El Pontón errota Bilboko Abusu auzoan kokatzen zen antzinako errota bat zen. El Ponton okindegia izango zenaren aurretik, XVI. mendetik, historia luzeko errota izan zen El Pontonen, Ubide pasealekuaren amaieran. Egun El Ponton toponimoa nagusitu bada ere, XIX. mendean "El Montón" ere erabiltzen zen eta, aurreko garaiko agirietan, El Montón erabiliagoa da El Ponton bera baino.

El Pontón errota
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°14′N 2°55′W / 43.24°N 2.92°W / 43.24; -2.92
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1523 (egutegi gregorianoa)
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea469

1987ko apirilaren 2an, goizez, Santa Isabel zubi berrirako babes hesiak hautsi eta hondeamakina batek errotaren hormak suntsitu zituen. Bost mendez aldaketak izan ditu kokaguneak eta bertako eraikinek, errota, labe, okindegi eta aletegi funtzioak betez, besteak beste. Gerra karlistak zirela eta, birritan erre zituzten El Pontoneko eraikinak, gerra banatan: 1835eko martxoak 7an, lehen karlistadan eta 1874ko urriak 18an, bigarren karlistadan.

Egun Abusu Ikastolak bere egoitza du inguru horretan.

El Pontón errotaren antzinako kokagunearen ikuspegia.

Funtzionamentua aldatu

Industri aurreko aroan, hiru mendez, berrikuntza gutxi izan zen errotaren funtzionamentuan: presa batek errekako ura moteldu eta pilatzea ahalbidetzen zuen. Kanal baten bidez ura antepara izeneko gordailu batean pilatzen zen. Beronen beheko aldean zulo bat edo batzuk izaten ziren eta, kainoi moduko batzuen bidez, ura presioz gurpil hidrauliko horizontal batera bultzatzen zen. Honek erdian zuen ardatz bertikala mugitzen zuen eta, ardatz horrek, "volantera" zeritzan errotarria mugitzen zuen, finko zegoen beste harri baten gainean, alea zanpatuz eta irina sortuz.

Egurra harriarekin ordezkatzeaz harago, XVIII. mendeko Bizkaiko errotak, Erdi Arokoen eredu moldatuak baino ez dira. Lantegi hidraulikoak sortu ziren arte, apenas izan zuten aldaketa teknologikorik.

Historia aldatu

  • Industria aurreko aroa: Lehen errota (1523-1593)
  • Industria aurreko aroa: Bigarren errota (1642-1793)
  • Aro protoindustriala: Alexo Mirandaren okindegia (1793-1835), El Ponton okindegia.
  • Aro protoindustriala: Maximo Agirreren oihal fabrika (1844-1868 ingurura)
  • Aro industriala: "El Ponton-Viena" okindegia, Eduardo Coste y Vildosolarena (1868 ingurutik-1920ko hamarkadara)
  • 1987: errotaren suntsiketa
  • 1996tik- gaur arte, Abusu Ikastola: 1996ko abuztuak 14an: Bilboko Udalak Abusu Ikastolako guraso kooperatibari baimena eman zion Pontoi inguruan lanak egin, okindegia izandako eraikina zaharberritu eta bertan ikastola ezartzeko. Federico Arruti arkitektoak burutu zuen zaharberritzea.

1523-1593: lehen errota aldatu

Begoñako elizatean, El Ponton / El Montón gunean, Ibaizabalen azken meandro handian, Bizkaiko potentzial hidrauliko handieneko gunea zegoen, gaur egun desagertua den San Kristobal irla baino goraxeago. 100 metro kubiko segunduko ur emarian, 105 metroko egurrezko presa noiz eraiki zen zehaztea zaila da. Baina jakina da 1523rako errota izan bazela.

1523an, hain zuzen, Bilboko udala Ollarganeko urak baliatzen saiatu zen ur edangarria lortzeko. Horretarako, kanalizazio berriak oinaztar familia bateko ahaide nagusiek El Ponton bertan zuten errotaren inguruko lurretatik bideratu behar zituzten. Juan Lopez Askuriazakoa eta, haren emazte, Teresa Luisa Butroekoa ziren Begoñako orube eta errota haren jabeak.

1551an, Martin Agirrek errotarentzat presa eraiki zuen.

