Elhuyar aldizkaria

Elhuyar Zientzia eta Teknologia» orritik birbideratua)

Elhuyar zientzia eta teknologia Elhuyar Fundazioak hiru hilez behin kaleratzen duen zientzia eta teknologiari buruzko euskal aldizkaria da.[1][2][3][4]

Elhuyar aldizkaria
Motaaldizkari
Fitxa teknikoa
Hizkuntzaeuskara
Argitaratze lekuaUsurbil
ArgitaletxeaElhuyar Fundazioa
Gai nagusiazientzia eta teknologia
Banaketa
Maiztasuna3 hilabete
Historia
ZuzendariaAitziber Agirre
ErredaktoreakAna Galarraga eta Egoitz Etxebeste
Identifikadoreak
ISSN2603-6614 eta 2530-9366

aldizkaria.elhuyar.eus
Facebook: elhuyar.aldizkaria Twitter: elhuyaraldizk Mastodon: elhuyar@mastodon.eus Edit the value on Wikidata

Historia aldatu

Hainbat etapa jaso ditu aldizkariaren historiak:[2]

Sorrera (1974) aldatu

Elhuyar Fundazioa sortu eta bi urtera ekion zioten aldizkariari, 1974ean; fundazioaren tresna nagusia zen. Donostiako Ingeniaritza Eskolako Euskal Kultur taldeak hizkuntza zientifiko-teknikoarekin kezka handiak zituen. Euskaraz nola esan behar ziren gauza horiek? Horretarako atera zuten aldizkaria: hizkuntza zientifiko-teknikoa sortu, erabili eta finkatu nahi zuten. Batez ere, hizkuntzaren mesedetan izan zen.[2]

Aldizkari zientifiko bihurtzea (1981) aldatu

1974. urtean sortu zenean Elhuyar aldizkaria izena zuen, baina 1986an haren ordez Elhuyar zientzia eta teknika izena hartu zuen. Lehenago 1981ean, 25. zenbakiko editorialean esan zuten helburua bete eta euskarak zientzia gaiez jarduteko balio zuela erakutsi zutela. Orduan etorri zen aldaketa. Alderdi linguistikoak pisua galdu zuen, eta zientzia edukiei eman zieten garrantzia, aldizkaria berritu.[2]

Irakaskuntzarako materialaren behar asko zegoen, eta Oinarrizko irakaskuntzarako atala sortu zuten. Unibertsitatean egindako lanen eta zientzia albisteen berri ematen jarraitu zuten. Halere, aldizkariak ez zituen ase, beste zientzia argitalpenekiko homologatzen ez zela ikusi zuten; bi aldizkari egin zituzten orduan.

Bi aldizkari: zientifikoa eta dibulgatzailea (1990-1996) aldatu

Zientzia artikuluak jasotzen zituen batek, eta zientzia dibulgazioa besteak. 1996an desagertu zen espezializatua, horretarako beharrik ez zegoelako. guztira 526 artikulu argitaratu zituen 23 urtetan.[5]

Dibulgazioko aldizkariari eutsi zioten Elhuyar Zientzia eta Teknologia izenarekin, eta hori da egungoaren arbaso zuzena.

Dibulgaziorako hilabetekaria (1996-2015) aldatu

2002an atera zen dibulgaziorako diseinu berri batekin atal-hauekin: Albiste laburrak, elkarrizketa, erreportajea sakonean, analisia. Gai librean atala zen beste zientzia-argitalpenengatik desberdintzen zuena. Ikertzaileek beraiek artikuluak bidaltzen zituzten argitaratzeko.

Webgunea (2001tik) aldatu

2001ean hasi ziren Internetekin. Aldizkariko edukiak daude, baina papereko aldizkariaren edukiak osatzeko aprobetxatzen dute. Elkarrizketen bideoak, argazkiak, audioak, eduki multimedia eta elkarrizketen bertsio luzeak eskaintzen dituzte.

