Erromako kontsul

Kontsul (Antzinako Erroma)» orritik birbideratua)
Artikulu hau erromatar karguari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kontsulatu».

Erromako kontsula Erromatar Errepublikako magistratu nagusia zen. Urtero bi kontsul hautatzen ziren, urte batez batera jarduteko. Estatuaren eta, batez ere, gerra garaiko armadaren zuzendariak ziren, botere betearazlea baitzeukaten (imperium). Urtea izendatzeko, kontsulen izenak aipatzen ziren. Inperioa ezarri zenean, ordea, kontsulek botere eta autoritate franko galdu zuten, eta agintari sinbolikoak bilakatu ziren, Erromako historia islatzen zutenak.

Historia

aldatu

Tarkinio Superbo azken errege etruskoa bota ondoren, erregeen agintea eta autoritatea, hein handi batean, ezarri berri ziren kontsulei eman zitzaizkien. Hasiera batean, "pretor" (lider) deitu zitzaien magistratu horiei, armadako buruak baitziren. K.a. 305ean, berriz, kontsul izena eman zitzaien.

Bake garaian ahalmen handiak zituzten, bai administrazioan, bai legegintzan, bai justizian, eta gerra garaian armadako buru nagusiak ziren. Horretaz gain, erlijio eginkizunak ere betetzen zituzten. Urtero bi kontsul hautatzen ziren, eta haietako bakoitzak bestearen egintzei betoa jartzeko eskubidea zeukan.

Tradizioari jarraikiz, hasiera batean patrizioak baino ez ziren kontsul karguan aritzen. K.a. 367an plebeioek magistratura horretan aritzeko eskubidea lortu zuten, Licinia Sexta legeak xedatzen baitzuen urteroko bi kontsuletatik bata plebeioa izanen zela. Hurrengo urtean, Luzio Sexto lehendabiziko kontsul plebeioa izan zen. Hala ere, egungo historialariek zalantzan jarri dute kontaera tradizional hori; izan ere, Luzio Sextoren aurretik izen plebeioak zeramatzaten kontsulak bazeuden.

Denborak aurrera egin ahala, kontsul izatea bilakatu zen norberaren ibilbide politikoaren gailurra eta azken pausoa. K.a. I. mendean, Silak ibilbide politikoa legeztatu zuenean, kontsul izendatu ahal izateko, 41 urte izan behar zituzten politikariek. Julio Zesar Erromako kontsul hautatu zuten senatuan hainbat aldiz, K.a. 59an hasita.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu