Hestegorri

Esofago» orritik birbideratua)

Hestegorria edo esofagoa[1] izaki bizidun ornodunen zein ornogabeen digestio-aparatuaren zati bat da. Gizakietan 25cm inguru neurtzen ditu eta muskulu-hodi batez osatuta dago. Faringea urdailarekin lotzen duen egitura da. C6 ornoan du jatorria eta T11 ornoraino hedatzen da. Beraz bere funtzioa elikagaiak faringetik urdailera garraiatzea da. Hestegorria lepotik eta atzeko mediastinotik igarotzen da, diafragma zeharkatuz hestegorri hiatotik, abdomenaren goiko zatian sartu arte.

Hestegorri
Xehetasunak
Honen partehuman gastrointestinal tract (en) Itzuli
Kokapenabarrunbe torazikoa
Artikulazioafaringea
Urdaila
Hona
drenatzen du
esophageal veins (en) Itzuli
Arteriaesophageal artery (en) Itzuli
Zainaesophageal veins (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezoesophagus
MeSHA03.556.875.500
TAA05.4.01.001
FMA7131
Terminologia anatomikoa
Hestegorria

Enbrioi garapena aldatu

Hestegorria aurreko hestearen hasierako ataletik garatzen da, eta atal hau toraxetik jeisten da, diafragma zeharkatzen du eta azkenik abdomenean sartzen da. Hestegorriaren geruzarik barnekoena, jatorriz endodermikoa da, izan ere, atal honen inguruan kokatzen den alboko mesodermoaren errai-orritik hestegorriaren muskuluak sortzen dira.

Egitura aldatu

Estuguneak aldatu

Hestegorriak hainbat estugune ditu, eta hauek maila ezberdinetan kokatzen dira.

  • Krikoide-eztarrietako estugunea: Hestegorriaren jatorrian dagoen estugunea izango da. Zintzurraren beheko krikoide kartilagoaren mailan eztarriaren beheko gihar hertsatzaileak hestegorria inguratzean estugunea sortuko da.
  • Torax zatiaren estugunea edo bronkio-aortetako estugunea: Ezkerreko bronkio nagusiak birika hilorantz zuzentzerakoan hestegorriaren gainetik pasatzen da, eta aorta arkuak erditik ezkerralderantz etaaurretik atzealderantz bideratzean hestegorria estutu egingo dute.
  • Diafragmetako estugunea: Diafragmaren hestegorri hiatoak berak sortuko du estugune hau.

Hestegorriaren zatiak aldatu

  • Iduneko zatia:
 
Hestegorriaren atzeko ikuspegia

Zintzurrestea laringearen jarraipena izango da. Laringea kartilagoz osatuta dago, eta bere alderik kaudalenean krikoide kartilagoa aurkitzen da. Azken honen inguruan eztarriaren beheko gihar hertsatzailea aurkitzen da, eta hor izango da laringea edo zintzurra bukatzen den gunea, idun hestegorriari hasiera emanez.

Iduneko zatia hestegorriaren alderik zefalikoena izango da eta zintzurrestearekin harremanetan egongo da, hain zuzen ere, zintzurrestearen atzealdeko kartilagorik gabeko gunearekin. Atzealdean orno aurreko giharrekin egongo da kontaktuan. Iduneko atal honetan zintzur-nerbio itzuliak, vagus nerbioaren adarrak direnak eta iduneko atala inerbatuko dutenak ikus daitezke.

Zintzur-nerbio itzuliak ezkerraldean aorta arkua inguratzean eta eskumaldean lepauztai azpiko arteria inguratzean, gorantz egiten du. Goranzko norabide horretan iduneko hestegorria inerbatuko dute.

Tiroide guruinak idun hestegorria partzialki estaliko du alboetatik.

  • Toraxeko zatia:

Hestegorriaren zatirik luzeena izango da eta goi mediastinotik eta behe mediastinoaren atzeko mediastinotik igaroko da.

Goi mediastinoan hestegorria T4 mailaraino iritsiko da, non, zintzurrestearen sardetze eta aortaren makuaren mailan, beheko mediastinoaren atzeko atalera pasako den. Hestegorria perikardioaren atzeko aurpegiaren atzealdean kokatuta dago.

