Digna Garitaonandia

Erraketista profesional

Digna Garitaonandia Mallabiabarrena (Mallabia, Bizkaia, 1923ko irailaren 22a - Bartzelona, 2023ko uztailaren 21a)[1] euskal erraketista profesionala[2] izan zen, Txikita de Mallabia izenaz kantxaratu zena.

Digna Garitaonandia

Bizitza
JaiotzaMallabia1923ko irailaren 22a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBartzelona2023ko uztailaren 21a (99 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Izengoitia(k)Txikita de Mallabia

Biografia

aldatu
Digna Garitaonandia[3] pilotan nola hasi zen (Ahotsak.eus proiekturako)
 
San Trokaz baserria, Dignaren jaiotetxea.

Digna Garitaonandia Mallabiko Areitio auzoko San Trokaz baserrian jaio zen.[4] Eibarrera esneak banatzera joateko ardura jarri zioten etxean eta partitzeok amaitzean Astelena frontoira ostera bat egitea zuen atsegin: han pilotan aritzen ziren, besteak beste, herrikide zituen Aixpe baserriko Pilar Narbaiza eta Itturraldeko bikiak, Miren eta Jesusa Astarloa.[5]

Lehen urratsak

aldatu

Sasoi hartan Euskal Herrian erraketista asko sortu ziren, pilotarako zaletasun handia baitzegoen; horietako asko eibartarrak eta inguruetako herrietakoak ziren, gehiengo handi batek Eibarko Astelena pilota frontoian ikasiz. San Trokazko alaba ere bertan hasi zen pilota-jokoan zaletzen eta ikasten. Lagunak ikustera joandako baten, erraketa bat alokatzeko eskatu zion bertako arduradunetako bati. Zerekin ordainduko eta amak hamaiketakoa erosteko emandako diruarekin proposatu zion eta begi onez ikusi hark. Hurrengo egun askotan halaxe egin zuen. Baraurik itzultzen zen etxera, pozarren baina: maite zuen pilota-jokoa eta irrikitan egoten zen erraketa astintzeko.[5]

Etxetik soinean eramandako jantzi berarekin aritzen bazen ere, abarketak aldatzeko ohitura zuen: aparte ekartzen zituen berri samar batzuk, kantxako lursoroan laban gutxiago egiten zutela erreparatuta.

Eibar beste herri batzuk baino irekiagoa zen, ez hain katolikoa; sozialistak eta errepublikanoak ziren nagusi. Emakumeek askatasun gehiago zuten, nahiz eta, batzuek begi onez ikusi ez kirol hau. Mugimendu handiko frontoia zeukan. Hiru pilota eskola sortu zituzten, eta pilotarien harrobia bihurtu zen hiria.[6]

Erraketista ibilbidea

aldatu

Harrobi hartako Dignari laster etorri zitzaion Bartzelonara jokatzen joateko eskaintza. 16 urte bete orduko eta hurrengo Gabonak etxetik kanpo pasatzeko penaz, 1939ko otsailaren 20an heldu zen Mediterraneo ertzeko parajera.[5]

Bartzelonan debuta zuen: harmailetatik etorritako txaloaldi ikaragarriak, kikildu beharrean, hazi eragin zuen eta partida ikusgarria egitera bultzatu, ate ugari zabalduko zizkiona. Jokatuaren jokatuz, trebatzen joan zen eta pikardiatxoak ikasten ere, aurkariak jokoz kanpo utziz hauek nahi baino sarriagotan.[5]

Bartzelonara Jesusa ahizpa ere etorri zen erraketan jokatzera. Elkarrekin bizi ziren, beste hiruzpalau neskekin eta seme-alabarik bariko senar-emazte batzuenean, Pepe eta Pepitanean. Etxe hartan ordena zen nagusi eta erretiratzeko orduak zorrotz zaindu behar ziren. Frontoiko enpresa gainera neskok partida ordurako kantxara eramateaz arduratzen zen eta amaitu ostean etxeratzeaz.[5]

Dignak erraketista jardun zuen garaian eta 1943. urteko estatistika bati erreparatuta, Espainiar Estatuan jokamolde guztiak kontuan hartuta (esku-huska, pala, erremontea, zesta punta...) 1.432 pilotari profesional zeuden erregistratuta eta horietatik erdia baino gehiago, 734 zehazki, emakume erraketistak ziren. 1947. urteko beste datu baten arabera, une hartan 737 erraketista profesional zebiltzan kantxetan.[7]

Estatuan Madril eta Bartzelona izan ziren erraketaren gune indartsuenak. Estatuan 37 frontoi izatera iritsi zen, bakoitzean 30-40 erraketista arituz. Egunero jokatzen zituzten partidak, punta-puntan ez zebiltzanek arratsaldez eta gauez, eta onenek, gauez bakarrik. Pilotalekuak egunero beteta.[8]

Digna Garitaonandia mallabitarra Bartzelonako Nuevo Mundo eta Condal pilotalekuetan aritu zen jokalari profesional. Bere pilotari ezaugarriei dagokionez bizkorra zen, sake onekoa eta jokoan aldaera askokoa, Sasoiko kirol-prentsak Mallabiko Txikitaren partida eta emaitzen berri ematen zuen. Erretratatu egin zuten ere, andrazkoetan bera bakarrik, hainbat pilotariz inguratuta, tartean Atano III.[5]

Erraketari agur

aldatu

Zortzi urtez jokoan egon ostean, 24 urte zituela ezkondu eta erraketari agur esan zion. Bartzelonara eraman zuen bizitzak eta hantxe geratu zen, baina urtero etortzen zen Mallabira eta Andramarietan kale egin barik. Etxean zenean pilota partidak ikustea gustuko zuen eta herriko jendearekin egotea: ez zituen pilota zaletasuna ezta lagunartekoena sekula galdu.[5]

Bartzelonan zendu zen, 100 urte bete aurretxoan. Bere eskelan, izen-abizenen lagun, "Chiquita de Mallavia" goitizena jarri zioten, erraketista zeneko sasoi maitatua akorduan.

Omenaldiak

aldatu

Emakumezkoen kirol profesionalean aitzindariak izan ziren erraketistak, historiak ahaztu egin dituen arren.[9] Halere, azken urteotan merezitako hainbat omenaldi jaso dituzte.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. «DIGNA GARITAONANDIA MALLAVIABARRENA : Fallecimiento» enmemoria.lavanguardia.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-07).
  2. «Emakume erraketistak - Aintzinako lanbideak» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  3. «Garitaonandia Mallabiabarrena, Digna - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-06).
  4. «Garitaonandia Mallabiabarrena, Digna - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  5. a b c d e f g http://euskalbirusa.eus/2018/07/drogetenitturri-269-zenbakia-2018ko-uztaila/ Esti González
  6. «Azken erraketistak, mende hasierako kirolari profesionalak» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  7. «Erraketalariak: ahazturatik omenera pasatutako historia - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  8. https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2015-10-10-07-00/pages/14.pdf
  9. Garmendia, Lander Muñagorri. «Ahaztutako erraketistak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  10. (Gaztelaniaz) «Las raquetistas, las primeras deportistas profesionales de España» El Independiente 2019-02-22 (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).

Kanpo estekak

aldatu