Flavio Eskorpo
Flavio Eskorpo (latinez: Flavius Scorpus; Hispania, c. 68 – Erroma, c. 95) Erromatar Inperioan auriga ospetsua izan zen.
Flavio Eskorpo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iberiar penintsula, 68 |
Herrialdea | baliorik ez |
Heriotza | Erroma, ? (26/27 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | Auriga |
Lantokia(k) | Zirku Nagusia |
Enplegatzailea(k) | Domiziano |
Biografia
aldatuEskorpok, Domizianoren agintaldian, factio prasinarako, ekipo berderako, orgak gidatu zituen. 2.0481 garaipen lortu zituen,[1] eta erromatar historiako auriga ospetsuenetako bat izan zen, Kaio Apuleio Dioklesekin batera. Diru kopuru izugarri handiak irabazi zituen. Martzialek, erromatar poeta garaikideak, bere epigrametako batean dio hamabost zaku urre irabazten zituela gurdi-lehiaketa bakar batean.[2] Eskorpo gazterik hil zen, 26 urterekin beharbada.
Eskorpo esklaboa zen, auriga asko bezala, eta Hispanian jaio zen. Askotan jaso zuen garaipenaren palma. Askotan, lasterketen amaieran, zaleek dirua botatzen zioten. Azkenean, bere askatasuna erosi eta liberto (esklabo askatua) bezala lehiatzen jarraitu zuen.
Martzialek hiru aldiz aipatzen du Eskorpo bere Epigramen X. liburuan, 95 eta 98 urteen artean osatua. Bi garrantzitsuenek honako hau diote:
« | O! hau zorigaitza! Zu, Eskorpo, zure gaztaroko lorean hil izana eta Plutonen zaldi goibelak uztartzera hain garaiz deitua izana. Helburu hura, beti ihes egitea eta zure gurdia igarotzea, zergatik egon zen hain hurbil zure bizitzan? | » |
—Martzial, Epigramak, X. 50, 5-8 |
« | Ni Eskorpo ospetsua naiz, zirku garratzaren aintza, Erromaren maitasun txit txalotu eta iragankorra. Lakesis parka bekaiztiak, nire urteak kontatu beharrean, agurea nintzela uste izan zuen, eta nire hogeita seigarren urtean harrapatu ninduen. | » |
—Martzial, Epigramak, X. 53 |
Eskorporen heriotzaren arrazoia ezagutzen ez den arren, litekeena da gurdi-lasterketetan gertatzen ziren istripu ugarietako batean gertatzea, latinez naufragia ("naufragioak") izenekoan.[3]