Emilia Tertzia
Emilia Tertzia (latinez Aemilia Tertia), Emilia Paula izenez ezagunagoa (K.a. 230 - K.a.163 edo 162)[1], Eszipion Afrikarraren emaztea izan zen, Bigarren Gerra Punikoan Hanibal kartagoarra menderatu zuen jeneral erromatarrarena. Luzio Emilio Paulo jeneral erromatarraren alaba zen, Cannaeko guduan hil zutena, bigarren guda punikoan, eta K.a. 182 eta 168an kontsul izandako Luzio Emilio Paulo Mazedoniko jeneralaren arreba[2].
Emilia Tertzia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Antzinako Erroma, K.a. 230 |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Heriotza | ezezaguna, K.a. II. mendea ( urte) |
Familia | |
Aita | Lucius Aemilius Paullus |
Ama | ezezaguna |
Ezkontidea(k) | Eszipion Afrikarra |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | latina |
Jarduerak |
Familia eta izena
aldatuEmilia izena bere familia izenetik dator, Gens Aemiliakoa baitzen, Erromako bost familia patrizio nagusietako bat. Errepublikako emakumeek familia izena eramaten zuten eskuarki eta jaiotza-ordenaren arabera bereizten ziren. Baina Kinto (Quintus, bosgarrena) edo Sexto (Sextus, seigarrena) izeneko gizonen kasuan bezala, Tertia izenak ez du beti esan nahi emakumeak bi ahizpa nagusi zituenik. Valerio Maximok idatzi zuen[3] Eszipion Afrikarraren emaztea eta Korneliaren ama, Tertia Aemilia zela[4]. Ez dago argi Emiliak ahizpak ote zituen.
Ezkontza
aldatuEmilia eta Eszipionen ezkontza K.a. 213. eta 210. urteen artean izan zen ziurrenik. (Eszipion Siziliara, aurretik, eta, gero, Hispaniara bidali zutenean); K.a. 206 edo 205. urtean ere izan daiteke[5]. Lau seme-alaba izan zituzten, bi seme eta bi alaba;
- Publio Kornelio Eszipion: aitaren osasun txarra zuen eta ezin izan zuen karrera politiko eta militarrik egin[6]. Augur izan zen K.a. 180. urtean[7]. Iraun ez duen historia liburu bat idatzi omen zuen[8]. Bere lehengusu propioa adoptatu zuen, Luzio Emilio Paulo Mazedoniko osabaren bigarren semea, eta Publio Kornelio Eszipion Emiliano izena hartu zuen.
- Luzio Kornelio Eszipion: pretore egin zen K.a. 174an, baina zentsoreek Senatutik bota zuten[9]. Kontsul izatera ere ez zen heldu[8].
- Kornelia Nagusia: Eszipioren iloba zen Publio Kornelio Eszipio Nasika Korkulorekin ezkondu zen, K.a. 191. urtean kontsula izan zenaren semearekin[8].
- Kornelia Gaztea edo Kornelia Afrikarra, Grakotarren ama: Eszipion hil ondoren ezkondu zen Tiberio Senpronio Grakorekin. Senarra bera baino askoz zaharragoa zen eta seme-alabak berak bakarrik haziko zituen. Ustez, 12 seme-alaba izan zituen, eta horietatik hiru bakarrik heldu ziren helduarora. Haren jendetasuna, jakinduria eta edertasunak (Egiptoko erregeetako batek gortea egin zion) erromatarren matrona perfektua egin zuten[8].
Izaera
aldatuAemilia Tertia ezaguna zen izaera gozokoa zelako eta senarrarekiko oso leiala, zeinak senatari asko haserretu zituen haien estrategia militar eta kontserbadoreei desafio eginez, greziar ohitura batzuk hartu zituelako[10]. Polibio historialari grekoa, Luzio Emilio Paulo Mazedoniko anaiaren etxean bizi izan zena, Emilia Tertziaren lekuko zuzena izan zen: oso dotore joaten omen zen zeremonietara, soineko ederrekin eta eta gurdi berezi eta apainduarekin; sakrifizioetarako erabiltzen zituen tresnak urrezkoak edo zilarrezkoak omen ziren, esklabo kopurua ere handia omen zuen[11]. Denboraldi horretan, Emilia Tertziak ezohiko askatasuna eta aberastasuna zuen ezkondutako emakume batentzat, senar bereziki liberal bati esker. Ezagutzen den garai honetako emakume bakarrenetakoa da. Askatasun eta aberastasun horren eta bere jarreraren ondorioz, senarrari leial, adeitsu eta atsegina, emakume gazteago askorentzako eredua izan zen[12], Kornelia bere alaba Errepublikaren amaierako emakumeentzako eredu izan zen bezala, besteak beste, Aurelia Kotarentzat Julio Zesarren amarentzat.
Valerio Maximok kontatzen du bere senarraren eta emakume-esklabo baten arteko desleialtasunaren aurrean, Emiliak ez jakinarena egin zuela. Ezkontzan sexuak umeak izatearen helburua besterik ez zuen. Gertakaria K.a. 191. urtean izan zen edo geroago, Emilia haurdun zegoen bere seme gaztearengandik edo erditu besterik ez zuen egin. Emakume erromatar batek ezin zuen itxaron senarra leiala izan zedin, eta senarraren portaera eskasa ez zen dibortziorako oinarri. Gainera, senarragandik banantzean, emazteak seme-alaben tutoretza galdu eta aitaren edo senarraren etxera itzuli behar zuen. Senarrak ezin zion dote guztiari eutsi, eta Emiliak gutxienez dotearen bostena jaso zezakeen.
Eszipionen heriotza eta haren ondorioak
aldatuEszipion K.a.183. urtean hil zen gaixotasun kroniko batekin, K.a. 185. urtean Literneko landa-etxera erretiratu ondoren. Azken urteetan, grezieraz idatzi zituen gaur egunera iritsi ez diren bere memoriak.
Polibioren arabera, Eszipionek neurriak hartu zituen alargunak ordura arteko bizimodu bera izan zezan. Bere alaba bakoitzari berrogeita hamar urrezko talentu ere agindu zizkien, garai hartarako oso garrantzitsua baitzen.
Bere senarra hilda gero ere, haren maitale izandako emakume-esklaboa manumititu egin zuen eta bere liberto batekin ezkondu zuen[13].
Alarguntasuna eta heriotza
aldatuEmilia Tertzia senarra eta bi semeak baino gehiago bizi izan zen. Bi alabak bera baino gehiago bizi izan ziren; bera K.a. 163 edo 162. urtean hil zen. Alargun egon arren, luxuzko bizitzarekin jarraitu zuen, senarraren testamentuak diru-sarrera handiak bermatzen baitzituen. Hala ere, lex Voconia zela eta (lege honek emakumeei asko jaraunstea edo beren ondasunak emakumeei uztea debekatzen zien), ezin zituen bere ondasunak berak nahi bezala erabili.
Aberastasun eta bizitza erosoa izan arren, azken urteetan bi semeen heriotzak hunkitu zuten, berezko ondorengorik utzi gabe.
Hil ondoren, hainbesteko aberastasuna utzi zion bere oinordeko zuzenari, adopziozko iloba zuen Eszipion Emilianori, ezen egun bakar batean gai izan baitzen bi adopziozko izebek ordaindu gabe zituzten urrezko 25 talentuak ordaintzeko, hau da, guztira 50 urrezko talentu ordaintzeko[14]. Berak bere amari eman zizkion, Papiria Masonisi, bi hamarkada baino gehiagoan aita biologikotik bananduta egon baitzen. Azken hori hil zenean, bere bi ahizpa biologikoei esleitu zizkien bere ondasunak: Aemilia Paula Primari, Marko Portzio Kato Lizinianoren emazteari, eta Aemilia Paula Secundari, Kinto Elio Tuberoren emazteari[15][16][17].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Dixon, Suzanne. (22/1985). «Polybius on Roman Women and Property» The American Journal of Philology 106 (2): 147. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ (Ingelesez) H.H. Scullard. (1970). «Scipio Africanus: Soldier and Politician» Goodreads (Thames and Hudson, Londres): 196. (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ «Valerio Maximo VI, 7, 1-3» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ Bocacciok ere bere De Mulieribus Claris idazlanean Tertia Aemilia esaten dio.
- ↑ Data zalantzazkoa da, izan ere, Kartago 209an hartu ondoren, Eszipionek emaztegaiari buruz hitz egingo baitzuen. Bestalde, bere seme Publio Kornelio Eszipion Afrikarra nahiko nagusia zen, piratek 192an harrapatzeko adina, Grezia bisitatzean edo lan militarrak egitean. 174. urtean bi semeak pretore izateko behar zen adina zuten, beraz, gutxienez hogeita hamarren bat izango zuten. Aditu gehienek uste dute Eszipion eta Emilia K.a. 212an edo lehenago ezkontzen direla, historialari garaikideek ez baitute beste emakume baten berri ematen.
- ↑ Zizeron. «Brutus 77» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ Livio, Ab urbe condita XX.24.
- ↑ a b c d «History of the Hellenistic and Roman World» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ Tito Livio. «Ab urbe condita XLI, 27» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ (Ingelesez) H.H. Scullard. «Scipio Africanus: Soldier and Politician» Goodreads: 24. (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ Polibio 31, 26
- ↑ «History of the Hellenistic and Roman World» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ «Valerio Maximo VI, 7, 1» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).
- ↑ Valerio Maximo IV, 4, 10
- ↑ Polibio 31, 28
- ↑ Plutarko, Paulo Emilioren bizitza, 2
- ↑ Tito Livio. «Ab urbe condita XXXVIII, 57» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-11).