Dastamen

Dastamena» orritik birbideratua)

Dasta edo dastamena elikagaien gustuak (edo, adiera zientifikoan, disolbaturik dauden substantzia kimikoak mihiko kimiorrezeptoreen bidez) ezagutzea ahalbidetzen digun zentzumena da eta, berari esker, elikagarri direnak eta pozoi direnak bereiz ditzakegu.

Dastamen-papila mota batzuk

Dastamenaren bidez, listuan disolbatzeko modukoak diren gai batzuk atzemateak gustu izeneko sentsazioa dugu, elikaduran berebiziko zeregina betetzen duen sentsazioa, jan-edanen zaporea aztertzeko aukera ematen duelako. Oraingoz, bost zapore (gutxienez) bereizten ditu gizakiaren dastamenak: gozoa, gazia, mingotsa, garratza eta umamia (glutamatoa), besteren bat ba omen dagoen arren.[1]

Irensten ditugun elikagaien usaina bide aero-digestibotik gora usaimen mukosarantz igotzen denean fenomeno ezaguna gertatzen da: elikagaia, lehenik, sudur bidez «ezagutzen» dugu. Hortaz, mafrundi edo katarroak hartuta gaudela, janari ez diogu gusturik aurkitzen, usaimena itxia dugulako. Dastamena osasunaren orientagarri (mingotsa ez dugu atsegin, ikasi arte, adibidez, alkaliak toxiko direlako) eta digestioaren laguntzaile da, sentsazio atseginek urin gastrikoak kitzikatzen baitituzte. Beroak, partikulak disolbagarriago bihurtzen dituenez, dastamena zorrozten du; hotzak, aldiz, moteltzen.

Usaimena eta dastamena hertsiki loturik daude. Izan ere, «gustuaz» ari garenean, zapore + usain binomioa adierazten dugu (laranja-, arrain-, antzinako gustua). Beraz, gizakiak gustu mordo bat bereiz ditzake, estimulu batzuen aldibereko eraginez, hala nola tenperatura, usaina, urtsutasuna, samurtasuna, lakartasuna… Gure zentzumen-zelula espezializatuak (500 eta 20.000 artean; ohikoena, 4.000 inguru) papila izeneko egitura esferikoetan biltzen dira mihi bizkarrean (3/4), batik bat; gainerako gustu-hargailuak (1/4) ahosabai bigunean, faringean eta hestegorriaren goialdean daude, eta horien aktibazio-atalasea desberdina da: batzuek estimulu ugariago behar dituzte erreakzionatzeko.

Gustuaren inguruko informazioa mihiak biltzen du papiletan, hain zuzen. Horiek, sentimen-estimulua nerbio-bulkada bihurtuko dute; bulkada, berriz, hargailu horiekin loturiko neuronek berariazko nerbio-bidetik garuneraino eroango da; bertan, informazio hori jaso eta prozesatuko da, atzeman dugun sentsazioa kontziente bihurtuz.

  • Dastamenaren nahasmendua. Dastamena erabat edo hein batean ez izatearen ondoriozko pertzepzio nahasiaren ezaugarri behinena da: mihian dagoen substantzia baten zaporea atzemateko ezintasun erabatekoa edo partziala, hots, zaporeetako bat edo batzuk bereizterik ez izatea. Gaitz hau behin-behinekoa edo betikoa izan daiteke eta, maiz, usaimenaren nahasmenduekin loturik agertzen da. Dastamena galtzen da erabat (ageusia) edo hein batez (disgeusia) mingainean pairatutako gaitzen ondorioz, hala nola: mihiak nozituriko gaixotasun, erredura, ebaki edo hozkadak, piercingak, botika-kontsumoa, tabakismoa, paralisi fazialak, nerbio sistemaren alterazioak, usaimena galtzea, etab. Adineko pertsonek hipogeusia agertzen dute, hots, oinarrizko gustuak bereizteko eta dastatzeko gaitasun urria; horiek diotenez, hautematen dituzten sentsazioak metalikoak dira, kirasdunak, edo inongo sentsaziorik ez. Gaitzaren zergatiak era askotakoak izan daitezke.
  • Aliestesia. Horrela esaten zaio, elikagai bat irenstean, sentsazio (gustu) atsegina sentitzetik kantitate jakin bat irentsitakoan sentsazio higuingarria nozitzera pasatzea den fenomenoari. Tartetxo bat behar izaten du fenomenoak garatzeko, jatuna irensten doan heinean eboluzionatzen baitu, urdaileko errezeptoreen asetasunarekin batera.

Erreferentziak aldatu

  1. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 110 - 111 or. ISBN 978-84-9172-259-5..

Kanpo estekak aldatu