Ireki menu nagusia
Lehen gol olinpikoa, 1924an Cesareo Onzari jokalari argentinarrak Uruguayko selekzioari sartu ziona Buenos Airesen.

Futbolaz ari garela, gol olinpikoa deritzo jokaldi bati, non baloia kornerretik zuzenean aurkariaren atera bidaltzen den. Oso bakanetan gertatzen da, eta jokalari gutxik lortu izan dute horrelakorik sartzea.[1]

Izena hartzen du era horretan sartutako lehen goletik,[2] zeina Cesareo Onzari jokalari argentinarrak sartu baitzuen, berau Club Atletico Huracán eta Argentinako selekzioko jokalaria. Balentria gertatu zen 1924ko urriaren 2an Sportivo Barracas taldearen zelaian, Buenos Airesen bertan, adiskidantzako partida batean, Argentinako eta Uruguayko selekzioen artean, azken hau Parisen jokatutako Olinpiar Jokoetako txapelduna. Partida etxekoek irabazi zuten, 2-1.[3] Era horretako lehen tantoa izan zen, baliozkotua jokoaren arauak erreformatu ondoren. Famatu egin zen “Onzarik olinpikoei sartutako gola” moduan, baina aurrerago laburtu egin zen, “gol olinpikoa” izateraino. Harrezkero, horrela deitu zitzaien era horretako golei, aurrez araudiak ez baitzuen onartzen kornerretik zuzenean sartutak golik.

Gol olinpiko gehien futbolari turkiar batek sartu zituen, Şükrü Gülesin izenekoa, bere karreran 32 gol sartu baitzituen era horretan. XX. mendeko 50. hamarraldian Errekorren Guinnes liburuan agertu omen zen. Lehen gol olinpikoa Olinpiar Joko batzuetan Megan Rapinoe jokalari estatubatuarrak sartu zuen, 2012ko emakumeen arteko finalerdietan. Munduko Kopan sartutako lehen gol olinpikoa, berriz, Marco Coll jokalari kolonbiarrak sartu zion Lev Yashin atezain errusiar mitikoari, 1962an.[4] 2019ko Emakumezkoen Munduko Kopan, aldiz, Elise Kellond-Knight jokalari australiarrak sartu zion gol olinpiko bat Norvegiari 83. minutuan. Hala ere, Norvegiak egin zuen aurrera, penaltietan.

Gol olinpiko bat sartzen denean, jeneralean atezainaren akats gisa hartzen da.

ErreferentziakAldatu

  1.   «Wayback Machine» web.archive.org 2011-06-10 . Noiz kontsultatua: 2019-06-28 .
  2. (Gaztelaniaz)  Algunas novedades sobre el gol olímpico | Cuadernos de Fútbol . Noiz kontsultatua: 2019-06-28 .
  3. (Gaztelaniaz)  «Cesáreo Onzari, el inventor del gol olímpico» El Gráfico . Noiz kontsultatua: 2019-06-28 .
  4. (Gaztelaniaz)  Jaimefutbol «Fútbol con pelotas - Marcos Coll y Caimán Sánchez se emocionan con Chile-62 después de 50 años» Fútbol con pelotas . Noiz kontsultatua: 2019-06-28 .