1571an, Gregorio Lopez Begoñakoak, maiorazkoak, porrot ekonomiko egoera bizi zuen. Hartzekodunen konkurtsoaren ostean, errotaren jabetza Bilboko Udalari esleitu zitzaion. Ordutik eta XIX. mende erdira arte, udal jabetza izan ziren lurrok. Aldika, El Ponton errota enkantez eskaintzen zuen udalak epe baterako; 1577an, kasu, 100 dukat zen urteko errenta.

1593an, irailak 22ko uriolak ehotze etxea suntsitu zuen eta presa larri kaltetu, ekoizpena geraraziz. Kontratazio Etxea eta Konsistorioa ere suntsitu zituen.

1598an Pedro Latorrek errota berritzeko planoa aurkeztu eta onetsi zen.

1612an udala errota berreraikitzen saiatu zen. Baina auzi luzea izan zuen inguruko beste gune hidrauliko batzuen jabe eta hartzekodunekin, presaren gehiegizko altuerak eurei kalte egiten ziela uste baizuten Bolueta eta Abusuko errotek.

1635ean Lazaro Hormaetxek eskakizun idatzi bat luzatu zion udalari: norbanako bati errotaren berreraikuntza eslei ziezaion, beronen hustiaketaren truke. Teofilo Guiardek jasoa du idatzi hori, bere "Historia de la Noble Villa de Bilbao"-ren lehen liburukian (332 orr.). Gainontzean, beste errotariek presa hondatzen jarraitzeko arriskua zegoen, batipat uda sasoian, ur urriagoak euren errotetan erabiltze aldera.

1642-1793: bigarren errota aldatu

1639an ebatzi zen auzia El Pontonen alde: Juan de Castañeda e Islak, 30 urterako usufruktuaren truke, hiru errotarri hartzeko moduko etxea eraikitzeko ardura hartu zuen: 4,6 metro zabal, 3,7m garai eta 5m luze. Eraikuntza lanak Pedro Landa eta Ascensio Landetak burutu zituzten, 1642an amaituz (ikus T.Guiarden 2. liburukia).

1675ean, behin Castañedaren eskubidea iraungita, bi edo lau urterako alokairua eskaintzea hobetsi zuen udalak, lauhilero diruz ordaindu beharreko errentaren truke. Enkantea hiru kandelen modu klasikoan ebazten zen, San Anton elizaren hilerrian eta, zegokion urteko azaroak 1ean, ematen zen eskualdatzea.

1700ean uriola batek harrizko zubia suntsitu zuen.

1719an errota Tomas Olartegutxiak zuen errentan hartua, urteko 164 dukaten truke. Gizon hura, ordea, bere lau urteko errenta-aldia amaitu aurretik hil zen.

1737ko uriola handiak Kañuen pasealekuan eta El Ponton errotan bertan kalteak eragin zituen, San Frantzisko zubia eramateaz gain. Ekoizpena bost urtez gelditzea ekarri zuen horrek, nahiz 1738ko abuztuak 6rako publikoki jakinarazi ziren berrikuntza lanen baldintzak. Lanak lau urte geroago burutu ziren, 1.100 errealen truke, Juan Uriguenen eskutik: 20 eguneko lana izan zuen berreraikuntza.

Ondoren, sei urteko epeetan alokatu zen errota. Lehen hiru maizterrak, hurrenkeraz, Jose Monasterio, Martin Madariaga eta Miguel Arana izan ziren. Azken honen garaian, 1760 inguruan, urteko 180 dukat ordaintzen zituen errenta gisa.

1797an Bilbok 10.943 biztanle zituen jada. Eskaria handituz zihoanez, irina eta ogia Kadagua arroko errotetatik jasotzen zituen nagusiki. Hornitzaileek pisua eta prezioak manipulatzen zituzten ordea eta gatazkak sortzen ziren. 1790erako, udal komisio batek zehaztua zuen okindegi handi baten beharra, El Ponton errota zaharraren ahalmena handitu eta labe modernoak izango zituena.