2014an Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak, EHUko Aholab taldearekin elkarlanean, webguneak entzuteko teknologia garatu zuen. Horrela, erabiltzaileek Elhuyar aldizkariko webgunea eta www.zientzia.net-eko (zientzia.eus geroago) edukiak euskaraz entzuteko aukera aprobetxatu zuten. Erreportajeak eta albisteak entzutean, erabiltzaileak emakumearen edo gizonaren ahotsarekin entzuteko aukera zuten.[6]

Dibulgaziorako diseinu eta formatu berria (2017tik) aldatu

2015ko martxoan, egoera ekonomikoak behartuta (Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzako laguntzak ebazteko irizpideak aldatu zituen),[7] aldizkariak maiztasuna murriztuko zuela iragarri zuen. Hilabetekari izatetik hiru hilero argitaratzera pasatu zen. Orduan Elhuyar aldizkariaren paperezko bertsioak 1.475 harpidedun zituen eta Interneteko guneak 23.000 bisitari desberdin izan zituen 2015ean.[7]

2017ko abenduan aldizkariak diseinua eta formatua berritu zituen. Orriaren tamaina txikiagoa eta kalitate handiko argazkiak hartu zuen aldizkariak irakurtzeko erosoagoa izateko.

Zientziaren dibulgaziorako unitatea Elhuyarren (2023) aldatu

Urteak pasatzerakoan Elhuyarrek dibertsifikatu egin ditu zientzia zabaltzeko dituen kanalak. 2023an ehun pertsonako lantaldea zeukaten, bost unitatetan banatuta.

  • Zientziaren dibulgazioa egiteko badituzte beste bide batzuk aldizkariaz gain: Teknopolis telebista saioa, Elhuyar aldizkaria, Norteko Ferrokarrilla eta Ekosfera irratiko programak, CAF-Elhuyar Sariak, gazteentzako dibulgazio proiektuak…
  • Adimen artifizialaren unitatea ere bazeukaten hizkuntzan; azken urteetan sekulako txanpa hartu zuen eremua zen hori, eta euskarari ingurumen digitalean zerbitzua ematen zioten punta-puntako proiektuak lantzen zituzten hor.
  • Hizkuntza-teknologia unitatea da bestea; Elhuyar hiztegiak eta bestelako hizkuntza-teknologien garapena ere lantzen zituzten.
  • Laugarren unitatea aholkularitzarena zen, euskara-planak eta berdintasun-planak lantzeko, enpresa eta erakundeetan.
  • Eta, azkenik, komunikazio-zerbitzuena.

Sariak jaso dituzte egiten duten zientzia dibulgazioarengatik, aldizkariarengatik, irrati-saioengatik, eta Teknopolis saioak berak ere sari asko jaso ditu. Elhuyarrek 50. urteurrena bete zuen 2022an, eta orduan erakunde asko gogoratu ziren Elhuyarrekin, sariak emateko eta aitortza-keinu ugari egiteko.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. «Zientzia eta teknologia - Elhuyar Aldizkaria» aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  2. a b c d Garcia, Adrian. (2023-11-18). ««Zientzia kultura hedatu eta sasi-zientziari aurre egiten diogu»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  3. Telleria Sarriegi, Enekoitz. (2022-02-15). «Elhuyar: 50 urte erantzun bila» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  4. Goikoetxea, Jakes. (2023-11-18). «Klik soil bat ahotsa testu bihurtzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  5. Elhuyar aldizkari zientifikoa (1974-1996). «Elhuyar aldizkari zientifikoaren 532 artikuluak (1974-1996). Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Elhuyar Fundazioa) (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  6. Berria. (2023-11-18). «'Elhuyar' aldizkariko webgunea, entzungai» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  7. a b Iraola, Arantxa; Lartzanguren, Edu. (2023-11-18). «Urtean lautan argitaratuko dute aurrerantzean 'Elhuyar' aldizkaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  8. SaizarArtola, Irati. (2023-09-10). ««Gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu