Fagozitosi

Zenbait protozoo eta zelulak (fagozitoak) beste partikula edo mikroorganismoak inguratu eta digeritzean datzan prozesua

Fagozitosia zelulak burutzen duen molekula ingestio prozesu aktiboa da. Endozitosi mota bat da. Zelulak mintz plasmatikoa erabiltzen du partikula handiak (≥ 0.5 μm) inguratzeko, esaterako mikroorganismo edo hondakin zelularrak, eta ondoren eratzen diren besikulak fagosomak dira. Hauek handiak izaten dira, normalean 250nm-tik gorakoak.

Zelulen fagozitosi prozesua

Etimologia eta historiaAldatu

Antzin grekerazko φαγεῖν (phagein), "jan" esna nahi du, eta κύτος, (kytos) , "zelula" esan nahi du. Prozesu hau 1876an William Osler mediku kanadarrak aipatu zuen aurrenekoz[1] baina Élie Metchnikoff zoologo errusiarra izan zen 1880an izendatu eta ikerketak burutu zituena[2].

Inmunologia sistemanAldatu

 
Fagozitosiaren prozesua:
1) Kimiotaxia, adherentzia eta irenstea.
2) digestioa fagolisosoman.
3) Iraizketa.

Ugaztunetan fagozitosia bereziki bi motatako zelulek burutzen dute: makrofagoek eta neutrofiloek. Immunitate-sistemaren zelula fagozitiko espezializatuak dira eta zelula zaharrak, bakterioak, partikula handiak... fagozitatzen dituzte[3]. Bost urrats jarraitzen dituzte[4]:

KimiotaxiaAldatu

Zelula batek fagozitosi prozesua martxan jartzeko lehendabizi mintz plasmatikoan dituen hartzaile bereziek fagozitatu beharreko bakterioa edo partikula ezagutu eta lotzea beharrezkoa du. Modu honetan hartzaileak aktibatu egiten dira, zelula barnera prozesua hasteko seinaleak bidaliz.

Fagozitosia aktibatzen duten molekula ezagunenak antigorputzak dira. Bakterioen horman dauden antigenoen aurkako antigorputzak sintetizatzen dira, opsonina izenarekin ere ezagutzen direnak[2].

AdherentziaAldatu

Leukozitoen mintzeko antigorputz edo opsonina hauek bakterioak inguratzen dituzte eta mikrobioaren horma zelularreko elementu espezifikoei lotzen zaizkie. Manosa hartzaileak, scavengerrak, CD14...

IrensteaAldatu

Makrofago eta neutrofiloek antigorputz hauen Fc zatia ezagutzen duten hartzaile espezifikoak dituzte. Puntu horietan, hartzaile-antigorputz tokietan, makrofagoak pseudopodoak edo zitoplasmaren luzapenak ateratzen ditu, kremailera bat bailitzan bezala itxiz eta bakterioa fagozitatuz.

DigestioaAldatu

Zitoeskeletuko firuen eraginez fagosoma zentrosomarantz gerturatzen da eta lisosomarekin bat egiten du fagolisosoma sortuz. Fagolisosoma azidifikatzen hasten da eta digestio entzimak aktibatzen dira[5].

  • Lisosometako entzima batzuek (defensinak, laktoferrinak...) bakterioaren ugalketarako baldintza txarrak ezartzen dituzte.
  • Hidrogeno peroxidoak eta mieloperoxidasak hipokloritoaren ekoizpena aktibatzen dute eta oxigenoaren erradikal askeak ere agertzen dira. Bakterioarentzako sustantzia oso toxikoak dira[6].
  • Azkenik beste entzima batzuek (hialuronidasak, lipasak, kolagenasak, elastasak, erribonukleasak, desoxirribonukleasak...) bakterioaren biomolekula zehatzak suntsitzen dituzte.

Leukozitoek zianuroa ekoizten dute fagozitosian zehar[7].

IraizketaAldatu

Digestioan sortutako hondakinak zelulatik kanporatuak izango dira exozitosi bidez.

Fagozitosia oso bortitza denean, zelula barneko presio osmotikoa handiegia suertatzen da, fagolisosomen mintza puskatu eta entzimak zitoplasman husten dira. Neutrofiloak modu horretan autoliseritzen dira, horren ondorioz guk zorne bezala ezagutzen dugun likido dentsoa sortzen da[8].

ApoptosianAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Apoptosi»

Apoptosia ausazko izaera duen zelularen heriotza programatua da, populazio zelularra fisiologikoki erregulatzeko modu bat da. Hiltzera doan zelulak molekula zehatzak azaleratzen ditu zelula mintzean (kalretikulina, fosfatidilserina, anexina A1, LDL oxidatua eta aldaturiko glikano batzuk...). Fagozitoek molekula hauek ezagutzen dituzte eta fagozitosia abiatzen dute.

ProtozooetanAldatu

Protozooek elikatzeko erabiltzen dute fagozitosia.

  • Amebak pseudopodoekin inguratzen du bakterioa, gizakion makrofagoek egiten duten antzera, eta sorturiko fagolisosoman digeritutako elikagaiak zitoplasman zabaltzen dira. Entamoeba histolytica espezieko amebak giza odoleko globulu gorriak fagozitatzen ditu eta disenteria eta amebiasia gaixotasunak eragiten dizkigu.
  • Ziliatuek (Paramezioak adibidez) zilioek sorturiko korronteekin elikagaiak barrunbe batera bideratzen dituzte. Barrunbe honen izena zitostoma da. Bertan egiten da digestioa.

ErreferentziakAldatu

  1. (Ingelesez) Ambrose, Charles T.. (2006-03-01). «The Osler slide, a demonstration of phagocytosis from 1876: Reports of phagocytosis before Metchnikoff’s 1880 paper» Cellular Immunology (1): 1–4 doi:10.1016/j.cellimm.2006.05.008 ISSN 0008-8749 . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  2. a b (Ingelesez) Gordon, Siamon. (2016-03-15). «Phagocytosis: An Immunobiologic Process» Immunity (3): 463–475 doi:10.1016/j.immuni.2016.02.026 ISSN 1074-7613 PMID 26982354 . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  3. Murphy, Kenneth. (2012). Janeway's immunobiology. New York: Garland Science ISBN 9780815342434.
  4. (Gaztelaniaz) «Significado de Fagocitosis» Significados . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  5. Flannagan, Ronald S.; Jaumouillé, Valentin; Grinstein, Sergio. (2012-02-07). «The Cell Biology of Phagocytosis» Annual Review of Pathology: Mechanisms of Disease (1): 61–98 doi:10.1146/annurev-pathol-011811-132445 ISSN 1553-4006 . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  6. (Ingelesez) Borowitz, Joseph L; Gunasekar, Palur G; Isom, Gary E. (1997-09-12). «Hydrogen cyanide generation by μ-opiate receptor activation: possible neuromodulatory role of endogenous cyanide» Brain Research (1): 294–300 doi:10.1016/S0006-8993(97)00659-8 ISSN 0006-8993 . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  7. (Ingelesez) Stelmaszynska, Teresa. (1985-01-01). «Formation of HCN by human phagocytosing neutrophils — 1. Chlorination of Staphylococcus epidermidis as a source of HCN» International Journal of Biochemistry (3): 373–379 doi:10.1016/0020-711X(85)90213-7 ISSN 0020-711X . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.
  8. Agirre, Jabier. (2001-12-23). «Zer da zornea?» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-03-15.

Kanpo estekakAldatu