Plasmidoa bakterioek haien kromosoma nagusitik kanpo duten DNA zatiari deritzo. DNA zati horren erreplikazioa kromosoma nagusiarenetik independentea da. Bakterioen kromosoma DNA molekula erraldoi eta biribila da, oso tolestuta dagoena. Kromosoma honek bakterioarentzat ezinbestekoa den informazio genetikoa dauka; plasmidoetan dagoen informazioa, berriz, ez da hain funtsezkoa, baliagarria izan arren.

Bakterio baten informazio genetikoa: (1)DNA kromosomikoa.(2)Plasmidoak.

Plasmidoen tamaina aldakorra da, baina beti kromosoma baino askoz txikiagoak dira. Bakteria gehienek plasmidoak dituzte, batzuetan ale bakar bat, besteetan ehunka. Eukariotoak diren legami gutxi batzuk plasmidodunak dira ere. Burujabeak izan arren, zenbait kasutan plasmidoak bakteriar kromosoman integratzen dira. Kasu horietan kromosomarekin batera erreplikatzen dira, haien autonomia galduz. Integratuta dagoen plasmidoari episoma deritzo.

Ingeniaritza genetikoan eta bioteknologian plasmidoen erabilera oso arrunta da. Plasmidoak tresna oso baliotsua dira geneak garraiatzeko eta zelula ostalari batean gene horiek espresatzeko.

Plasmido motak aldatu

Plasmidoek duten informazio genetikoa anitza da oso. Bakterioen artean transmititu daitezke, konjugazioaren bitartez; horrela, geneen hedapena eta aldakortasun genetikoa ugaritzen dira. Lau mota hauek bereizi daitezke:

Plasmido konjugatzaileak edo F faktorea: aldatu

Plasmido konjugatzaileak edo F faktoreak (ingelesezko fertility-tik, emankortasun edo ugalkortasuna[1]) bakterioen arteko konjugazioa ahalbidetzen du, plasmido horrek gordetzen duen informazio genetikoarekin pilusa sortuz.

Erresistentziako plasmidoak edo R faktorea: aldatu

Erresistentziako plasmidoak edo R faktoreak (ingelesezko resistance-etik, erresistentzia[2]) antibiotikoekiko erresistentzia kodifikatzen du. Honen bidez bakterioek biziraupen luzeagoa lortzen dute.

Kol izeneko plasmidoak: aldatu

Plasmido honen informazio genetikoaren bitartez bakterioek bakterizidak sortzeko gaitasuna bereganatzen dute, hau da, beste bakterio batzuk hiltzeko gaitasuna. Modu honetara, plasmido hau duten bakterioek baliabide gehiago lortuko dituzte.

Birulentziako plasmidoak: aldatu

Plasmido mota hauek toxinak sortzeko informazioa dute, eta horrek bakterioen patogeno izaera areagotzen du.[3]

Osasun arazo larria da bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia gero eta handiagoa. Plasmidoekin lotuta dago askotan erresistentzia hori, eta plasmidoak trukatzerakoan erraz zabaltzen da bakteriar populazioaren artean.

Erreferentziak aldatu

  1. Fundazioa, Elhuyar. «fertility» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2022-09-20).
  2. Fundazioa, Elhuyar. «resistance» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2022-09-20).
  3. Biologia 2, Batxilergoa. Anaya Haritza D.L. 2017 ISBN 9788467832455. PMC 1201052310. (Noiz kontsultatua: 2022-09-20).

Kanpo estekak aldatu