Fontana di Trevi
Fontana di Trevi Erromako iturri handiena eta ezagunena da, eta gehiengoaren iritziz, munduko famatuenetako bat ere bai. Hiriaren erdiguneko Trevi rionean kokaturik dago.
Fontana di Trevi | |
---|---|
Fontana di Trevi | |
Kokapena | |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Lazio |
Italiako hiri metropolitarra | Erromako hiri metropolitarra |
Muga-hiri | Erroma |
Erromako Rioniak | Trevi |
Kokapen fisikoa | Palazzo Poli (en) |
Koordenatuak | 41°54′03″N 12°28′59″E / 41.900875°N 12.483166666667°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1735 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Nicola Salvi (en) Giuseppe Pannini (en) |
Materiala(k) | Erromako trabertinoa eta Carrarako haitzurdina |
Estiloa | arkitektura barrokoa |
Dimentsioak | 26,2 () × 26 () × 48 () m |
Kontaktua | |
Helbidea | Piazza di Trevi, Roma |
Webgune ofiziala | |
Palazzo Poliren alde batean eraikita dago; Nicolò Salvik XVIII. mendean iturria diseinatu zuen eta klasizismoak eta barrokoak bat egiten dute bertan.
Gaia eta eszenografia
aldatuEskulturaren gaia itsasoa da. Artelanaren erdi-erdian, maskor itxura duen gurdi bat ikus daiteke eta horren gainean, Pietro Bracciren Ozeano deritzon estatua dago. Alde bakoitzean, horma-hobi bat dago; batean, osasungarritasuna, eta bestean, oparotasuna (Filippo della Valleren lana). Gurdia eramaten duten itsas zaldien aurretik bi tritoi doaz. Ikuskizun miresgarri horretan, arkitekturak eta eskulturak (barrokoak biak) bat egiten dute erabat.
Ohitura zaharraren arabera, iturriari bizkarra emanez txanpon bat uretara jaurtitzen duenak zorte ona izango du, ziur asko Erromara itzuliko baita. Hango udalak txanpon horiek jaso eta karitatezko egintzetarako gordetzen ditu.
1998an iturria zaharberritu eta sakonki garbitu zuten. Halaber, sistema hidraulikoa aldatu zuten.
Historia
aldatuIturriaren historia Augusto enperadorearen garaian hasi zen, Agrippak, haren suhiak, eraikitako Vergine akueduktuari esker ura panteoira eta bertako termetara heltzea lortu zuenean (Piazza del Popolon ikus daiteke akueduktua). Vergine izenak kondaira batean dauka jatorria: Frontinoren arabera, Agrippak berak jarri zion izen hori bere soldaduak iturburuetara gidatu zituen neskato (latinez, virgo) baten oroimenez.
Vitiges erregearen godoek 537.urtean hiria setiatu zutenean akueduktua hondatu zuten eta, horren ondorioz, ur-emaria oso eskasa zen. Hala ere, Erdi Aroan zehar, Vergine akueduktuko ura erabiltzen segitu zuten. VIII. mendean, akueduktua zaharberritu eta konpondu zuten. Geroago, XII. mendean, udalak berdin egin zuen, eta XV. mendearen erdialdean, Nikolas V.ak eta Paulo IV.ak ere akueduktuaren itxura berritu zuten, horren ondorioz askako ur-ematea ugaria zen hiru irteera baitzituen ura ateratzeko.
Urbano VIII.a Aita Santuak (Barberini familiakoak) Gian Lorenzo Berniniri plazaren eta iturriaren itxura eraldatzea eskatu zion, nukleo eszenografiko berri bat sortzeko familiaren jauregitik gertu (Barberini Jauregia) eta Quirinale Jauregitik (bere etxetik) ikusteko modukoa. Berninik ur-eszena ikusgarri bat diseinatu zuen, gaur eguneko iturriaren antzeko itxura zuena. Haren diseinuaren arkitektura zizelkatua zen. Eszena horretan, Trivia birjina erromatarraren estatua ur-mailaren gainean dagoen oinarri batean kokatuta zegoen, uretatik irteten arituko balitz bezala.
XVIII. mendearen hasieran, Fontana di Trevi bisitatzea nahitaezko zeregina bihurtu zen Erromara joaten ziren arkitektoentzat.
Klemente XII.a Aita Santuak (Corsini familiakoak) plazaren eta iturriaren obran lan egiten segitu behar izan zuen 1731n: iturriaren beste diseinu bat eraikitzeko lehiaketa bat martxan jarriko zuela jakitera eman zuen: diseinuak Poli jauregiaren fatxada osoa hartu behar zuen eta, logikoa zenez, Poliko dukeak ez zeuden batere ados erabaki horrekin, jauregiaren jabeak zirelako eta ez zutelako etxearen fatxada murriztuta ikusi nahi. Nicolò Salvik irabazi zuen lehiaketa eta 1732an iturria eraikitzen hasi zen. Nahiz eta Klemente XII.aren agintaldi osoan monumentuen estiloa klasikoa izan, eragin barrokoak eta berniniarrak lotzen zituen proiektua proposatu zuen Salvik. Era berean, Urbano VIII.aren eta Berniniren ideia kontuan hartu zuen, hots, Vergine akueduktuaren historia kontatzea eskulturaren eta arkitekturaren bidez.
Lana amaituta ez zegoen arren, 1735. urtean Klemente XII.a Aita Santuak inauguratu zuen. Eraikuntza eten behar izan zuten 1740an ere, baina bi urte geroago lanari ekin zioten berriro.
Benedikto XIV.a Aita Santuak (Lambertini familiakoak) bigarren aldiz inauguratu nahi izan zuen iturria. Obraren lehenengo fasea 1747an amaitu zen, estatuak eta harri artifizialak jarri zituztenean. Niccolò Salvi hil zen arren (1751), obrak aurrera segitu zuen Giuseppe Paniniren agindupean eta 1762an bukatu zen, Klemente XIII.a Aita Santuaren agintaldian. Obrak hogeita hamar urte inguru iraun zuen eta bertan hamar eskultorek gutxienez parte hartu zuten. Azkenean, Fontana di Trevi Aita Santuen agindupeko Erromako eszenografia eta oinarrizko sinbolo bihurtu zen.
Iturria eta zinema
aldatuBeste hainbestek bezalaxe, zinemaren munduak ere erakutsi ditu Fontana di Treviren handitasuna eta ospea. Adibidez, 1964an egindako film batek iturriaren izen berbera du, hau da, Fontana di Trevi. Carlo Campogalliani zuzendaria izan zen eta Federico Zardi gidoigilea.
Monumentua Italiako eta, agian, mundu-mailako zinemaren eszena famatuenetako batean agertzen da: Federico Felliniren La Dolce Vita filmean, Anita Ekberg uretan sartu eta Marcello Mastroianni gauza bera egitera gonbidatzen duenean.
Kultura orokorra
aldatuZiur asko iturriaren ospea berari buruz dauden kondaira eta pasadizo ugarien ondorio da.
- Txanponaren jaurtiketa: Ohiturarik ezagunena da eta oraindik ere irauten du (Arrivederci Roma abestian aipatzen da). Iturriari bizkarra emanez txanpon bat uretara jaurtitzen duena Erromara itzuliko omen da. Ohituraren jatorria ezezaguna da, baina usadio zahar batengatik ager zitekeen: izan ere, hiritarrek txanponak edo opari txikiak botatzen zituzten iturrira hiriko jainkoen mesedea irabazteko. Erromako udalak erabaki zuen bildutako txanpon guztiak hiriburuko Caritas elkarteari emango zizkiola; hala ere, begiralerik ez dagoenean, zenbaitek aukera erabiltzen dute dirua hartzeko.
- Maitasunaren ura: Treviko ura Erromako onenetako bat zela esaten zuten, Acqua Marcia akueduktukoak ez bezala, karerik ez zuelako; gaur egun ureztatzeko eta iturria bera betetzeko erabiltzen da. Aspaldi, iturriko ura edaten zutenean, neskatoek iturriko urez betetzen zuten edalontzi bat eta mutil lagunari edaten ematen zioten atzerrira joan behar zuenean. Ura edan ostean edalontzia apurtzen zuten fideltasuna adierazteko.
- Bateko kopa: Iturriaren eskuinaldean marmolez egindako eskultura bat dago (Bateko kopa deitzen diote); aspaldiko esamesen arabera, Salvik eskultura hori bertan jartzea eskatu zuen, Treviko plazan negozioa zuen bizarginari ikuspegia oztopatzeko, Salviren lana gutxiesten baitzuen.
- Turistak: Egun, Treviko plaza turismo jasangarriaren kontrako adibidetzat har dezakegu: goizeko eta gaueko edozein ordutan jendez beteta egoten da eta baita saltzaile ibiltariz eta eskuluzez ere. Iturriaren edertasunaz gozatu ahal izateko, goizeko hiruretatik bederatzietara izan behar du, batez ere udan eta turista ugari dauden garaietan.