T4 mailatik aurrera aorta arkuak torax aorta sortuko du. Maila horretan aorta hestegorriaren atze ezkerraldean kokatuko da, gorago aurre ezkerraldean zegoen bitartean.

Hestegorriaren ezkerraldean hemiazigos zaina eta hemiazigos zain laguntzailea daude. Biak aorta eta hestegorriaren artean igaroko dira odol hori azigos zainean drainatzeko.

Hestegorriaren eskumaldean, ordea, azigos zaina dago eta T4 mailan atzetik aurrerantz makurtzen da, azigos arkua sortuz. Arku horren bidez odola drainatuko du goiko kaba zainean. Azkenik, behetik goranzko bidean torax hodia doa, hasieran eskumatik bideratzen da, baina T5-T6 mailan ezkerralderantz joango da, ezkerreko zain angelurantz.

  • Abdomeneko zatia:

Zatirik laburrena da, hestegorriak zati honetan bat egingo du urdailaren kardias atalarekin. Atal hau abdomen aortaren aurreko aldean kokatuko da. Bere goiko muga diafragmaren hestegorriaren hiatoa izango da, eta behekoa urdailarekin muga egiten duen Z-lerroa. Azken hau barnetik egongo da, eta urdailaren eta hestegorriaren mukosaren ezberdintasunak nabarmenduko ditu.

Barne egitura aldatu

 
1. Mukosa 2. Mukosapea 3. Giharra 4. Adbentizia

Barneko egitura oso antzekoa da digestio hodi osoan zehar. Hestegorriari dagokionez, 4 geruza nagusi daude eta horien artean, hainbat azpi geruza egongo dira. Barrutik kanpora horrela antolatzen dira:

  • Geruza mukosoa edo muki geruza: Barrukoena izango da, bertan guruinak eta muki sareak egongo dira.
  • Mukosapeko geruza edo geruza submukosoa: Mukosaren inguruan dago eta bertan ere guruinak egongo dira.
  • Giharrezko geruza: mukosapekoaren inguruan dago, bi azpi geruza ditu:
  1. Barruko geruza biribila: Sakonena da, hestegorri guztian zehar aurkitzen diren zuntz biribilak. Nahiko geruza fina da.
  2. Kanpoko luzetarako-geruza: kanpokoena izango da eta nahiko lodia. Baina bere loditasun nabarmenena bi alboetan agertuko da. Goi atzealdetik eremu biluzia edukiko du (eztarriko beheko gihar hertsatzailearen atzealdean dagoen hirukia), bertan ez daude luzetarako zuntzak, biribilak baizik. Hestegorriaren aurrealdetik, zintzurrestearen mintzeko egiturara lotailu egokiez edo ehun konektiboz edo gihar zuntzez lotuta egongo da.
  • Adventizia geruza: Hauen inguruan dugu.

Gainera, hestegorrian zehar dauden muskulu geruzak ezberdinak dira hestegorriaren atalaren arabera:

  • Lehenengo laurdena zuntz ildaskatuz egongo da osatua. Batez ere iduneko atalean izango da.
  • Bigarren laurdena, aldeiz, goiko mediastinoan dagoen atala izango da, bertan zuntz ildaskatuak eta gihar zuntz leunen arteko nahaste bat egongo da.
  • Azkenik, beheko bi laurdenak zuntz leunez egongo dira osatuak, atzeko mediastinoaren azaletik eta abdomenetik doanean (hau da, jadanik diafragma zeharkatu duenean).

Odoleztapena aldatu

Arteriak aldatu

Hestegorriaren odoleztapena desberdina izango da atal bakoitzean, eta oso luzea denez, atal ezberdinetako eremuetan dauden arteriek adarrak emango dituzte.

