Emisio gutxiko eremu

Emisio baxuko eremu» orritik birbideratua)

Emisio gutxiko eremua[1] (EGE) edo isuri gutxiko eremua[2] aire kalitatea hobetzeko asmoz zenbait ibilgailu kutsatzaileren joan-etorriak mugatu diren eremu geografiko bat da. Horrelako eremuak definitzeak beste mugikortasun modu batzuk sustatzen ditu, adibidez oinezko joan-etorriak, bizikletak eta mikromugikortasuneko ibilgailuak, eta kutsatzaile gutxiago isurtzen dituzten motordun ibilgailuak. Helburua da airearen kutsadura gutxitzea, batez ere partikula eseki, nitrogeno oxido (NO2) eta ozono (O3) tasak. Ez da kontuan hartzen ibilgailuek zer ekarpen egiten duten beroketa globalean.[3]

Emisio gutxiko eremua (alemanez: Umweltzone, «ingurumen-eremua») adierazten duen seinalea, Alemanian.

Aurreko paragrafoaren hasieran aipatutako izen ohikoenez gainera, beste termino batzuk ere erabiltzen dira, hala nola emisio baxuko eremua (EBE),[4] emisio txikiko eremua, isuri gutxiko eremua.[4]

Zero emisioko eremua, berriz, zero emisioko ibilgailuak soilik onartzen dituen eremua da. Horietan, barne-errekuntzako motorra duten ibilgailuak debekatzen dira, eta osorik elektrikoak direnak soilik onartzen dira (gehi garraio publiko elektrikoa, tranbiak eta mugikortasun aktiboko moduak: oinezkoak, bizikletak, etab.).

Europan aldatu

Suedia izan zen aitzindaria 1996an gai horretan.[5] 2003an, Erresuma Batua jendeari kontsultatzeko faseak prestatzen hasi zen. Frantzian 2016tik aurrera hasi zen jorratzen ofizialki,[5] eta 2021ean, Klimaren eta Erresilientziaren Legeak ezartzen du emisio gutxiko eremu horiek nahitaez ezarri behar direla 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen 150.000 biztanletik gorako hiriguneetan guztietan. Espainian, 2021eko maiatzean onartutako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak EGEak ezartzera behartu zuen 50.000 biztanletik gorako hiriguneetan, 2023a baino lehen.[6]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Iturria: ADEME 2020.[5]

Espainian aldatu

Emisio gutxiko eremua (gaztelaniaz: zona de bajas emisiones, ZBE) geografikoki mugatutako hirigunea dira, airearen kalitatea hobetzeko neurri jakin batzuk aplikatzen diren eremua. EGEa sortu eta kudeatzeko tresnetako bat da gutxiago kutsatzen duten mugikortasun-moduak sustatzea, ibilgarritasunari eta bizikletari lehentasuna emango dieten azpiegiturak sortuz, eta, horrez gain, garraio publiko zerbitzuak eskaintzea, auto pribatuaren erabilera murriztuko duten garraiobideen eskaintza handituz.[7]

Gainera, ibilgailuei dagokienez, auto partekatuen sistemak sustatzen dira, eta ibilgailuen etiketatzea sartu da, emisioen maila kontuan hartuta. Etiketei esker, ibilgailuak bost kategoriatan sailka daitezke, emisio jakin batzuen arabera; zehazki, NOx eta PM10 emisioen arabera.[8] Ibilgailuak honela sailkatzen dira 2016ko apiriletik:

  • Itsasgarririk gabe: barne-errekuntzako motorrezko ibilgailu zaharrenak, hau da, Euro 3 araudia baino lehenagoko gasolinazko ibilgailuak, eta Euro 4 araudia betetzen ez duten dieselezkoak.
  • B itsasgarria (itsasgarri horia): 2000tik aurrera matrikulatutako gasolinazko ibilgailuak, eta 2006tik aurrera matrikulatutako dieselezkoak.
  • C itsasgarria (itsasgarri berdea): 2006tik aurrera matrikulatutako gasolinazko ibilgailuak, eta 2014tik aurrera matrikulatutako dieselezkoak.
  • ECO itsasgarria (itsasgarri urdin-berdea: entxufatu ezin diren ibilgailu hibridoak, 40 km baino gutxiagoko autonomia duten ibilgailu elektriko entxufagarriak, eta gas natural likidotuzko ibilgailuak.
  • 0 itsasgarria (itsasgarri urdina: bateriazko ibilgailu elektrikoak, autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak, 40 km-ko autonomia duten elektriko hibrido entxufagarriak, eta erregai-pilazko ibilgailuak.

Hego Euskal Herrian aldatu

Hauek dira 2023an EGEak ezarri behar dituzten Hego Euskal Herriko udalerriak (50.000 biztanletik gorakoak):[9]

Frantzian aldatu

Lehenbiziko trafiko mugatuko eremua (frantsesez: Zone à circulation restreinte, ZCR) 2015eko irailean sartu zen Parisen. 2018ko urrian, kutsatzaile atmosferikoen kontzentrazio-mailak gainditzen zituzten Frantziako hamabost hirik 2020aren amaierarako beren lurraldean emisio gutxiko eremuak (frantsesez: Zone à faibles émissions, ZFE) definitzea pentsatu zen. 2021ean behin betiko onartutako Klima eta Erresilientzia Legeak aurreikusi zuen 150.000 biztanletik gorako hirigune guztietan EBEak sortzea, beranduenez 2024ko abenduaren 31n, hau da, 45 EBE, eta emisio gehieneko ibilgailuak pixkanaka debekatzeko egutegi nazional bat ezartzea.

Emisio gutxiko eremua udal ordenantza batek hartzen du, aztertu eta kontsultatu ondoren, eta honako neurri hauek finkatzen ditu:

  • EBE perimetroa: udalerri osoan edo zati batean.
  • EBEaren iraupena: legeak ez du gutxieneko edo gehieneko iraupenik ezartzen.
  • Zirkulazioa murrizteko aldiak (adibidez: egunak, orduak, etab.).
  • Balizko salbuespenak.
  • EGE ezarpen-egutegia: murrizketen ezarpena pixkanaka egin daiteke.
  • Crit'Air itsasgarriaren araberako murrizketak: aipatutako ibilgailu-kategoriak desberdinak izan daitezke ibilgailu-motaren arabera (adib.: ibilgailu astunak, 4. eta 5. kategoriakoak, ibilgailu astunak, eta ibilgailu partikular guztiak, 5. kategoriakoak; bi gurpilak, 4. eta 5. kategoriakoak).
 
Frantzian erabilitako 6 itsasgarriak (ezkerretik eskuinera): 5, 4, 3, 2, 1 kategoriak eta ibilgailu elektrikoak/hidrogenozkoak.

Alemanian aldatu

Emisio gutxiko eremua (alemanez: Umweltzone, «ingurumen-eremua») ezartzeko irizpideak Alemania osorako finkatu dira, eta itsasgarri bat jarri behar da ibilgailuaren haizetakoan.[10] Berlingo EBEak 892 km2-tik 88 hartzen ditu (2020), % 10 baino gutxiago, eta itsasgarri berdea duten ibilgailuentzat bakarrik da irisgarria. Hala ere, hiriak airearen kalitatea hobetu behar du oraindik, NO2-rako 40 kg/m3-ko muga ez gainditzeko.[5]

Sarrera itsasgarri berdedunei.
Sarrera itsasgarri berde et horidunei.
Sarrera itsasgarri berde, hori eta gorridunei.
EBEen seinaleak.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu