Ermuko Foroa
Ermuko Foroa (gaztelaniaz Foro de Ermua, logo ofizialean Foro Ermua) Espainiako elkarte zibikoa izan zen. 1998ko otsailaren 13an sortu zuten, ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotzia hil ostean, euskal jatorriko hainbat unibertsitate irakaslek, politikarik eta idazlek (besteak beste: Vidal de Nicolás, Agustin Ibarrola, José Luis López de Lacalle, Carlos Totorika, Jon Juaristi, Mikel Azurmendi, Francisco Doñate, Iñaki Ezkerra, Edurne Uriarte, Fernando Savater, Cristina Cuesta, Javier Corcuera, Raúl Guerra Garrido, Hermann Tertsch eta Txema Portillo). Azken lehendakaria Inma Castilla de Cortázar du.
Helburuak
aldatuErmuko Foroak helburu hauek izan zituen:
- Terrorismoaren biktimek laguntza eta ezagutza jaso ditzaten sustatzea.
- Hego Euskal Herrian —batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan— Espainiako Konstituzioaren aldeko alderdien bat-egitea bultzatzea.
- Terrorismo ekintzak salatzea.
- ETAren eta gobernuaren arteko negoziazioa eragoztea.
- Eusko nazionalismoa kritikatzea.
Foroaren bilakaera
aldatuJosé Luis López de Lacalle El Mundo egunkariko kazetaria eta Ermuko Foroko fundatzaileetako bat ETAk hil zuen 2000ko maiatzaren 7an. Foroko beste kide batzuek ere mehatxuak-eta pairatu dituzte.
Foroko kide batzuk Alderdi Popularreko zerrendetan agertu dira, Vidal de Nicolás, Iñaki Ezkerra, Mikel Azurmendi, Jon Juaristi edo Edurne Uriarte besteak beste. Beste batzuk PSOEko kideak dira, Carlos Totorika edo Javier Corcuera esaterako. Beste batzuek bere burua politikoki independientzat jotzen dute.
Lehenengo urteetan, Euskal Herriko gatazkari dagokionez, alderdi konstituzionalisten, PSE-EE eta PPren bat-egitearen alde agertu zen Ermuko Foroa. 2006az geroztik, ordea, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua gogor kritikatu zuten, batik bat ETArekin elkarrizketatzeagatik. Hori dela eta, zenbait kidek Foroa utzi zuten. Urte hartan bertan, Ermuko Foroak Juan Jose Ibarretxeren aurkako auzia abiarazi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak Batasuna alderdiarekin bilera egin zuela eta. Auzi hura 2010ean amaituko zen: Espainiako Auzitegi Gorenak, aho batez, auzia artxibatzea agindu zuen, bilerak egitea ez dela delitu arrazoituta.[1]
2007an, Ermuko Udalbatzak proposamen bat onartu zuen, Ermuko Foroak udalerriaren izena gehiago erabil ez zezan eskatzeko. 2007ko irailean, Iñaki Ezkerra aukeratu zuten Foroko presidente berria. Izan ere, aurrekoak, Mikel Buesak dimisioa eman zuen Rosa Diezek eta Fernando Savaterrek bultzatutako alderdian (UPyD) arituko zela jakinarazi zuenean.
2008an, zatiketa bat gertatu zen: alde batetik, Iñaki Ezkerra buru zuen taldea, Alderdi Popularreko Antonio Basagoitiren ildoari jarraitzearen aldekoa; eta bestetik, Inma Castilla de Cortázar buru zuen taldea, Alderdi Popularreko Jaime Mayor Orejaren ildoari jarraitzearen aldekoa. Auzitegietara eraman zuten liskar gogor baten ondoren, Inma Castillaren taldea nagusitu zen, eta Foroko hainbat kide kanporatu zituzten, besteak beste Iñaki Ezkerra, Ermuko Foroko lehendakari ohia. 2008an Jon Juaristik dimisioa eman zuenetik, Foroko zuzendaritzan ez da geratzen kide fundatzaileetako bat ere.[2][3][4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Aitziber Laskibar: «Auzitegi Gorenak bileren auzia artxibatzea erabaki du aho batez»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-01-14.
- ↑ «La división en el Foro Ermua acaba ante los tribunales», El País, 2008-07-21.
- ↑ «El abandono de Juaristi muestra la crisis interna del Foro Ermua», El País, 2009-01-13.
- ↑ «Jon Juaristi se va del Foro Ermua», Minuto Digital, 2009-01-15.
Ikus gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Ermuko Foroaren webgunea