Duguna Folklore Taldea

Iruñeko taldea
Duguna» orritik birbideratua)

Duguna edo Iruñeko Udal Dantza Taldea Iruñean, 1949n Udalak sortutako euskal dantzen taldea da. Kalera lehen aldiz azaroaren 29an atera ziren San Zernin festarekin batera. Ikurrina zela eta, 1986an Udalak taldea desegin zuen. 1988an Duguna Folklore Taldea izena hartu zuten. 2024an 75. urtemuga ospatu zuten.

Duguna Dantza Taldea
San Joan bezperako soka-dantza Iruñean.
Datu Orokorrak
HerrialdeaEuskal Herria
Barne egitura
Sorrera-data1949
Bestelakoak

Hasiera batean taldean gizonak bakarrik zeuden baina 1950ean emakumeak ere integratu ziren taldean. Taldekideek Pedro Lozano de Sotés-ek eta Francis Bartolozzik diseinatutako jantzi ofizial bat zuten; jantzi hori, berez, Euskal Herriko jantzi desberdinen elementuekin antolatuta zegoen: Erronkariko jakak, Otsagabiako galtzak, Luzaideko apaingarriak, Zuberoako txapinak...[1]

Taldearen sendotasuna

aldatu

Francisco Arrarás Soto taldeko zuzendariak (1949-1953) 45 dantzako katalogoa osatu zuen, marka paregabea izan zena. Halaber, atzerrian taldeak 17 aldiz dantzatu zuen, garai hartako zailtasunak gaindituz. Bereziki Italian arrakasta lortu zuten, han sei bira eginda eta Pio XII.a aita santuaren bedeinkapena ere jasota.

Bestela, "Duguna" izeneko antzerki ikuskizun folklorikoa sortu zuten, Javier Bello Portu konpositorearen eskutik (Iruñeko Orfeoia) eta Santa Cecilia orkestraren musikarekin, baleta, herri dantzak eta antzerkia nahastuz. Iruñeko, Bilboko, Donostiako eta Baionako antzokiak bete zituen lau urtez jarraian, 1952tik 1956ra, kritika ezin hobeak jasoz.

1960ko hamarkadan, AEBetara egin zuten bidaia, Iruñeko Erraldoien Konpartsarekin batera. Ezaguna da erraldoien bikote beltza ez zutela eraman ahal izan, arraza-diskriminazioa zela eta, Black is Beltza eleberri grafikoan eta izen bereko filmean jasota dagoen moduan.

Hurrengo hamarkadan, sariak eskuratu zituzten Sizilian, Galesen eta Ingalaterran.

Udaletxearekin arazoak

aldatu

Diktadorea hil ondoren, folklore munduan aritzen ziren talde gehienek moduan, elkarteak ikurrina hartu zuen identitate sinbolo gisa. Urteek aurrera egin ahala, prozesio ofizialetan sinbologia honen presentziak, Udalaren eta dantzarien arteko etengabeko liskarra suposatu zuen, jendartean bertan gertatzen zenaren modu berean. Gatazka honek laurogeiko hamarkadaren zati batean ere zabaldu zen eta taldeak prozesiotik kanporatua izateko mehatxu bat baino gehiago jaso zuen. Nafarroako sinboloen arautzea zuen maiatzaren 28ko 7/1986 Foru Legearen promulgazioarekin, gatazka bere amaierara heldu zen; Udal Dantza Taldeak ikurrina ez uztearen jarreraren aurrean, bi urte beranduago, Udalak taldearekin moztu eta desagerrarazi zuen. Honek erantzun ugari eta Dugunaren aldeko elkartasun ekitaldiak ekarri zituen (peñetako pankartak, omenaldiak, laguntza ekonomikoak, eta abar.).[2]

Duguna Folklore Taldea

aldatu

Dantza taldeak izen honekin 1988. urtean hasiko zuen bere ibilbidea. Talde berriak Iruñeko Udal Dantza Taldearen lekukoa hartu zuen.

Nazioarteko ekitaldietan parte hartzen jarraitu zuten, Ingalaterran, Japonian (Okayama) eta Alemanian, besteak beste. Azken honetan, Iruñearekin senidetutako Paderborn hirian. 1992an, "Ama Lur" ikuskizunarekin egon ziren Sevillako Expo '92an, Valentín Redín Flamarique koreografoak zuzenduta. Urte hartan ere "Alai Gaztea" haur taldea abian ipini zuten.

1996. urtean Udalarekin harremanak bideratu zituen hitzarmen baten bidez, honen ondoren, taldeak "Iruñeko Udal Dantzari" gisa parte hartuko du Udalak antolatzen dituen ekitaldi ofizialetan.

2008an, bertzela, "Dantza Tradizionalen Nazioarteko Jaialdia-Ezpalak" antolatzeari ekin zioten, Kezka Dantza Taldea eibartarrekin. Elkarlanean ere, "Axeri Boda" izeneko ikuskizuna aurkeztu zuten Bilbon[3], Juan Antonio Urbeltzek zuzenduta, Donostia, Elgoibar eta Eibarreko dantzariekin batera. Hurrengo urtean, Iruñeko ezpata-dantza aurkeztu zuten, XXI. mendeko dantza moduan[4].

2024an 75. urtemuga ospatu zuen taldeak [5] Halaber, Sanferminetan txupinazoa udal balkoitik botatzeko ohorea izan zuten Itxaso Martinez de la Pera, Aritz Ibañez eta Angel Arana kideek.[6]

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu