Pretorea (latinez prætor), hierarkikoki, kontsularen azpitik zegoen lehen magistratu erromatarra zen. Gaur egun, epaile txikia izango litzateke. Senatoreen mailakoa zen eta beraz, toga praetexta delakoa jantzi zezakeen. Erromako hiri barnean ibiltzen zenean, aurretik bi liktore[1] eramaten zituen, eta sei hiritik kanpo ibiltzen zenean. Errepublika garaian, urtebetez hautatzen zuten komizio zenturiatuek.

Erromatar Errepublikaren lehen garaietan, pretor hitzak, kontsulak izendatzeko balio zuen, armaden agintaritza baitzuten. Baina, K.a. 366an, pretor izeneko titulu berezi bat sortu zen Erroman, magistratura berri bat, justizia banatzeko eginkizuna zuena. Plebeioak ez ziren pretoretzara iritsi K.a. 337 arte.

Pretoreen funtzioak Antzinako ErromanAldatu

 
Pretor izandako magistratu baten hilarria.

Liviok idatzita utzi zuen pretorea Leges Liciniae Sextiae deitutako legeek sortu zutela K.a. 367an. Baina orduan, pretorea hiriko magistratu nagusia zen, ondoren, kontsula izango zena.[2]

Funtzioak eta aukeraketa prozesuaAldatu

Urtebetez auzitegien buru izateko ardura zuten; ondoren propretore bihurtu eta beste urtebetez lurralde zehatz batzuetan gobernatzea bazuten. Imperiuma (tradizioz, jatorrizko agintaritza zibil eta militarra) zuen, beti ere kontsulena baina txikiagoa, imperius minus baitzen. ius auspiciorum maius delakoa ere zuen, eta horrek, jainkoen borondatea zein zen irakurtzeko gaitasuna ematen zien.

Pretore baten hautaketa Hauteskunde Zenturiatuen bidez egiten zen, kontsula hautatzeko erabiltzen zen erritual erlijioso berarekin. Bere karguaren ikurra toga praetexta delakoa zen. Pretoreak, gainera, kontsularen eginkizunak betetzen zituen kontsulik ez egotekotan.

Pretorea patrizioa izan behar zen K.a. 337 arte; urte hartatik aurrera plebeioak ere magistratura honetara irits zitezkeen. Pixkana-pixkana, pretore gehienak plebeioak izan ziren.

GarapenaAldatu

Erromako pretoreak bere funtzioak banatu zituen K.a. 242tik aurrera: Praetor Urbanus delakoa, Erromako hiriko hiritarren kontuez arduratu zen, eta Praetor Peregrinus-a erromatar hiritar eta hiritar ez zirenen (peregrinusak) arteko kontuez. Funtzioen banaketa beharrezkoa izan zen K.a. II. mendetik aurrera, garai hartan Erroma asko hedatzen ari baitzen lurralde berrietara, hiritar ez ziren pertsona libre asko gehitu ziren inperiora, eta hiritar eta hiritar ez zirenen arteko erlazioek eta gatazkek gora eta gora egin zuten.

Erromatar domeinua Italiatik kanpora hedatzen zen heinean, probintzietako pretoreak delakoak sortu ziren, konkistaturiko herrialdeak gobernatzeko lana zutenak, baita armaden buruzagi izatea ere, operazio militar gune asko zeudenean. Pretoreek, orduan, ediktuak argitaratzeko eskubidea zuten. Auzitegiaren ate gainean harri zuri bat zegoen, non pretore berri bakoitzak lanean hasterakoan bere ediktua grabarazten zuen, hau da, bere magistraturan zehar justizia banatzeko erabiliko ziren zuzenbide arauak iragartzen zituena. Legedian hutsuneak sumatutakoan, aurkezten zen kontuari buruzko beharrezko arauak idazten zituen pretoreak, edo zuzenbide zaharrekoak behar berrientzako egokiak ez zirela uste bazuen, espresuki indargabetu gabe, euren zorroztasuna ahultzen zuten.

Urteko legedi honek zibilizazioaren aurrerapenak erraz jarraitu ahal izateko abantaila zuen, jus civile delakoa iraunarazteko eta eskubide horretatik jus gentiumera pasatzea erregulatzeko balio izan zuen.

Hadriano enperadorearen garaian, Salvius Julianus legelariak pretoreen ediktu guztiak bildu eta antolatu zituen; ediktu corpus horrek ediktu iraunkor izena jaso zuen.

Pretoreak inperioaren amaiera arte egon ziren, baina pixkana-pixkana bere antzinako egitekoak galdu eta soilik intendentzia mantendu zuten.

ErreferentziakAldatu

  1. Segurtasuna bermatzen zuten langile publikoak.
  2. Drogula, Fred (2015). Commanders & command in the Roman Republic and Early Empire. Chapel Hill: University of North Carolina Press. ISBN 978-1-4696-2314-6. OCLC 905949529.

Kanpo estekakAldatu