Robert Campin

Flemalleko Maisua» orritik birbideratua)

Robert Campin (Valenciennes, Hainauteko konderria, 1375 aldean - Tournai, 1444ko apirilaren 26a), eskuarki Flemalleko Maisua deitua, flandriar pintorea izan zen, primitibo flandestarren higikundearen sortzailetakoa. Estilo gotikoaren hainbat ezaugarri bere egin zituen, baina errealitatea ahalik eta zehatzen azaltzeko ardura izan zuen. Jan van Eyck pintorearen eragin handia izan zuen. Haren lanik ezagunenak dira Kristoren jaiotza (1420-1425), Andre Mariaren ezkontza (1427 aldean), Deikundearen triptikoa (14271432) eta Ama Birjina eta Haurra (1430 aldean).

Robert Campin
Bizitza
JaiotzaValenciennes, 1375 (egutegi gregorianoa)
HerrialdeaHegoaldeko Herbehereak
Lehen hizkuntzanederlandera
HeriotzaTournai1444ko apirilaren 26a (68/69 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzaknederlandera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta arkitektura proiektuen marrazkilaria
Lantokia(k)Tournai
Lan nabarmenak
MugimenduaPrimitibo flandestarra
Genero artistikoamargolaritza erlijiosoa
arte sakroa
erretratua
margolaritza historikoa

Flemalleko Maisua eta Robert Campin aldatu

Flemalleko Maisuaren benetako izena ez da ezagutzen, ezta zehatz-mehatz zein izan zen ere, ez baitago ez haren sinadurarik ez haren egiazko izena erakusten duen edonolako beste agiririk. Hala ere, haren nortasunari buruzko hipotesirik sendoenaren arabera, Robert Campin zen.

Estiloa aldatu

Flemalleren lanetan, ordura arte ez bezala, taulan barrena begiratzen delako irudipena sortzen da, eta, horrezaz gainera, eguneroko bizitzaren ezaugarri guztiak antzematen dira. Haren lanek mugarik gabeko hondoa, oreka, jarraitasuna eta osotasuna dute. Nazioarteko estiloko pintoreak ez ziren sendotasun maila horretara iritsi; haiek osatu zituzten koadroek maitagarrien ipuinen xarma dute, zeinetan gauzen arteko proportzioa eta eskala nahierara alda daitekeen, errealitatea eta fantasia nahastuko balira bezala.

Flemalleko Maisuak, aldiz, egia osoa esan nahi zuen. Xehetasun txikienak ere doi-doi azaltzeko beharra zuen: forma eta tamaina, kolorea, materiala, gainaldeen egitura. Bestalde, zurruntasun handia zuten haren lanek, eta argiaren beharrei erantzuteko modu berezia zuen: argi lausoa eta leihoetatik zuzen-zuzenean sartzen dena bereizteko gaitasuna izan zuen.

Lan nagusiak aldatu

 
Kristoren jaiotza, 1420-1425, Arte Eder museoa, Dijon

Flemalleren lehen lanetako bat Kristoren jaiotza (1420-1425, Arte Eder museoa, Dijon) izan zen. Lan horretako protagonista guztiak lehenengo planoan pilatzen dira, Flandriako pinturan izan den ukuilu berezienetako baten aurrean edo barruan sarturik. Eraikin apal eta hondatuaren xehetasun guztiak erakusten ditu. Jaiotza honetan deigarria da nolako garrantzia hartzen duen bigarren mailako gertakizun batek gaiaren gune nagusiaren aurrean, Kristoren jaiotzan emagin aritu ziren Salome eta Zelomiren eszena alegia. Salomeri eskua ezin mugiturik gelditu zitzaion Arna Birjinaren birjintasuna frogatu nahi izan zuelako; aingeru bat datorkio hegan Salomeri nola sendatu esatera («Umea ukitu, eta sendatuko zara» dio latinezko esapideak).

Aurreko lan honen garai berekoa du Andre Mariaren ezkontza (1427, Pradoko Museoa, Madril). Lan horretan, aurrekoan bezalaxe, bat egiten dute gai nagusiaren handitasunak eta alegiazko gaiak, hots, Andre Mariak San Josef hautatu zuenean gainerako hautagaiek izan zuten samina. Koadroan dauden eraikuntzei dagokienez, bi eraikin mota agertzen dira: batetik, biribil erromaniko aberatsa, Jerusalemgo tenpluaren irudimenezko oroitzapena, senarra hautatzearen eszena hartzen duena, eta bestetik, ataurre gotiko amaitugabea, ezkontzaren eszenarako hautatua. Antzinakoaren eta berriaren arteko alde sinbolikoa adierazten dute biek, Jainkoaren Semearen familia osatu aurrekoaren eta ondorengoaren arteko aldea hain zuzen.

Deikundearen triptikoa (14271432 aldean, Metropolitan Museum of Art, New York), Merode erretaula ere deitua, da Flemalleko Maisuaren margolan nagusietako bat, mundu sakratuaren eta egunerokoaren arteko bateratzearen erakusgarri bikaina. Ordura arte, nazioarteko gotikoaren barruan, mundu aristokratikoa erakusten zen; lan honetan, aldiz, flandriar burges baten etxea ageri da. Izan ere, Flemalleko Maisua ez zen gorteko pintorea, baizik eta hiritar dirudunen nahiak betetzen saiatzen zen burgesa. Lan horretan marraztu zen lehenengo aldiz Deikundea gela baten barruan, inguruan altzariak dituela; eta irudi horren alboko gelan San Josef irudikaturik dago, lanean. Andre Maria lurrean eserita dago (umiltasunaren irudi), liburu bat irakurtzen.

Tradizioa alde batera uzteak arazo berri bat ekarri zion Flemalleko Maisuari, izadiaz gaindiko gertaerak gertaleku sinbolikotik giro arruntetara eraman behar baitzituen, baina horrek ez zituen arrunt bihurtu behar. Arazo hori konpontzeko sinbolismo mozorrotua esaten zaion metodoa erabili zuen: koadroaren barruan dauden xehetasun guztiek mezu sinboliko bat izan behar dute. Hala, Deikundearen triptikoa-ren ezkerreko arrosak, bioletak eta bitxiloreak, eta erdialdeko lirioak Andre Mariaren loretzat hartzen direlako marraztu zituen. Baina misterio gehien duen sinboloa lirio ontziaren ondoko kandela da; itzali berria dela adierazten du darion keak, baina ez dago oso argi zer esan nahi duen horrek. Funtsean, Erdi Aroko sinbolismoaren aberastasuna bizirik da lan honetan, baina hain dago eguneroko gauzez estalia, ezen askotan ez baita jakiterik ezaugarri jakin bati interpretazio sinbolikoa eman behar zaion ala ez.

 
Deikundearen triptikoa edo Merode erretaula, 1427–1432 aldean, Metropolitan Museum of Art, New York

Werl triptikoa (alboetako oholak baino ez dira gaur egun arte iritsi, erdikoa galdurik dago; 1438, Pradoko Museoa, Madril) da data duen lan bakarra. Flemalleko Maisuaren azken lana da, ziur asko. Lan horretan nabarmena da Jan Van Eycken eragina: espazioaren zabaltasuna, irudien forma ez hain garbia eta, Van Eycki omen eginez, ispiluaren irudia. Arnolfini senar-emazteen erretratua-n egile hark lau urte lehenago egin zuen bezalaxe, Flemallek ere triptikoaren barruan ez dauden bi pertsonaia erakusten ditu ispiluaren bidez. Bestalde, Werl triptikoa-n Rogier van der Weyden-en eragina ere antzeman daiteke, zeinaren lanetatik hartu baitzuen Flemallek San Joan Bataiatzailearen besoaren egokera.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu