Artefaktu arkeologiko

gizakiak egindako eta arkeologiarako interesa duen objektua

Artefaktu arkeologikoa lurzoruaren (lurperatutako) geruza batzuetan edo lur azalean indusketa arkeologiko batean aurkitutako edozein material edo objektu bereizgarria da. Arkeologia Hiztegiaren arabera, artefaktua, gizakiak moldatutako objektu baten aztarna arkeologikoa da[1].

Hezur-artefaktuak, Lapa do Santo aztarnategi arkeologikoan, Brasilen.

Artefaktu hauek garai eta leku jakin bateko pertsonek sortu zituzten, behar bat asetzeko edo giza talde zehatz baten eguneroko bizitza errazteko. Horrez gain, hainbat motatakoak izan daitezke ezaugarrien arabera. Informazioa ematen dute, hala nola, zein zibilizazioari zegozkion, iraganean zer funtzio zuten, non zuten jatorria. Egin ziren data zehatza ere jakin daiteke, bere konposizio kimikoaren aztertuz edo beste datazio prozesu bat erabilita.

Gehienek, fabrikatu ondoren, erabilera funtzional jakin bat jaso zuten, normalean hautsi arte (desfuntzionalizazioa) eta, batzuetan, beren aldaketa funtzionalari ekin zioten arte, beste erabilera baterako erabiliaz, edo abandonatu arte. Beste askotan gorde egiten ziren modu batean edo bestean (altxorrak, hilobiratze-hatuak, botozko eskaintzak eta beste).

Hobeto ulertzeko, esan dezakegu, indusketa batean aurkitzen den garai bateko etxe bateko hormaren zatia, aztarna arkeologikoa dela, baina ez artefaktua. Etxe barruan aurkitutako pitxar bat, ordea, aztarna arkeologikoa eta artefaktu arkeologikoa da.

Artefaktuen analisia

aldatu

Indusketa batean, aztarnategian aurkitutako objektu edo material bakoitza (harria, egurra, metalak, zeramika...) beti identifikatu eta sailkatzen da hasieratik, zuzeneko analisi baten bidez, hainbat zehaztasun deskribatuz, adibidez: aurkitu den koordenada geografikoak, funtzionaltasuna (beti-beti egin ezin daitekeena), kronologia (erlatiboa), tipologia (izan alderdi kronologikoak, kulturalak, sozialak, artistikoak, psikologikoak...) eta jatorria (materialaren eta propietateen ezaugarriak). Deskribapen guztiak material arkeologikoen inbentario-fitxa batean idatzi ohi dira, gero, laborategian zehaztasun handiagoz aztertu ahal izateko, non egitura, konposizio kimikoa, propietateak, apurtuta dagoen edo piezaren bat falta zaion aztertuko da eta, zenbait kasutan, marrazki arkeologikoa edota argazkia egingo zaio. Artefaktu eta beste hondar arkeologiko organikoak datatzeko sistema ezagunena Karbono 14aren metodoa da.

Artefaktu bereziak: zeramika

aldatu

Zeramika: Neolitoan asmatutako beste teknika bat, likidoak garraiatzeko eta elikagaiak su gainean prestatu eta gordetzeko urte-sasoi desberdinetan. Ura, buztina eta deskoipeztatzaileak (harritxoak, hondarrak, hezurtxoak etab.) nahasiz ore bat prestatzen zuten, eta nahi zen era eta tamaina eman ondoren, labean egosten zuten gogortu arte.[2]

 
Zeramikazko ontzi baten marrazki arkeologikoa. Aurkitu diren piezak batzen dira, eta falta dena estrapolatzen da.

Neolitotik aurrera, indusketa arkeologikoetan ugarien agertzen diren artefaktuak Zeramikazko objektuak izaten dira, gure arbasoek asko erabili izan duten materiala baita, sendotasun eta euren erresistentziari esker, luzaro galdu gabe irauten dutelako. Metalak eta harriak ere erresistenteak dira denboraren joanean, baina ez haiek moldatzea ez da horren erreza, eta beraz, ez dira hain ugariak (metalezkoen kasuan) edo ez ditugu hainbeste forma ezberdin topatuko (harrizkoen kasuan). Zeramika, buztin lodiz eta lokatz-pastaz osatua hasieran, kultura edo behar bakoitzaren araberako ezohiko formak sortzea ahalbidetzen zuen. Sormenerako aukerak ere biderkatu zituen lehengai horrek. Gainera, materiala tenperatura altuetan sutan errez, buztinak beiratzen hasi ziren, hau da solido bilakatzen. Bestalde, objektuaren funtzioaren edo dagozkien giza taldeen kultur ohituren arabera dekorazioak erabiltzen zituzten. Horri esker, zeramikazko objektuak kultura eta garai kronologiko bat identifikatzeko oso baliotsuak dira etnografian zein arkeologian.

Normalean, zeramikazko artefaktuek, hala nola poteak, lapikoak, anforak eta beste batzuk, solido eta likido batzuen biltegiratze funtzioa zuten, oro har jangarriak zirenak. Horietako asko hilobietan aurkitu dira, hilobi-hatuetan edo hildakoaren gorpuzkiak gordetzen. Herriak edo hiriak izandakoetan ere aurkitzen dira.

Fabrikazio-katea eta erabilera-jarduerak

aldatu
 
Kobrezko zapa

Fabrikazioan, objektu jakin bat exekutatzeko, lehenik eta behin egileak, bizi zen eremuan aurkitzen zen beharrezko materiala lortu behar zuen, ondoren, aurkitutako materiala hautatzen zuen, egin nahi zenuenari egokia izan behar baitzuen, eta azkenik, prozesatu egiten zuen. Materiala nahi den objektuaren lehen hurbilketa batera egokitzen zuen eta, diseinua egin ondoren, bere ekoizpenari ekiten zion.

Objektua egiten zenean, pertsona bakarrak edo hainbatek egiten zuten. Jende multzo batek eginez gero, bakoitzak, kate-prozesuan urrats bat ematen zuen. Kate-prozesua ez zen beti amaitzen objektua saldu edo ematen zenean, erabilera edo erabiltzaile jakin batetara egokitzeko aldaketak egin ahal zitzaizkion eta.

Fabrikazio-katearen aztarnak

aldatu
 
Levallois laska bat lortzeko prozesua. Silexezko nodulua prestatzen da eta ondoren, laska atera.

Kate-prozesu honetako aztarnak ere detekta daitezke arkeologiaren bidez. Batzuetan, prozesuaren hondakinak aurki ditzake arkeologoak; adibidez, gizakiak Paleolito garaian harrizko lanabesak egiten zituenean, harri pusketa asko geratzen ziren lurrean erorita edo alde batera utzita, "tailerrak" izenez ezagutzen diren eremuetan. Urbasan, Paleolitoko tailerra aurkitu da, eta bertan, harrizko noduluak eta hondakinak[3][4]. Metal aroetan, bestalde, ohikoa da metalezko zapak aurkitzea. Objektuak fabrikatzeko erabiltzen den tresneria eta azpiegiturak ere aurki daitezke: labeak, moldeak, zeramika egiteko tornuak, etab.

Erabilerak aztarnak uzten ditu artefaktuetan. Eskuko errotetan, adibidez, marruskadura markak nabariak izaten dira. Beste batzuetan, mikroskopioak erabili behar dira higadura arrastoak aurkitzeko, adibidez, labana moduan erabili ziren harrizko tresnen ahotan. Sukaldean ibilitako zeramiketan, suak zantzuak uzten ditu kanpoko geruzan, eta barrualdean, gorde izan dituen sustantzia organikoak erre detektagarriak izaten dira laborategiko teknologiekin[5]. Horiek eta antzeko fenomenoak kontuan hartuta, artefaktuen erabilera ikertu daiteke eta erabili zituen herriari buruz informazioa eskuratu.

Inbentarioak

aldatu

Arkeologian oso ohikoa izaten da artefaktuen inbentarioak egitea. Objektu tipo bakoitza marrazten da, kode bat ematen zaio, beste ezaugarri batzuk deskribatzen dira eta kronologikoki sailkatzen dira. Horrela arkeologoek tipologien inbentarioak erabili ahal izango dituzten indusketak identifikatzeko, kulturalki zein kronologikoki.

Erreferentziak

aldatu
  1. Arkeologia Hiztegia. Eusko Jaurlaritza, 15 or..
  2. Historiaurrea Euskal Herrian.. Euskomedia Fundazioa.
  3. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Ignacio; Cava, Ana. (1986). «Yacimiento de Portugain (Urbasa, Navarra). Informe preliminar sobre las campañas de excavación de 1984 y 1985» Trabajos de arqueología Navarra 5: 7-18..
  4. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Ignacio. (2007). «El taller gravetiense de Mugarduia sur (Navarra): identificación y cronología» Zephyrus 60: 15-26. ISSN 0514-7336..
  5. (Ingelesez) Dunne (konpilatzailea), Julie. (2017). Organic Residue Analysis and Archaeology. Guidance for Good Practice. Historic England.

Bibliografia

aldatu
  • (es) Renfrew, C. eta Bahn, P. 1993: Arkeologia. Teoriak, metodoak eta praktika. Madril: Ediciones Akal.
  • (it) Mannoni, Tiziano eta Giannichedda, Enrico, 1996 Archeologia della produzione. Piccola biblioteca Einaudi. Storia e Geografia. Turin: Einaundi. ISBN 9788806211837
  • (es) Mannoni, Tiziano eta Giannichedda, Enrico. 2007. Arqueología Materias, objetos y producciones. ISBN: 9788434467125. Aurrekoaren gaztelaniazko bertsioa da.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu