Anglikanismo
Anglikanismoa edo Eliza Anglikanoa kristautasunaren hiru sineste nagusietako bat da. Ingalaterrako Eliza ofiziala 1534an sortu zen, bertako errege Enrike VIII.ak Aita Santuarekin eta Erromako elizaren doktrina, instituzio eta printzipioekiko loturak hautsi zituenean. XVI. mendeko Erreformaren inguruan Erromako katolizismoaren eta kalbinismoaren artean eratu zen anglikanismoa, Ingalaterrako Eliza nazional (Church of England) gisa. Horren sorreran daude Klemente VII.a aita santuak Henrike VIII.a erregearen ezkontza baliogabetu nahi ez izatea, Erromarekiko independentzia politiko eta ekonomikoaren aldarrikapena, Elizaren ohituren aldaketa eta doktrina luteranoaren eragina.
Historia
aldatuXIV. mendetik aurrera parlamentu ingelesak mugatu zuen Ingalaterrak Erromako Aita Santuarekiko zuen mendekotasuna. Joera hori areagotu egin zen John Wyclifek bultzaturiko aitasantutzaren aurkako mugimendua («lollards») zela eta. Baina Henrike VIII.aren ekintza batek ekarri zuen benetako zisma: dibortzioa nahi eta Aita Santuak onartu ez ziolarik, Henrike VIII.ak Ingalaterrako Elizako buruzagi izendatu zuen bere burua (1534). Erreforma, Thomas Cromwell bikario nagusiaren laguntzaz garatu zen (Luteroren dotrinen kutsu nabarmena duten Hamar Artikuluak, 1536). Katolikoen erantzunaz, Cromwell hil eta protestanteen kontrako esetsaldia hasi zen. Eduardo VI.aren erreinaldian, Erreforma anglikanoarekin, Ingalaterrako Elizak hainbat ezaugarri hartu zituen, geroztik haren nortasun anglikanoa eratu dutenak; hartara, Prayer Book (1552) eta Berrogeita Bi Artikuluak (1553, kalbinistak) aldarrikatu ziren ofizialki. Maria Tudor katolikoak Ingalaterra Erromako elizara bildu eta protestanteen kontrako esetsaldiari ekin zion (273 hildako). Ingalaterrako elizak Elisabeth I.aren erreinaldian hartu zuen orain arteko eitea. Aldaketa batzuk egin ondoren, Prayer Book eta Berrogeita Bi Artikuluak nagusitu ziren (1563): teologiak kutsu kalbinista hartu bazuen ere, liturgiak eta hierarkiak ezaugarri katolikoak gorde zituzten.
Britainiar Inperioarekin batera, anglikanismoa munduko beste herrialde batzuetara zabaldu zen: Ipar Amerika, Afrika, Asia, Ozeania. Horietan sorturiko Eliza autonomoen eta Ingalaterrako Elizaren artean Anglican Communion sortu zuten, gaur egun anglikanismoa ere deitzen dena. Bi oinarri ditu horrek: Canterburyko artzapezpikuaren antzinatasuna eta lehentasuna eta XVI. mendean "Book of Common Prayer" liburuan definituriko irakasbidea eta jardunbidea. Lambetheko konferentzia da Komunio Anglikanoaren bateragunerik nabarmenena eta anglikanismoaren adierazpide nagusia.
2014ko abenduaren 16an, emakumezko bat apezpiku izendatu zuten lehen aldiz[1].
Doktrina
aldatuHiru dira anglikanismoaren oinarrizko dokumentuak: "English Bible", "Book of Common Prayer" (elizkizunen, errituen eta liturgiaren liburua) eta "29 Artikuluak" (XVI. mendeko Erreformakoan eztabaidapean zeuden irakasbidezko gaiei buruzko erabaki dogmatikoa definitzen duen formula-multzoa). Eliza kristauen artean, katoliko eta apostolutar aitortzen du anglikanismoak bere burua. Apezpikuen aginpidea onartzen du eta baita apostoluekiko haien etengabeko jarraiera ere: hau da, oraingo apezpikuak Jesukristoren apostoluen ondorengoak direla. Beraren egituraren oinarrian diozesi edo elizbarrutia dago, hain zuzen ere, apezpikuak eraendua. Elizbarrutia, berriz, parrokietan banatzen da, bakoitza artzainaren ardurapean. XVI. mendeko Erreformatik sortua, anglikanismoa eliz egiturari, sakramentuei eta fedezko irakasbideari dagokienez, katolizismotik hurbil geratu zen.
Eliza anglikanoak ez du Erromako aitasantutza onartzen; era berean, Eliza katolikoak ez du apezpiku anglikanoen jarraiera apostolutarra ezagutzen, ezta apaiz anglikanoen ordenazioaren balioa ere. XIX. mendean hasi ziren bi elizen arteko hurbilketa eta batasunerako ahaleginak eta hainbat urrats garrantzizko egin dituzte bide horretan. Hala ere, lehengoez gain, bestelako oztoporen batzuk gaineratu dira bi elizen jarrera ofizialetan: moraleko irakatsiren batzuk eta emakumeen apaiz-ordenazioa. Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren, bi elizen arteko teologiazko aldeak aztertzen jardun da bi aldeetariko batzordea, batasunerako bidea urratzeko asmoz.
Ikus gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/09/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Emakumezko bat apezpiku izendatu dute anglikanoek», Berria, 2014-12-18