Pilus
Mikrobiologian, pilusa (pluralean pili) bakterio Gram negatiboetan -batez ere- agertzen den egitura da, flageloen antzekoa, baina motzagoa. Bakterioaren azalean pilatzen dira eta flageloak baino ugariagoak dira.
Piliak oso motzak direnean finbria izeneko egituraz hitz egiten da. Finbriek bakterioa azal desberdinei atxikitzen laguntzen dute (esaterako, bakterio patogenoen kasuan animaliaren ehunei finkatzen funtsezko zeregina burutzen dute finbriek).
Pilina izeneko proteinaz osaturik daude piliak.
Pilien funtzio nagusia sexu-funtzioa da: enterobakterioen artean, adibidez, konjugazioa burutzeko ezinbestekoak dira piliak. "Ile" txiki horiek bi bakterioen arteko lotura osatzen dute, zubi moduan jardunez. Lotura horri esker bakterioek informazio genetikoa trukatzen dute, konjugazio izenez ezagutzen den prozesuan.
Bakterio guztiek ez dute pilirik. Gene batek kontrolatzen du pilien sorrera. Gene hori duten bakterioek emaile moduan jardungo dute konjugazioan, pilien bitarteko lotura ezarri eta haien DNA emango baitiote bakterio hartzaileari.
Arau orokorra ez bada ere, ematen du hainbat kasutan piliek zerikusia dutela bakterioaren higidurarekin, lokomozio-funtzioa burutuz.