Cabezo de Alcalá
Cabezo de Alcalá Aragoiko Azaila udalerritik gertu dagoen multzo arkeologiko bat da. Multzoak akropoli bat, zenbait eraikin mugakide eta zeltar nekropoli bat hartzen ditu.
Historia
aldatuAkropolia hasieran Kutxa Zelaien Kulturako zeltek populatu zuten K. a. IX. mendean. Aguasvivas ibaitik gertuko muino baten tontor luzanga okupatu zuten, defentsa erraza eta uretik nahiko gertutasun ematen ziena. Kokapen estrategikoak aipaturiko ibaiaren harana kontrolatzea ahalbidetzen zuen. Nekropolia ere kontserbatu da, kutxa zelai bat. Zelta hiria Gerra Punikoetan suntsitua izan zen K. a. III. mendean, eta bere hondarrak bisita daitekeen mailaren azpian daude.
Iberiar indigenek berreraiki zuten, beharbada sedetaniarrek. Hiria kontserbatzen den akropolitik haratuago hedatzen zen, merkataritza auzo batekin (kontserbatua) eta harresiz kanpoko nekazari eta klase kaltetuagoetako jendearen etxeekin. Auzo eta etxe hauek ez daude induskatuak eta neurri batean egungo nekazaritza eta ekonomia aktibitateen ondorioz suntsituak izan dira. Orotara, 3000 biztanle inguruko biztanleria izango zuela uste da. Herria pixkanaka erromatartzen joan zen, baina bere jatorrizko izaera mantenduz.
Bigarren hiri hau Erromatar Gerra Zibil edo Sertorioren gerraren ondorioz suntsitua izan zen. K. a. 75 edo 76an, Ponpeioren tropek hiria setiatu zuten, Kinto Sertorioren alde zegoena. Barruti harresituan sartzeko kanpoaldeko auzoetako etxeen gaiekin eta argamasarekin (caementicium) arrapala (agger) bat eraiki zuten. Arrapalak lubakia eta harresiak gainditzea ahalbidetu zien, hala, guztia suntsitzen hasiz sartzea lortu zutelarik. Hiria ez zen berreraiki.
Ez da hiriaren antzinako izena ezagutzen, ikerlarietakoren batzuk Sedeisken izan daitekeela proposatu duten arren, sedetaniarren hiriburua, eta beste batzuk bertan kokatzen dute Belikion txanpondegia. Azken aldian aukera hau ukatzeko joera dago, Sedeisken hiriaren existentzia txanponetan eginiko idazkunengatik ezagutzen baita, eta Cabezo de Alcalán ez zen txanponik egin. Aurkitutako zeramika bikainetan dauden buztingile markez gain ez da beste arrasto garrantzitsurik aurkitu.
Azterketa arkeologikoa
aldatuAztarnategia 1885ean aurkitu zuen Pablo Gil y Gilek, muinoan margotutako zeramika mordoa aurkitu zuena. Zeramika, zuzen, iberiarrei eman zien, eta greziar eragina nabaritu zuen margoetan. Beranduago, Pierre Parisek zeramiketakoren batzuk Louvrerako erosi zituen, ondorioz, aztarnategiak mundu mailako errekonozimendua lortuz.
1919tik Juan Cabré Aguilók zientifikoki induskatu zuen Cabezo de Alcalá eta, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz etenaldi bat eginez, 1944 arte jarraitu zuen. Cabrék bere aurkikuntza ugariak zenbait lanetan argitaratu zituen, horien artean La Cerámica de Azaila nabarmentzen delarik.
1960ko hamarkadatik aurrera Antonio Beltrán Martínezek eta Miguel Beltrán Llorisek jarraituko zituzten indusketak. Bi arkeologo hauen azterketek aztarnategiari buruzko egungo jakintza egoera lortzea ahalbidetu dute.
Aztarnategia
aldatuAkropolira bigarren harresiko lubakia zeharkatzen duen zubi txiki baten bidez sartzen da. Gaur egun zementuzkoa, bere garaian harrizkoa zen, erdialdea zurezkoa zelarik, desmuntagarria (ez igogarria) erasorik egonez gero.
Sigisagaka 660.000 litroko edukia eta 10 metroko sakonera duen uraskara doan bide batetik igotzen da, non hiriko kaleak amaitzen diren, hala euriaren ura bilduz. Uraskak, iragazgaitz bihurtzeko luzituak izan ziren harrizko hormak ditu. Uraskako ura soilik lehorte edo setio egoeran erabiltzen zen, beranduago, termentzako ere erabili zela uste den arren. Egunero erabiltzeko ura Aguasvivas ibaian biltzen zen, hiritik ehunka metro gutxi batzuetara.
