Boulevardeko erlojua
Boulevardeko erlojua Gipuzkoako Donostia hiriburuko Boulevardeko kioskoaren ondoan dagoen erloju bat da.
Boulevardeko erlojua | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°19′20″N 1°59′05″W / 43.32219°N 1.98472°W |
Deskribapena
aldatuBoulevardeko erlojua Donostiako Boulevard zumardian dago, bertako kioskoaren ondoan, San Jeronimo kalearen muturretako batetik gertu. Erlojua kapitel korintioar baten gainean dago kokatua, zutabe zuri baten puntan. Zutabe honen behealdean SS 1895 inskripzioa agertzen da, eta litekeena da hauek hiriaren gaztelaniazko San Sebastian izenaren inizialak eta zutabearen diseinu data izatea[1].
Historia
aldatuGaur egungo erlojua ez da hasiera batean instalatu zen berbera, eta ez dago jatorrizko kokapenean ere. Lehenengo erlojua 1892ean ipini zen, San Jeronimo kalea eta gerora Boulevard zumardian bilakatuko zen Plaza Zaharrak osatzen zuten kantoian, bertako arkuetako harri-zutabe batean. Erlojua instalatzea urte horretako uztailaren 1ean erabaki zuen Donostiako Tranbia Konpainiak, bulegoak kantoi horretan baitzeuzkan eta Plaza Zaharra tranbien geraleku nagusia zelako, gidari zein inspektoreentzat erlojua lagungarri izango zelakoan[2]. Orratzetako erloju mekaniko hau 1958an zenbakiak zuzenean erakusten zituen erloju elektriko batek ordezkatu zuen, Solari italiar markakoa[3]. 1999an Boulevarda birmoldatu zenean, erloju elektrikoa kendu eta orratzetako erloju berri bat ipini zen, baina ez San Jeronimoko kale-kantoiari atxikituta, baizik eta Boulevardeko kioskoaren ondoan espresuki kokatu zen zutabe baten gainean[2].
Erlojua kultura herrikoian
aldatuDonostiar belaunaldi askotarako erlojua topagune ohikoa izan da. 2001ean Urtz rock taldeak abesti bat plazaratu zuen erlojuan inspiratuta.
Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez (2014) liburuan Boulevard-eko erlojua izeneko ipuin bat ageri da.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Largo, Gontzal. (2008). «Dos relojes con sorpresa» Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2016-08-18).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Olaizola, Juanjo. (2013). El reloj del bule. (Noiz kontsultatua: 2016-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Sada, Javier. (2008). «El reloj del Boulevard controlaba los trolebuses» Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2016-08-18).
- ↑ «Inon ez inoiz ez» Oharrak & Hondarrak (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).