  •  
    Aortaren makoa eta bertatik ateratzen diren adarrak
    Iduneko atala

Honen odoleztapena enbor tirozerbikaletik dator. Enbor honetatik, beheko tiroide arteriak ateratzen dira, zeinetatik hestegorrirako adarrak aterako diren eta organo honen odoleztapen nagusiaz arduratuko da. Hala ere, eremu horretan zenbait arteria egongo dira inguruan eta horiek ere adartxoak emango dituzte hestegorria odoleztatzeko. Horien artean adibidez, lepauztai azpiko arteriak, karotida arteria komunak eta orno arteriak ere hestegorrirako adartxoak ematen dituzte.

  • Toraxeko atala

Zati honen odoleztapen nagusia aortatik sortzen diren bronkio arteriek egingo dute, nagusiki ezkerreko bronkio arteriak, nahiz eta eskuinekoak ere odoleztatu. Gainera, saihetsarteko arteriek (batez ere eskuinekoak) eta torax-aortak ere hestegorriko adartxoak emango dituzte.

  • Abdomeneko atala

Ezkerreko urdail-arteria (enbor zeliakoaren adar nagusienetarikoa) izango da zati honen odoleztatzaile nagusia, hestegorrirako adarrak zuzenean emango dituena. Gainera, adar horiek diafragman eratzen den hestegorri-hiatoa gorantz zeharkatzen dute eta torax zatiaren buztanaldea ere odoleztatu dezakete bertako arteriekin anastomosiak eginez. Horrez gain, beheko ezkerreko diafragma arteriak ere hestegorriko zati hau odoleztatuko du, eta hauek ere hiatoa zeharkatu dezakete toraxeko arteriekin anastomosiak egiteko.

Zainak aldatu

Lehenengo zain sare bat dago, mukosapeko zain plexua, sakonean dagoena, zehazki hestegorriko mukosa eta mukosapeko geruzen artean. Plexu honetako zainek zulotxoak egiten dituzte giharrezko geruzan eta hau zeharkatuko dute azalerantz abiatuz. Bertan beste plexu bat osatzen da, hestegorri inguruko plexua. Azkenik, azken plexu honetako zainek odola drainatuko dute. Hestegorriaren zain itzulia hiru ataletan desberdina izango da:

  • Iduneko zatia

Beheko tiroide zainak egingo du zati honen itzulera benosoa. Zain hauek jasotako odola eskuineko eta ezkerreko besondo buruko (brakiozefalikoan) zainean drainatuko dute. Aldi berean, horietatik odola goiko kaba zainera bideratuko da.

  • Toraxeko zatia

Atal honetako odola azygos eta hemiazygos zainetan drainatuko da, baita hemyazigos gehigarrian ere. Aldi berean, hauek goiko kaba zainan isuriko dute odola.

  • Abdomeneko zatia

Zati honetan ematen den itzulera benosoa bereziena da. Atal honetako odola ezkerreko urdail zainak, urdail zain laburrek eta ezkerreko diafragma zainak hartuko dute. Gainera, urdaileko zain laburrak eta ezkerreko urdail zainak odola porta zainean drainatuko dute eta odola gibelean sartuko da. Bertatik odola beheko kaba zainera helduko da. Bestalde, ezkerreko diafragma zainak drainatuko du ezkerreko goiko giltzurrun zainan edo beheko kaba zainan zuzenean.

Inerbazioa aldatu

Plexu enterikoa aldatu

Nerbio sistema enterikoa giharrezko bi geruzen artean eta geruza biribil eta mukasapeko geruzaren artean kokatua dago (tarte bakoitzean plexu bat). Plexu honek digestio sistemako paretak inerbatuko ditu. Nerbio sistema enterikoak izaera begetatiboa du, bere zuntzak sinpatiko eta parasinpatikoarenak baitira. Esan bezala, nerbio sistema enterikoa bi plexuz osatuta dago:

  • Plexu mienterikoa edo Aeurbach plexua: Giharrezko geruzaren bi azpi-geruzen artean dago.
  • Mukosapeko plexua edo Meissner plexua: barruko geruza biribila eta mukosapeko geruzaren artean kokatzen da.

Plexu hauek digestio sistema osoan zehar agertzen dira, ez bakarrik hestegorrian.

Zuntz parasinpatikoak, vagus nerbioaren zuntzak izango dira, gongoil aurreko zuntzak direnak. Plexu mienteriko eta mukosapeko plexuan dauden gongoiletan sinapsia egingo dute. Bertatik gongoil osteko zuntzak aterako dira, eta haien muturrek hestegorria parasinpatikoki inerbatuko dute.

Sinpatikoaren zuntzak, aldiz, normalean odol-hodiekin bideratuko dira. Maila bereko kate ortosinpatikoko gongoiletan sinapsia egin ondoren, gongoil osteko zuntzak eratuko dira, eta hauek plexu mienteriko eta mukosapeko plexura helduko dira.

Inerbazio sinpatikoa aldatu

Iduneko hestegorria iduneko gongoiletatik inerbatzen da sinpatikoki. Toraxean bezala, gongoil aurreko zuntzek sinapsia nerbioen maila berean dauden kate ortosinpatikoko gongoiletan egiten dute, eta hortik gongoil osteko zuntzak hestegorrira abiatzen dira. Toraxean aldiz, T1-T6 gongoiletatik datoz nerbioak. Hauek ere haien mailako kate ortosinpatikoko gongoiletan egiten dute sinapsia.

Azkenik abdomen atalera, inerbazioa nerbio esplakniko nagusitik (T5-T9 jatorria duena) iritsiko zaie. Nerbio honen gongoil aurreko zuntzak diafragamatik abiatuko dira abdomenera heldu arte, hor sinapsia egiteko eguzki plexuan dauden gongoiletan. Sinapsia egin ondoren, gongoil osteko zuntzek informazioa abdomeneko hestegorrira bidaliko dute. Kasu batzuetan, nerbio esplakniko nagusiaren zuntz batzuk aortan dauden gongoiletan egin dezakete sinapsia.

Inerbazio parasinpatikoa aldatu

Inerbazio parasinpatikoa egiteaz vagus nerbioaren zuntzak arduratzen dira, hauek gongoil aurreko zuntzak izango dira, hestegorriaren atal toraxikoaren atzetik doaz beheko bidean eta diafragma zeharkatzen dute. Hestegorriaren inerbazioa egiteko bi plexu daude: Meissnerren plexua, azpimukosan, zeinaren funtzioa batez ere sentimenezkoa baita, eta Auerbachen plexua, muskuluaren luzetarako geruzen eta geruza zirkularren artean, funtzio eragilea duena. Vagus en gongoil aurreko zuntzek sinapsia egingo dute plexu hauetan eta ondoren, gongoil osteko zuntzen bidez hestegorria inerbatuko dute.

Patologiak aldatu

 
Barrett-en hestegorria
  • Hestegorriko minbizia: sintomak hainbat motatakoak izan daizteke baina gehiengoak disfagia, mina eta pisu galera dira, besteak beste. Normalean biopsia baten bidez diagnostikatzen da. Tumorea txikia eta lokalizatua bada kirurgiaren bidez tratatzen da, aldiz larriagoa bada, kimiterapia edo erradioterapia bidez.
  • Barrett-en hestegorria: Hestegorriaren bukaerako zatiaren estaldura normala (epitelio ezkatadun geruzatua) metaplasiko batez (epitelio zilindrikoa) ordezkatzen da, hestegorriko mukosa urdaileko jariakin azido eta behazunarekin kontaktuan denbora luzez egoteagatik.
  • Errefluxu gastroesofagikoak eragindako gaixotasuna (ERGE): hestegorriaren arazorik ohikoena da. ERGE gertatzen da hestegorriaren amaieran dagoen muskulu bat behar bezala ixten ez denean. Horren ondorioz, urdaileko edukia hestegorrira itzultzen da eta narritatu egiten du, errefluxu gisa ezagutzen dena. Denborarekin, ERGEk lesioak eragin ditzake hestegorrian.
  • Barize esofagikoak
  • Mallory-Weissen urradura
  • Atresia esofagikoa
  • Fistula trakeoesofagikoa

Erreferentziak aldatu

  1. Hestegorri Euskalterm. Euskara.euskadi.net

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu