Antxone Telleria Mendia

irakaslea, biktima

Antxone Telleria Mendia (Lekeitio, Bizkaia, 1956ko otsailaren 26a) irakaslea da. 2012ko azaroan, indarkeria politikoaren biktimatzat jo zuen Eusko Jaurlaritzak beste zazpi kiderekin batera. Talde horretako bizirik dagoen bakarra da.[1]

Antxone Telleria Mendia

Bizitza
JaiotzaLekeitio1956ko otsailaren 26a (68 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Biografia aldatu

Antxone Telleria Lekeition jaio zen. Derion (Bizkaian) egin zituen irakasle ikasketak eta Azkue Lekeitioko Ikastolan aritu da irakasle.[1]

1977ko otsailaren 26an itxialdi bat egin zen Lekeitioko elizan amnistiaren alde, bertan Antxone zegoelarik. Momentu batean abadea sartu zen elizan, eta  kanpoan guardia zibilek eliza inguratuta zeukatela eta sartu egingo zirela esan zuen. Itxialdian egon ziren  pertsonak (200 inguru)  irteten hasi ziren. Guardia zibilek karrajoa egin zuten elizatik irtetean, eta jotzen hasi ziren irteten zirenei. Antxonek izugarrizko jipoia jaso zuen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Kalte handiak izan zituen batez ere buruan: buruhezurrean haustura, odolbatua buruan, aurpegia apurtuta…Oroimena ere galdu zuen, ez da gogoratzen elizatik irten zenean gertatutakoa, ez eta ospitalean egon zeneko denboraldikoa. Berrogeita sei egun egin zituen Gurutzetako ospitalean neurologia atalean eta ZIUan.[1]

Ebakuntza mordoa izan ditu. Mokorreko hezurraz aurpegiaren ezker aldea berregin zioten, eta begia zentimetro eta erdi beherago gelditu zitzaion. Gainera beste kalte batzuk era izan ditu, diplopia, ondo ibiltzeko arazoak…, horiek guztiak fisikoak, psikologikoak kontuan hartu gabe.[1]

2012ko azaroan Eusko Jaurlaritzaren Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak indarkeria politikoaren lehen zortzi biktimak aitortu zituen. 1960 eta 1978 artean izandako biktimei erreparazioa ematen hasi zen gobernua. Lehen zortzi biktimak hauek izan ziren: Angel Otaegi Etxeberria, Jon Paredes Manot “Txiki”, Antonio Fernandez Elorriaga, Francisco Javier Nuñez Fernandez, Segundo Urteaga Perez de Unzueta, Francisco Javier Batarrita Elexpuru, Alberto Soliño Mazachs eta Antxone Telleria.[2]

Hainbeste urtetan «ahaztuta eta estalita» egon diren biktima horiei denei ekitaldi «xumea» eskaini zien gobernuak, Idoia Mendia Justizia eta Herrizaingo sailburuaren eskutik.[3]

Urte luzeetako bazterketa, diskriminazio eta isiltasunaren ostean, gertatutakoa onartu eta aitorpena jendaurrean egitea pauso garrantzitsua dela uste du Antxone Telleriak, oraindik egiteko asko dagoela nabarmenduz.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d «'Biktimen gainean berba egiteko, bizi zen egoera politikoaz berba egin behar da'» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  2. Berria. «Biktima aitortuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  3. Fundazioa, Egiari Zor. «Heriotza eta giza eskubideen urraketa pairatu dituzten hainbat persona onartu di...» egiarizor.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  4. «Antxone Telleria indarkeria politikoaren biktima dela aitortu du Jaurlaritzak - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2012-11-20 (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).

Kanpo estekak aldatu