Charlotte Marguerite Montmorencykoa
Charlotte Marguerite Montmorencykoa (Pézenas, 1594ko maiatzaren 11a - Chatillon-sur-Loing, 1650eko abenduaren 2a[1]) Montmorencyko andrea eta, Henrike II.a Borboi-Condékoarekin ezkondu ondoren, Condéko printzesa izan zen. Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoaren maitalea zen, baina ezteien ostean senarrak Bruselara ihesi eraman zuen[2].
Charlotte Marguerite Montmorencykoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Chantilly, 1594ko maiatzaren 11 |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Châtillon-Coligny, 1650eko abenduaren 2a (56 urte) |
Hobiratze lekua | Couvent des Carmélites du faubourg Saint-Jacques (en) |
Familia | |
Aita | Henri I de Montmorency |
Ama | Louise de Budos |
Ezkontidea(k) | Henrike II.a Borboi-Condékoa (1609 - |
Seme-alabak | |
Haurrideak | |
Leinua | House of Montmorency (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | lagun egiteko andrea |
Biografia
aldatuHenrike I.a Montmorencykoaren eta Louise de Budosen alaba zen. 1608an Frantziako erregina Maria Mediciren zerbitzuan hasi zen. Laster Henrike IV.a erregea Charlotte Margueriteren edertasunaz liluratu eta hartaz gutiziatu zen. 15 urteko neskatxa François de Bassompierreren andregaia zenez, erregeak ezkon-hitza hautsiarazi eta Henrike II.a Borboi-Condékoarekin ezkontarazi zuen. Senargai berriak emakumezkoak baino gizonezkoak gogokoago izaten zituenez gero, Henrike IV.ak uste zuen ez zuela eragozpenik izango Charlotte bere maitalea izan zedin. Ezkontza 1609ko maiatzaren 17an Chantillyn ospatu zen[3].
Baina erregeri kukuak oker jo zion. Izan ere, Henrike II.a Borboi-Condékoa emazteaz maitemindu zen eta gortetik ihesi joan zen berarekin. Azkenik, Charlotte, haren gogoz kontra, Bruselara eraman zuen eta Espainiaren babespean jarri zen[3]. Espainia Frantziaren etsairik handiena zenez gero, maitasun kontua arazo diplomatiko eta politiko bilakatu zen. Garai hartan Clèves eta Juliersko ondorengotza zela eta, Henrike IV.a Espainiaren aurkako gerra prestatzen ari zen, baina 1610eko maiatzaren 14an eraila izan zen[2]
Charlotte eta bere senarra Parisera itzuli ahal izan ziren. Baina 1616an, gorteko azpijokoetan nahasirik zegoela eta, Maria Medici erreginordeak Henrike Borboi-Condékoa espetxeratzeko agindu zuen. 1617an Charlottek senarrarekin espetxean elkartzeko baimena eskatu zuen. 1619ko abuztuan, Vincenneseko gazteluan preso zeudela jaio zen Ana Genoveva, alaba zaharrena. Urte bereko urrian Henrike aske atera zen[3].
1632an Henrike II.a Montmorencykoa, Charlotte Margueriteren anaia, heriotzera zigortua izan zen. Charlottek Luis XIII.a erregeari errukia eskatu bazion ere, urriaren 30ean Montmorencykoa exekutatua izan zen. Gertakari honen ondoren Charlottek gortea utzi zuen eta ez zen itzuli Luis XIII.a hil arte[3].
1648an, Fronda izeneko gerra zibila lehertu zenean, bere seme-alabek parte hartze garrantzitsua izan zuten. Charlotte, berriz, Ana Austriakoa erreginordeari leial izan zitzaion. 1650eko abenduaren 2an hil zen, seme-alabak berriz ikusi izan gabe[3].
Seme-alabak
aldatu- Ana Genoveva Borboi-Condékoa (1619-1679)
- Luis II.a Borboi-Condékoa Condéko printzea (1621-1686)
- Armando Borboi-Contikoa, Contiko printzea (1629-1666)
Erreferentziak
aldatu- ↑ Etienne Pattou: http://racineshistoire.free.fr/LGN/PDF/Bourbon-Conde-Conti.pdf
- ↑ a b L´affaire Charlotte de Montmorency Henri IV. Le règne interrompu.
- ↑ a b c d e Charlotte-Marguerite de Montmorency, dernière passion d'Henri IV Les favorites royales.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charlotte Marguerite Montmorencykoa |