1793-1835: Aro protoindustriala, Alexo Mirandaren okindegia, El Ponton okindegia aldatu

1793an, Bilboko udal agintariek Juan Ortiz de Azorin korregidoreari uriak zuen ogi honikuntzaren arazoa planteatu zioten. Honek, Alexo Miranda Bergarako arkitektoari plano batzuk eskatzea iradoki zuen, labe eta okindegia eraikitzea bideratzeko asmoz. Bizkaiko protoindustriaren lehen lantegi eraikintzat jo daiteke. Mirandak formakuntza akademiko egokia zuen eta neoklasizismoa sustatu zuen Gipuzkoa eta Bizkaiko bere lanetan.

Aurreproiektua Real y Supremo Consejo de Castillara bidali eta, 1793ko urriak 10arekin, Erret Agindu batek eraikuntza baimena eman zuen, hiru lan zehatz egiteko: errota zaharren berriztatzea; labeen eraikuntza eta 10.000 gari fanega erostea udal biltegirako, hiriko okinen hornitzaile zena. 700 mila errealeko aurrekontua zuen egitasmoak, horietatik 300 mila labe eta okindegia eraikitzeko.

Finantzaketarako, bi iritzi kontrajarri nagusitu ziren hilabeteetako polemikan: Korregidoreak Areatzako orube eraikigarri batzuk saltzea proposatzen zuen. 17 udal ordezkarik berriz, dirua erroldatik jaso eta ogiaren gaineko zerga berri baten bidez erreskatatzea proposatzen zuten. Gaztelako Kontseiluak bi alternatibak txarretsi zituen. Bata, Zazpi Kaleetan bete gabeko tokiak bazirelako; bestea oinarrizko ondasunak garestitzeari desegoki iritzi ziolako. Hortaz, udala hamarkada batzuetarako zorpetzea proposatzen zen, egitasmoa ez baizen nolanahikoa. 1799an Wilhelm von Humboldt hirian bisitan izan zenean, bera ere jabetu zen eraikin haien kostu eta handinahikeriaz.

Alexo Mirandari 40 dobloi ordaindu zizkion Bilboko Udalak planoen truke. Planoak San Fernandoko akademiara igorri ziren eta, aldaketa txiki batzuekin, bertako Arkitektura Komisioak 1794ko martxoak 12an onartu zuen egitasmoa. Aldaketa txiki horiekin zuritu zituen Alexo Miranda arkitektoak lanetan izandako gainkostuak. Dena den, lanak egin ahala aldaketa gehiago ere sartu zituen egitasmoan, eraikinen funtzioak elkar trukatzeraino.

Eraikuntza lanen azken emaitza lau eraikin izan ziren: errota, okindegia, aletegia eta egurtegia. Inguruko aldatz handira moldatzeko, eskilaratuak.

Errotak, kasu, ibai aldera hiru solairu zituen, baina atze aldera bakarra. Aletegia errotaren gainean zegoen justu, alea biltegitik errotaren goiko solairura iristea errazten zuen hodi eta galbahe sistema batekin. Lortzen zen irina, bizkar gainean edo animalien bidez, okindegiko bigarren solairura garraiatzen zen eta, handik, labeak zeuden tokira. Labeotan pirometro baten esferekin neurtzen zen tenperatura, 180 gradura arteko eskalan; aurrerapen teknologiko garrantzitsua zen tresna hau, okinaren esperientzia eta abildadea osatzen baizuen.

Okindegia zen eraikinen artean azpimarragarriena: lau solairuko aurrealdea eta hamaika ardatz bertikal zituen. Lehen solairua ezponda moduan eraiki zen, aldatz handia medio, hormaren presioari hobeto eusteko. Lehen bi solairuetan ekoizpen lana egiten zen. Hirugarren solairuan etxebizitza eta bulegoak zeuden. Laugarrenean, ganbaran, biltegia. Garairako bolumen paralelepipedo itzeleko eraikina zen: 46 metro luze, 34m zabal eta 17m garai. Erdiko patio zabalak argitasuna, mugimendu erraztasuna eta arintasuna eskaintzen zituen. Tamaina eta barne antolaketa ziren, beraz, eraikinaren ezaugarri nabarmenenak. Gainontzean, estetikoki, komentu, ospitale edo, are, espetxeen arkitekturarekin zuen zerikusi gehien.

Material aldetik ere berrikuntzarik ez zuen: egurraren erabilerak sute arriskua mantentzen zuen. Horma lodiak harlangaitzez egokitutako argamasaz eraiki ziren, harlandua ertzetarako lagaz.

