G Immunoglobulina (Ig G) organismoaren barne isurkarietan (odola, likido zefalorrakideo, linfa...) dagoen immunoglobulina da.

Immunoglobulina baten egitura

Immunoglobulina ugariena da, gorputzeko bost immunoglobulinen artean bera baita nagusia (Ig guztien %80).

Era berean, immunoglobulina txikiena da, bere pisu molekularra 150.000 Daltonekoa izanik. Honek azaltzen du zirkulazio-aparatutik ehunetara erraz pasatzeko duen gaitasuna, baita karena edo plazenta-hesia zeharkatzekoa ere (karena zeharka dezakeen immunoglobulina bakarra da; horrek babesa eta immunitatea ematen dio umekiari)[1]

Ig G molekula monomeroa da, eta lau polipeptido katez osatuta dago. Kateen artean eta kateen barruan disulfuro zubiak (S-S) baditu[2]

Odol-plasman 13,5 mg/ml kontzentrazioan dago, eta bere erdibizitza 25 egunetakoa da.

Immunoglobulina honek konplementu sistema aktibatzen du, azken honek mikrobio patogenoak suntsi ditzan. Horretaz gain, opsonina moduan jarduten du, eta opsonizazioa eragiten du (hots, fagozitoak aktibatzen ditu). Bi ezaugarri horiei esker G immunoglobulina antigorputz oso eraginkorra da bakterio, birus eta beste mikrobio patogenoen aurkako borrokan.

Beste immunoglobulinen aldean, Ig Gk exotoxina indargabetzeko ahalmena ere badu.

Mota honetako immunoglobulinek ere gaitz autoimmuneetan zerikusi handia dute, oso lotuta baitaude III motako hipersentiberatasunekin: gorputzeko autoantigorputzek G immunoglobulinarekin konplexuak eratzen dituzte, ehunak eta organoak kaltetzen dituztenak (artritis erreumatoidea sortuz, adibidez)[3]

G immunoglobulinaren 4 azpiklase daude (Ig G1, Ig G2, Ig G3, Ig G4), ezaugarri ezberdinak dituztenak, ondoko taulan ikus daitekeen moduan:

Azpiklase % Karena zeharkatu Konplementua aktibatu Fagozitoei lotu
Ig G 1 66 ++ ++ ++
Ig G 2 23 + + -
Ig G 3 7 ++ +++ ++
Ig G 4 4 ++ - +

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  1. Ingraham, J., Ingraham C.: Introducción a la Microbiología, vol. 2, Ed, Reverté (1998) , 412 orr. IBSN: 84-291-1871-3)
  2. Madigan, M.., Martinko J.M., Parker, J.: Brock Mikroorganismoen Biologia (2007), EHUak euskaratuta, 812-812 orr. IBSN: 978-84-9860-026-1
  3. Madigan, M.., Martinko J.M., Parker, J.: Brock Mikroorganismoen Biologia (2007), EHUak euskaratuta, 844-846 orr. IBSN: 978-84-9860-026-1