretari iskin eginez, elikatzeko behar dituen intsektuak harrapatuaz. Harriaren beroak erakarrita han dauden euliak eta eltxoak harrapa ditzake. Liztorrak, inurriak eta tximeleta txikiak ere maiz jaten ditu. Harkaitzean posatuta hartzen dute atseden, eta gaua ere han igarotzen dute.

 
Haitz-enara Sandailin

Habia labarretako zokoetan finkatzen dute, erlaitzak dituzten horma lauetan, eguzkitik eta euritik babestuta. Katilu erdi baten formarekin buztinez egiten du, landare gutxirekin, irekia eta enara arruntaren antzekoa, landareekin, lumekin eta ileekin tapizatuta. Bertan maiatzaren amaieran lehen errunaldia jartzen du, 4-5 arrautza zuri orban txikiekin, aurrerago errepika daitezke. Emea da 14 egunetan inkubatzeaz arduratzen dena, txorikumeak eklosioaren ondoren, habian 25-26 bat egun gehiago egoten dira, eta ondoren ondo hegan eginez irtenten dira.

Banaketa, habitata eta estatusa aldatu

 
Sandalitxorixa Sandailin

Euskal herriko labarretan nahiko ugaria da. Otsailaren amaieratik ikus daiteke harkaitzetan, labarretan, abandonatutako harrobietan eta abar; kumeak hazteko leku egokietan, populazio habiagilea ugaria eta egonkorra dela esan daiteke, eta kolonizatu gabeko harkaitzetara eta, agian, itsaslabarretara ere heda daitekeela.

Bere familiakoak baino trebeagoa den espeziea, dirudienez, bere populazioa ez da beste enarak bezain nabarmen murriztu, agian, harkaitzak nekazaritza-eremuetatik urrunago daudelako eta, beraz, intsektiziden eragina txikiagoa delako.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. Turner, Angela K; Rose, Chris. (1989). A handbook to the swallows and martins of the world. Christopher Helm ISBN 0-7470-3202-5..
  2. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 154 or. ISBN 84-87114-09-1..
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 223 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak aldatu