Produkzio ahalmenaz eztabaida izan zen: udalak lehengo hiru errotarriei beste bi gehitzeko egitasmoa aurkeztu zuen; eta hala onartu zitzaion. 1794an, ordea, eraikuntzaren lehen fasean, arkitektoak aitortu zuen lau errotarrirentzako tokia baino ez zutela. Honenbestez, egunean 480 fanega irin eho zitezken, urtean 1,5 milioi libera ogi eta gaileta egosteko beste. 50 lagunek egiten zuten lan bertan (200 fanega, sei labe eta 34 langile, beste zenbait iturriren arabera). Labe lanak gidatzeko Palentziako bi okin-maixu kontratatu zituzten, ogi espainiarra egosten espezialista zirenak. 1796ko gabonetatik hasita, 6 urterako kontratua egin zitzaien bi okin-maixuei.

Udal izaera zuen lantegi berriak eta kanpoko sinbolo eskasen bidez nabarmendu nahi izan zen hori. Iparraldeko horman Bilboko armarria ezarri zen, honako hitzekin: "Alcázar de la Invicta Villa". Alboz albo hondoko idazkun biak zituen:

"Me asegura la abundancia

del más precioso alimento

protección y vigilancia"

eta

"Doy al público sustento,

ley a la injusta ganancia

y a la labranza fomento".

Errotan berriz, honako irakur ziteken:

"Para el bien público de la Noble Villa de Bilbao

año MDCCCIV

Arquitecto: Alexo de Miranda"

Data horren berri (1804), 1876an eman zuen Mañe y Flaquerrek, Bizkaian egindako bidaian. Baina ez dakigu lanen amaiera oroitzeko data ote zen (beranduegi dirudi) edo ondoren egindako konponketaren batena ote zen (goizegi dirudi). Nolanahi den, testu horiek guztiak galdu egin ziren. XX. mende amaieran ez zegoen horiek irakurtzerik.

Eraiki zen garairako, errota berriaren ekoizpen ahalmena oso handia zen. Kadagua ibaiaren arroko okindegiei kalte handia egin zien horrek.

1835eko martxoak 7an, lehen gerra karlistan, Santutxu eta El Morro okupatu zituzten 4.000 soldadu karlistek, Eraso jenerala, Simon de la Torre eta Castor Andetxaga buru zituztela. Aldiz, udal agintariek, El Pontonen zaintzarako 31 lagun baino ez zituzten ezarri, liberalak, Gabriel de Oviedo Granadarien Alferezaren agindutara. Karlisten erasopean, suak hartu zituen okindegia eta errota. Urte hartan udalak 1.114.590 errealen galerak aitortu zituen; horietatik, 609.915 El Pontonen suntsiketari zegozkion.

Ia 10 urte eman zituen eraikinak utzita, 1844ra arte.

1844-1868 ingurura: Aro protoindustriala, Maximo Agirreren oihal fabrika aldatu

1844ko uztailak 24arekin, urte horretako irailak 3rako enkante bat iragarri zuen Bilboko udalak. Bertan, Montón lantegi handia, inguruko eraikin eta orubeak, zegozkion presa, ubidea, anteparak eta beste eskaintzen ziren, edozein jarduera industrialetarako. Aurretik udalaren maileguen berme izanak ziren arren, kargarik gabe eskaintzen ziren ondasunok. Are, inguruan lur gehiago ere erosteko aukera azpimarratzen zen. Antonio Goikoetxea eta Pedro Belaunzaran udal arkitektoek 20.000 duroko tasazioa egin zioten eremuari. Baina 1844ko irailak 3ko goiz hartan, nehork ez zuen erosketa eskaintzarik egin.

20 egun beranduago, Maximo Agirre liberal bilbotarrak idatzi bat zuzendu zion udalari. Inbertsio plan bat zuela, haritegi bat ("fábrica de hilados") bertan kokatzeko. Jarduera industrial horrek hiriari garapena eta, premia zutenei, lana eta bizibidea eskainiko ziela argudiatzen zuen. Baina prezioa merkatzea ere jartzen zuen eraikin zaharrak erosteko baldintza gisa. Agirreren inbertsio industrialen artean Gasometroa egon zen, 1847tik Bilboko kaleak argiztatzen zituena. Baina baita errota izandako Pontoi inguruko lantegia ere: hantxe ezarri zuen "Fábrica de Lencería de Miraflores, MAXIMO DE AGUIRRE".

1847an, alegia, Pascual Madoz eta bere informatzaileek Hiztegi Geografikoan aipatzen dutenez, Bizkaiko hiru lantegi berri garrantzitsuenen artean zeuden: Maximo Agirreren Pontoikoa (kotoi haria lantzeko makineria dotoredun oihaltegia), Boluetako Santa Ana eta Abandoko aingura fundizioa. El Pontonen errota konpondu eta irin ekoizpena berriro martxan zela ere aipatzen dute.

1860ko lantegi erroldan (Censo de Establecimientos Fabriles), Maximo Agirre Bizkaiko zerga ordaintzaile nagusi gisa agertzen da, oihal fabrikagatik 1.170 erreal ordainduz eta gasometroagatik beste 1.000 erreal.

1868 ingurutik - 1920ko hamarkadara: Aro industriala, "El Ponton-Viena" okindegia, Eduardo Coste y Vildosolarena aldatu

1860ko hamarkadaren amaieran Eduardo Coste y Vildosolak erosi zuen lantegia. Okindegi zaharrean, Miraflores deituan, oihalak egiten jarraitu zuen eta aleen ehotzea Pontoiko errotan, aparteko aldaketarik gabe. Harik eta bigarren guda karlistak etenaldi berri bat eragin zuen arte.

1874ko urriak 18an, Gorordo eta Durango bataloi karlistetako soldaduak okidengiko administratazaileari zuzendu zitzaizkion, Pascasio Olabarriari. 100 familitik gora lantegitik bizi ziren arren, Olabarriari mehatxupean lantegi eta biltegiko giltzak kendu, errotaria bahitu eta Abusura gurutzatu zuten soldaduek, El Pontoneko lantegiak sugarretan utziz.

Gerra ostean, oihal fabrika egondako okindegiaren eraikina eta egurtegia bertan behera laga eta, Coste y Vildosolak, errota berritu zuen. Berau lurrun galdara batekin hornitu eta kalitate goreneko ogia egiteko egokitu zuen, austro-hungariar modura. El Ponton-Viena izen berriak horretxi egiten zion aipamena. Kalitate goreneko irinak lortzeko ehotze prozesua behin eta berriz errepikatzen zen (baita sei bider ere). Urteen joanean, ordea, estraperloaren eta atzerriko irinen lehiak (Frantziakoak batipat) kalte egin zion Eduardo Costeren negoziari: 1889an, Bilboko Iringileen Gremioaren izenean Ogasun ministeritzari zuzendu zitzaion, mugasari baten babes eskean. Artisau gisako lantegi asko ziren inguruan ordurako, baina ez zuten nazioarteko irin fabrika handien produkzio ahalmen eta lehiakortasunik.

XX. mende hasieran, Arratiako tranbiarentzat zubia eraiki zen propio Pontoi inguruan. Eraikitze lanak 1901eko abuztuak 18an hasi ziren: 35 metroko argia zuten lau arkuak 1901eko abenduak 17an amaitu ziren; 1902ko otsailak 15ean amaitu ziren 19,5 metroko bi arkuak eta erresistentzia frogak 1902ko urriak 14an burutu ziren.

1902an kapital elkarte bat sortu zen Bilbon, Harino Panadera S.A., Juan Jose Irala okinaren ekimenez. Hainbat artisau enpresa txiki batu zituen bere baitan: Vista Alegre, La Vienesa, Alonso, Aguirre Artiach, La Magdalena, El Bosque, La Carmen, La Rosa, La Merced, San Jose, San Francisco... Lantegi moderno handia eraiki zuten Vista Alegren, Ametzolako merkantzia geltokitik hornitzen zena, logika industriala zuena.

El Ponton-Viena ez zen ordea elkarte hortan batu. 1920.eko hamarkadara bitartean bere bideari eutsi zioten, Eduardo Costek lehenik eta bere alargunak ondoren. Produkzio bolumena neurri industrialera egokitzeko ahalmenik gabe, lehiakortasuna galdu zuen lantegiak.

1936ko gerra zibilerako El Ponton lantegi ingurua erabat utzita zegoen. Jarduera bakartzat, okindegi zaharra gurutzatzen zuen trenbidetxoa baino ez zuen. Garai hartan Kañuetako meategia Luis Nuñezek hustiatzen zuen eta lurrunezko tren-makina batek, burdin karbonatoz betetako gurditxoak eramaten zituen arrastaka.

1965ean Arratiako tranbia itxi ondoren, beronen zubia oinezkoentzat egokitu zen. Horrek Abusu eta Bolueta auzoak nabarmen hurbildu zituen, aurrerago zubia autoentzat ere egokitzeraino.

1983ko abuztuko uholde handiak lokatzez bete zituen El Ponton errotaren beheko solairua eta estoldak ere, baina eraikinak zutik zirauen uriola eta gero ere.

1987an errota suntsitu zuten, okindegiaren hormak soilik utziz: hondeamakina batek bota zituen errota izandako eraikinaren hormak, Confederación Hidrográfica del Norte de Españaren aginduz, Ibaizabal berbideratzeko lanak erraztasun handiagoz egiteko aitzakian. Auto eta oinezkoentzako zubia berreraiki zen, gainera, bi zentzutan zirkulazioa ahalbidetuz. 1987ko urtarrilak 9an 164,4 metroko luzera eta 11 metroko zabalera duen zubia inauguratu zuren, Bilboko alkate Jose Luis Robles eta Arrigorriagako alkate Patxi Otxoa bertan zirela.

1996- gaur arte: Abusu Ikastola aldatu

70 urtez utzita eta teilaturik gabe egon ostean, Eusko Jaurlaritza zen eraikinaren eta orubearen jabe. Bilboko urbanismo planean gune berde bihurtu behar zuen okindegi izandako eraikiaren inguruak.

Guraso euskalzale talde batek Seberetxe alderako, Ur Partzuergo inguruan, zuen egitasmoa baztertu eta okindegi izandako eraikinean ikastola eraikitzeko proposamena luzatu zion Eusko Jaurlaritzari. Honek eraikina eta orubeak saldu egin zizkion eta ez merke, erabat utzita zeukan arren. Federico Arruti Aldape eta Anton Boyra arkitektoak lagun zituztela, 1996ko udan Bilboko udalak Abusu Ikastolako guraso kooperatibari baimena eman zion lehenik okindegi eta, gerora, oihal lantegi izandako eraikina hezkuntza zentro gisa egokitzeko.

Kanpoko lau horma sendoek inongo arazorik gabe eusten zioten 70 urtez utzita egon arren. Arrutik eraikinaren barruko bolumen handia azpimarratu eta errespetatu nahi izan zuen. Eraikin barruko gainerako horma eta zuhaitzak bota ostean, argi naturala alboetatik eta goitik sartuz, leiho horiak eta teilatu urdina gehitu zizkion eraikinari, barrukaldean U itxuran patio estali handiaren inguruan ikastolarako gelak eraikiz. Teilatua urdina izateak ere ez zuen arkitekto guztien oniritzirik. Eraikin historiko berezi bati, haurrei dagozkien kolore jolastiak gehitu eta erabilera modernoa eman zion Arrutik, berau eraisketatik salbatuz. Bi mendeko hormatzarrak, ogi eta oihalen tegi izatetik, Bilboko euskaldun berrien kabi izatera pasa ziren.

2013ko ekainean Abusu Ikastolak eraikin berri moderno bat gehitu zion, Bolueta aldera, aurretik zaharberritutakoari, Alex Sardui abeslaria inaugurazio ekitaldian izan zelarik. 2020an egurrezko kanpoko estalkia, Boluetatik urrunen dagoen aldean.

Erreferentziak aldatu

Historia del Molino de El Pontón: Monumento de la Arqueología Industrial Vasca. Egileak: Maite Ibáñez Gomez, Alberto Santana Ezkerra, Marta Zabala Llanos. Historia Saila. Deustuko Unibertsitatea), Bizkaiko Industria Arkeologia egitasmoan.

Guiard, T.: Historia de la Noble Villa de Bilbao, I-IV liburukiak.

Basas Fernandez, M.: Aspectos de la vida económica de Bilbao de 1861 a 1866, Cámara de Comecio, Industria y Navegación de Bilbao (Bilboko Merkatal Ganbara), 1967.

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea (IOHLEE). http://avpiop.com

Kanpo estekak aldatu