Hiria luzanga da, eta muinoaren tontorrean luzetara hedatzen da. Gainontzeko kale guztiak amaitzen diren erdiko kale batek alderik alde zeharkatzen du. Kaleak erromatar estilokoak dira: harriztatuak eta alboetan espaloiak zituztela. Zatirik altuenean, muturretako baten, zurezko superregitura bat zutela uste den bi zaintza dorreren hondarrak daude. Dorren atzealdean nahiko eraikin handi bat zegoen, uste denez, kuartela izango zena. Uste denez, toki hau hiriko tokirik gotortuena zen.
-
Erromatar emakume baten burua (Espainiako Arkeologia Museo Nazionala, Madril)
-
Erromatar gizonezko baten burua (Espainiako Arkeologia Museo Nazionala)
Merkataritza auzoa harresitutako lehen barrutitik kanpo dago. Dendak harriztaturiko kale batean zehar hedatzen dira ezkerretara eta eskuinetara. Errota, aldiz, ez dago merkataritza auzoan, baizik eta akropolian, okindegia deitua izan denean. Oraindik, erabili ziren errotarriak ikus daitezke.
Tenplua
aldatuTenplua sarrerako kalea kale nagusiarekin gurutzatzen den tokian dago. Lau hutsune dituen oholtza batek banatutako barruti txiki bat da. Uste denez, hutsuneak zenbait brontzezko estatua ainguratuak zeuden tokiak dira. Multzotik gaur egun Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean dauden emakumezko baten eta gizonezko baten soingainak kontserbatzen dira (hauen kopiak Azailako Interpretazio Zentroan ikus daitezke). Zorua osatzen zuen harkaitzean dauden arrastoak kontutan hartuta, heroitua eta Ponpeiorenaren imitazioa eginez erromatar estetika zeraman tokiko noble gazte batek, irudi femenino batek, beharbada Victoria (Niké) erromatar jainkosa, edo tokiko baliokide batek, airean esekia zegoena (estatua honi dagozkion markak falta baitira) koroatzen zuen bitartean zaldi batetik tiratzen zuen eskultura multzo bat osatzen zutela uste da.
Zorua erromatar mosaikoz apaindua egon zen, eta hormak freskoekin, harrizko harlanduak imitatuz, dirudienez, italiar artistek eginak.
Espainiako Gerra Zibilaren garaian tenplua aireaurkako babesleku bihurtu zen, kalte handiak eta kontserbatu ziren margo gutxien galera suposatu zuena. Sarrerako eskailera mailan "VIVA LA CNT" ere grabatu zen, gaur egun oraindik irakur daitekeena.
Termak
aldatuTermak, K. a. I. mendean eta K. a. II. mendean datatuak, Iberiar Penintsulan aurkitutako antzinakoenetakoak dira. Harresiz kanpo daude, eta hiriarekin eskailera batzuen bidez komunikatzen dira. Aldageletatik sartzen zen, hauen eskuinean frigidariuma zegoelarik. Tepidariuma aldagelen atzean zegoen, eta atzean bi gela, caldariuma eta lurrunezko bainuak izango zituztenak. Ziur asko, gimnasio edo palestra bat ere egongo zen tepidariumaren ondoan.
Galdarak frigidariumaren aldean zeuden, akropolitik aldenduak.
Uste denez, ura uraskatik desagertu den kanalizazio motaren baten bidez iristen zela uste da.
Etxeak
aldatuOhiko iberiar etxeak 40 metro karratukoak izaten ziren. Ohi hiru gelakoak, lau ere izan zitzaketen familia aberatsen kasuan. Lehen gela, sarreraren ondoan, sukaldea zen. Atetik gertu zegoen aireztatzea errazteko, leiho txikiak eta tximinia gora-behera, aireztatzea oso kaxkarra baitzen. Sarrerako atearen atzean gela nagusia zegoen, bertan egiten zelarik eguneroko bizitza. Barren-barrenean logela, familia aberatsen kasuan bi izan zitezkeenak.
Hiriaren erromatartzeak Inperioko modak eraikuntzara ere ekarri zituen. Biztanlerik aberatsenek euren etxeak erdiko patio batekin eta gainontzeko gelak, sukaldea, logelak, jangela, tablinuma etab... patio honen inguruan jarriz egin zituzten.
Tokiko erreguloaren etxea ohi baino handiagoa zen, 300 metro karratukoa. Erromatar estiloan egina dago, "modernoagoa", erdiko patio batekin, honen inguruan gelak banatzen direlarik.
Etxeen artean, etxadietan banatuak zeudenak, biltegiak daude, pitxerrez beteriko gela handiak. Harrizko errota bat ere aurkitu da laboreentzako uste denez antzinako okindegia zenean.
Iberiar hilobia
aldatuPonpeioren tropek eginiko arrapalaren hondakinen artean iberiar hilobi bat industu da, kontserbatu den bakarra. Hiriaren irteerako harriztaturiko bide baten ertzean dagoen zokalo karratu baten gainean jarritako harrizko kupula bat da.